EUDELek udalen funtsezko zeregina defendatu du, Euskadik dituen erronken aurrean instituzio kolaboratzaile eta herritarren konpromisoaren “aktibatzaile” gisa

Laudion gaur goizean egin den Batzar Orokorrean Gorka Urtaran elkarteburuak azpimarratu duenez, aldaketa sakoneko testuinguru hau “udalgintzarentzat aukera-une bat da, eta aprobetxatu egin behar da”
EUDELek udalen funtsezko zeregina defendatu du, Euskadik dituen erronken aurrean instituzio kolaboratzaile eta herritarren konpromisoaren “aktibatzaile” gisa
16
Azaroa
Berria
PARTEKATU
16 Azaroa | Berria

EUDELen Batzar Orokorra dela eta, hiru lurralde historikoetako alkateak elkartu dira gaur goizean Laudioko Kasinoa eraikinean, tamaina guztietako udalerrien eta hainbat eratako sentsibilitateen ordezkariak. Euskal udalgintzaren topaketa hori bereziki garrantzitsua izan da, tokiko agintaldi honetako azken ohiko bilera izan baita; izan ere, 2023ko maiatzean hurrengo udal-hauteskundeekin amaituko da agintaldi hori.

Laudioko alkate eta EUDELeko Batzorde Eragileko kide Ander Añibarrok esan ditu ongietorria emateko hitzak, 11:30ean. EUDELeko elkarteburu eta Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gidatu du Batzarra, eta, hitzartze nagusian, 2023an lehentasunezko jarduera-ildoak izango direnak aurkeztu ditu.

Bestalde, elkarteburuorde eta Azpeitiko alkate Nagore Alkortak eta Jose Antonio Santano elkarteburuorde eta Irungo alkateak 2021eko urteko kontuak eta 2023ko ekitaldirako Elkartearen aurrekontua aurkeztu dituzte, hurrenez hurren; aurrekontua 3.407.793,71 eurokoa izango da.

Egindako hitzaldian zehar, EUDELeko elkarteburuak eskerrak eman dizkie Batzorde Eragileko alkate kideei. Urtaranek horien konpromisoa, ahalegina eta erantzukizuna aitortu ditu: “Elkarrekin ari gara lanean, udalerrien ‘ahotsa’ izateko. Gure arteko desberdintasunen gainetik elkarrizketa eta adostasuna bilatzeari esker funtzionatzen duen udalgintzaren motorra gara”. “Askotariko 251 errealitateren identitatea errespetatuz”, nabarmendu du.

Gorka Urtaranek balioa eman dio egungo agintaldian bizi izandako “aurrekaririk gabeko” egoeren aurrean beti lehen lerroan egon diren udalen “erantzun eredugarriari”, hala nola COVID-19aren pandemia edo Ukrainako errefuxiatuen harrera.

EUDELeko elkarteburuak egungo testuingurua “ziurgabetasunezkotzat” jo du, gerrak eragindakoaren ondorioz, bai eta euskal gizartean aldaketa sakonekotzat ere. Era berean, hau adierazi du: “Euskal udalgintzarentzat aukera-une bat da, eta aprobetxatu egin behar dugu”.

Hitzaldiaren gidalerro nagusia udalen lidergoa izan da, gizartearen eta planetaren garapen iraunkorrarekin konprometitutako herritar solidarioen “eragile” diren aldetik. “EUDELen daukagun helburua da eraldaketa sozial, ekologiko eta digitala bultzatzea, udalerriz udalerri, tokiko ekintza bakoitzak eragin biderkatzailea izan dezan”.

Lehentasunezko erronkak, 2023an

Gaurko Batzarrean, EUDELek 2023ko jarduera-ildoak aurkeztu ditu; euskal udalgintza bultzatzea eta laguntzea dute ardatz, batetik, barne-erronkei dagokienez, bai udal gisa bai Elkarte gisa, eta, bestetik, herrialdearen, Euskadiren eta bertako udalerrien erronkei dagokienez.

  • Bi barne-erronka: kohesio instituzionala eta kohesio emozionala bultzatzea

Kohesio instituzionala: euskal udalen interes orokorren defentsa eta ordezkaritza egitea, haiek ukitzen dituzten erabakiak hartzen diren lekuetan; hala, euskal arkitektura instituzionala osatuko da. Tokiko autonomia eta finantza-nahikotasuna (Tokiko Gobernuen Batzordea). Esperientzia-trukea udalen artean.

Adibidea: egonkortze-prozesuak, EUDELen eta foru aldundien arteko lankidetza

Kohesio emozionala: euskal gizartearen balioak, balio demokratikoak eta Europako espiritua sustatzea. Giza Eskubideak. Elkartasuna, aniztasuna, elkarbizitza baketsua, tolerantzia. Identitatea, ohiturak, kultura, hizkuntza.

Gorka Urtaran: “Ezin ukituzko balioak dira guztiak ere, eta gizarte gisa batzen gaituzte, komunitatea areagotzen dute, hemengo izatearen sentimendua pizten dute, gure hiriekin eta herriekin dugun konpromisoa eta inplikazioa indartzen dute”. “Kohesio emozionalak, euskal gizarte gisa, gugandik onena ateratzen du” gehitu du elkarteburuak.

Euskaraldia

“Euskal komunitatea egitearen” eredu gisa, EUDELeko elkarteburuak Euskaraldia aipatu du. Batzarrean dei egin du ekimen horretan parte hartzera; ostiralean hasiko da, azaroaren 18an, eta 15 egunez egingo da: “EUDELen bat egiten dugu euskararekin, ondare linguistiko edo kultural bat ezezik, euskal gizartearen lehiakortasunerako eta kohesio emozionalerako tresna ere delako. Euskararen erabilera sustatzeko eta herriz herri eragiteko herritarren artean, udaletan, kaleetan, etxean, lagun artean…”

Toki-erakundeak egonkortzeko eta sendotzeko prozesuak

Herri Administrazioetan bitarteko langileak egonkortzeko (lehiaketa) eta sendotzeko (lehiaketa-oposizioa) prozesuak arautzen dituzten oinarriak aurtengo abenduaren 31 baino lehenago onetsi behar dira, eta 2024ko abenduaren 31 baino lehenago gauzatu.

Foru aldundiek kontabilizatutako datuen arabera, EAE osoan, hiru hiriburuak alde batera utzita, enplegu publikoko 3.477 plaza eskaini dira 234 toki-erakundetan. % 90 merezimendu-lehiaketako prozesuetarako dira, azterketa egin beharrik gabekoak.

Lurralde historiekoen araberako banaketa: Araban, 289 plaza 51 erakundetan; Bizkaian, 1.943 plaza 102 erakundetan; Gipuzkoan, 1.245 plaza 81 erakundetan.

Ehunka prozesu izango dira, eta udal gehienek ez dute ez baliabide materialik ez giza baliabiderik prozesu horiek aurrera eramateko. Hortxe dago, hain zuzen, Euskadiko Udalen Elkartearen eginkizun nagusia, lurralde historiko bakoitzeko prozesu bateratuak koordinatzeko ardura bere gain hartuta, toki-erakunde guztiek dagozkien deialdiak gauzatu ahal izan ditzaten.

Horretarako, Batzorde Eragilearen lidergoz eta adostasunez, EUDELek euskal errealitatera egokitutako metodologia diseinatu du, berme juridiko guztiak biltzen dituena. Lehiaketa-prozesuetarako lehenengo oinarri bateratuak prestatu ditu. Oinarri horien arabera, administrazioan izandako esperientziari % 80a eman diote balorazioan, lehentasuna eskainiz erakunde deitzailean izandakoari, eta % 20a, ostera, merezimenduei, besteak beste, prestakuntzari, hizkuntzei edo gaitasun digitalei.

Oinarri orokorrak guztientzakoak dira, baina erakunde bakoitzak egokitu ahal izango ditu oinarri espezifikoak, eta esperientzia-urteei edo merezimenduen tipologiari buruzko aukeren menu batean aukeratu ahal izango du. Horren bitartez, EUDELek erakunde bakoitzaren beharrei hobeto erantzun nahi die.

“Tresna” hori borondatezkoa da, eta tokiko autonomia errespetatzen du, tokiko erakunde bakoitzak erabakitzen baitu erabili ala ez. Edonola ere, EUDELen oinarriak onestea ezinbestekoa da foru aldundien laguntza izateko; izan ere, foru aldundiak laguntzaile dira prozesu horretan, epaimahai kalifikatzaileak eratuz eta foru-aplikazio informatikoa eskainiz.

Lurralde bakoitzean egin beharreko urratsei dagokienez, Elkarteak etengabe ematen die udalerriei horien berri, informazio-jardunaldien eta aldizkako zirkularren bidez.

Hiru herrialde-erronka: hiru trantsizio hauei aurre egitea, alegia, trantsizio sozial-demografikoari, ekonomiko-digitalari eta

Trantsizio sozial-demografikoa: erronka demografikoa; erantzun egokia ematea jaiotza-tasa baxua dela-eta dagoen belaunaldi-erreleboari, gizartearen zahartzeari, jatorri-aniztasunari; erronkak, etorkinen hurrengo belaunaldiekin.

Trantsizio ekonomiko-digitala: lankidetzan aritzea gainerako erakundeekin fabrikazio aurreratua sustatzen, bai eta espezializazio ekonomikoan, espezializazio zientifiko-teknikoan, eta, oro har, euskal ekonomiaren oinarri diren sektore industrialen trantsizioan ere.

Aurrera egitea zerbitzu publikoen digitalizazioan eta administrazio elektroniko, irisgarri eta inklusiboan.

Trantsizio energetiko-klimatikoari:

EUDELeko elkarteburuak energia-eraginkortasunaren eta energia berriztagarrien aldeko apustu irmoa egin du: Udalok zeregin aktiboa eta giltzarria dugu klima-aldaketari aurre egiteko, gure udalerrietan berriztagarriak bultzatuz.”

Finantzaketa-tresna gisa, EUDELek arreta berezia jarri du Europako Funtsak ekarriko duen aukeran. “Herri eta hirietako proiektu eraldatzaileak bultzatzeko beharrezko funtsak dira, gure lehiakortasun ekonomikoa hobetzeko gizarte- eta ingurumen-politiken bitartez”.

Elkarteak Next Generationeko deialdietan zerbitzua ematen die toki-erakundeei, batez ere neurri txikienekoei. Gaur egun, 187 udalek 122 M €-tik gorako kopurua jaso dute. Funts horiek udal-eskumenak biltzen dituzte, besteak beste: mugikortasun iraunkorra, hiri-berroneratzea eta energia-eraginkortasuna (% 66); turismo-sektorea modernizatzea eta lehiakor bihurtzea (% 28,2); tokiko ETEak bultzatzea (% 2,8); konektagarritasun digitala, zibersegurtasuna eta 5Ga (% 2,9) eta Lanbide Heziketa (% 0,1).

2030 Agenda: GJHekin lerrokatutako aurrekontuak

Helburu global guztiek tokiko gobernuen erantzukizunekin zuzenean lotuta dauden jomugak dituzte”. Iazko Batzarrean, EUDELek tokian tokiko bultzada duten 15 proiektu aurkeztu zituen, udalerriek Euskadiko Agendari egindako ekarpen gisa. Aurten, proiektu aitzindari bat abiaraziko da berdintasunaren esparruan: ikuspegi feministadun zaintza erantzunkideen tokiko eredua bultzatzea.

Zaintzaren tokiko sareen eredu bat eraikitzean datza, zaintza bizitzaren erdigunean jartzearen paradigma oinarri hartuta, gizarte zerbitzuetatik eta komunitatetik abiatuta, eta zaintza-sisteman inplikatuta dauden eragile guztien arteko aliantzak lortuta.

Erakundeen arteko lankidetzaren testuinguruan, EUDELek bere ibilbide propioa sustatu nahi du 2030 Agendan. Hil honetan, Elkarteak EAEko udal guztien eskura jarri du udal-aurrekontuak Garapen Jasagarrirako Helburuekin lerrokatzeko lehenengo metodologia bateratua. Metodologia ikusi

Estatu mailan, tresna aitzindaria da, GJHak udal-errealitatera “jaisten” dituen lehena; horretarako, GJH bat edo batzuk identifikatu dira 92 programa funtzionaletarako, 24 gastu-politikatan multzokatuta.

3 tresnak osatu dute metodoa: prozesuaren Gida praktikoa, aurrekontua lerrokatzeko Excel bat, eta herritarrei komunikazioa bideratuko dien emaitzen txosten bat. Tresnak garapen iraunkorraren lau dimentsioak biltzen ditu: gizartea, ekonomia, ingurumena eta gobernantza (zeharkakoa).

Ekimen berritzailea da, eta 2023ko udal-aurrekontuak itxita daudela iritsi da; horrenbestez, aurten, tresna “pilotu” moduan balio ahalko du, hobetzeko eta hurrengo ekitaldietan udalen aurrekontu-kudeaketan integratu ahal izateko.

Iturria: EUDEL

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ