Euskal Taldeak “soilik bai da baietz” legearen espiritua defendatzen du eta Auzitegi Gorenak esango duenaren zain geratzea proposatu du

Joseba Agirretxea diputatu jeltzaleak adierazi du EAJ-PNV ez dela inprobisazioaren eta populismoaren mende eroriko, eta, beraz, “Auzitegi Gorenak zer bide ezartzen duen” ikusi arte itxarongo duela esan du “gure erantzukizunaren arabera jarduteko”
29
Azaroa
2022
Kongresua
PARTEKATU
29 Azaroa 2022 | Kongresua

Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeak gaur defendatu du Espainiako Gobernuaren “soilik bai da baietz” legearen espiritua, eta esan du adostasunetik kanpo dagoen guztia emakumearen sexu-askatasunaren aurkako erasoa dela. Joseba Agirretxea diputatu jeltzale eta Berdintasun batzordeko bozeramailearen esanetan, Sexu Askatasunaren Berme Integralaren Lege Organikoaren ardatz nagusia emakumearen baimena erdigunean jartzea da, eta esan du EAJ-PNVk ez diela eztabaidei ihes egingo, “ezta inprobisazioan edo populismoan eroriko ere” eta, beraz, “Auzitegi Gorenak edozein erabaki hartu aurretik zer bide ezartzen duen ikusi arte itxarongo dugu”. “Itxaron dezagun, ikus dezagun, eta ekin diezaiogun”.

Agirretxeak Alderdi Popularrak “soilik bai da baietz” legea berrikustea proposatzen zuen ekimen ez-legegile bati buruzko eztabaidan hartu du hitza eta bertan popularrei deitoratu dienez “ zuen proposamenak ez du balio konpondu nahi duzuena konpontzeko, Hemiziklo honetatik jaisten diren eta sare sozialak eta iritzi publikoa zeharkatzen duten ur nahasitik probetxua atera nahi duzuelako”.

Diputatu jeltzaleak era berean hitz egin du lege berria aplikatu denetik delitu sexualen zigorretan eragiten ari diren murrizketez “ezin da entzungorrarena egin”, esan du, baina ildo beretik azpimarratu duenez zigorrak berrikusi behar dituzten epaileen artean “ez dago irizpide bakar eta bateratua”. “Sexu Askatasunaren Berme Integralaren Legea presaz berrikustea Gobernuari eskatu baino lehen, ez ote da egokiena denok Auzitegi Gorenak ezarriko duen irizpidea ezagutu arte itxarotea?”, galdetu die Agirretxeak Kongresuan zeuden diputatuei.

Azkenik, Euskal Taldeko Berdintasunerako bozeramaileak Goi Auzitegiak gaur ezagutzera eman den Arandina kasuaren inguruan emandako epaia aipatu du. “Oraindik epaia ez dugu ezagutzen, eta ezin dugu esan doktrina ezarri denik epaia bere osotasunean izan arte eta jurisprudentzia finkatzeko elementu konparatibo nahikoa diren beste ebazpen batzuk egon arte”.

«Itxaron egin behar da Auzitegi Gorenak legedi batetik besterako iragankortasuna nolakoa izango den argitu arte, eta, hala badagokio, botere legegile gisa jardungo dugu, gure erantzukizunean oinarrituta», adierazi du Agirretxeak.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ