Autonomia erkidegoek unibertsitatean sartzeko proba propioa egin behar dutela aldarrikatu du Rosa Peralek

EBAUren “helburu homogeneizatzailea” salatu du, eta euskal idiosinkrasia eta EAEk hezkuntza arloan dituen eskumenak errespetatzea eskatu du
15
Azaroa
Senatua
PARTEKATU
15 Azaroa | Senatua

EAJ-PNVko Rosa Peral senatariak autonomia erkidegoek unibertsitatera sartzeko beraien probak egin behar dutela aldarrikatu du. Gaurko Gobernuaren kontrol-saioan, Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministroari jakinarazi dio EBAUren eredu berria administrazio publikoekin adostu behar dela; “Garaiz gaude adostasunetik egiteko, tartean dauden eragileei entzunda, eskumenak errespetatuz, oinarri komun batetik abiatuta, autonomia-erkidegoek egin dezaten beren EBAU propioa, orain arte egin den bezala”.

Peralek Pilar Alegria ministroari berretsi dio EAJ kezkatuta dagoela aurreikusitako proba “homogeneizatzeko ahaleginagatik”, eta euskal idiosinkrasia eta EAEk hezkuntzaren arloan dituen eskumenak errespetatzea eskatu du, curriculumaren %50 zehazten baitute. Gainera, hizkuntza koofizialetako berariazko azterketak kentzearekin ados ez dagoela adierazi du, hizkuntza ezberdinak konbinatuko dituen proba bakar batek ordezkatuko lituzkeelako. “Irakasgaien arteko koordinazio-zailtasunak ekarriko lituzke”.

Azkenik, Ministerioak autonomia-erkidegoei aurkeztutako proposamena, probaren behin betiko ezarpena 2026-2027 ikasturtera atzeratzekoa, “ez dela nahikoa” jakinarazi du, izan ere LOMLOEra egokitzeko curriculum berriek aldaketa handiak dakartzate irakasle eta ikasleen ikaskuntzan. “Hezkuntza-komunitate osoak egokitu behar du hezteko eta ebaluatzeko modu berri batera, eta aldaketa horiek progresiboak izan behar dute, egonkortasunaren eta lasaitasunaren esparruan”, adierazi du.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ