Itxaso Atutxak aurreratu du baldintza egokiak ematen direla EAJ-PNVk babes dezan Melillan gertatutakoa ikertuko duen batzordea

BBBko buruak aditzera eman duenez Gobernuaren indarren jarduerari buruzko edozein zalantza “guztiz onartezina” litzateke
09
Azaroa
BBB
PARTEKATU
09 Azaroa | BBB

OHARRA: Elkarrizketaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

Itxaso Atutxak, Bizkai Buru Batzarraren presidenteak, Onda Vasca irratiari eskainitako elkarrizketan aurreratu du baldintzak ematen direla EAJ-PNVk babes dezan Kongresuan ikerketa batzorde bat eratzea iragan uztailean Melillako hesian gertatutakoak argitzeko. Bere ustez orain une “egokia” izan liteke gertatutako guztiaren inguruko informazio guztia jaso eta aztertuko duen batzordea sortzea babesteko.“Gobernuko arduradunen aldetik egin denari buruzko edozein zalantza, guztiz onartezina izango litzateke”, baieztatu du.

Azaldu duenez, EAJ-PNV zain zegoen joan den astelehenean Kongresuko Barne Batzordeko ordezkaritza batek hiri hartara bisita egin arte, egoera aztertzeko. Mikel Legarda diputatua joan zela gogoratuz, burukideak adierazi du une aproposa dela Espainiako Parlamentuko ikerketa batzorde baten inguruan beharrezko datu guztiak lortzeko. Zentzu horretan gaineratu du erantzukizun politikoak "Parlamentuan bertan ebatzi" behar direla eta ”nork bere erantzukizunei erantzun behar diela”.

Atutxak Euskadiko aurrekontuen eta Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuaren eta gainerako alderdien arteko negoziaketa prozesuaren inguruan hitz egin du. Zentzu honetan nabarmendu du berak “botila erdi beteta” ikusten duela eta baloratu du “ateak ixten ez direla eta batzuek diotenez behintzat iazko jarrera berberarekin edo antzeko jarrerarekin doazela; eta ez da txarra, iazko emaitzak onak izan zirelako”, esan du EH Bildurekin 2022ko kontuei begira adostu den akordioaz. Bere ustetan ona da hiritargoari transmititzea gehiengo kontuak alde batera utzita “alderdi ekonomiko eta sozialean gogorra den momentu batean” alderdi politikoak “neurria” ematen ari direla. Horregatik, “esfortzu” bat egin behar dela “are gehiengo zabalagoak lortzeko”, “une zail eta latzetan herri akordio zabalak adostera begira”.

BBBren buruak gaurko elkarrizketan hitz egin du Jose Barrionuevo Barne ministro ohiak GAL-en ekintza terroristak justifikatuz esan dituen “hitz deitoragarriez”. PSOEk “PSE-EE bezain ausarta edo irmoa izan beharko luke, ez baitu jarrera bat hartzeko inolako zalantzarik izan”, baloratu du. Era berean gogoratu du Barrionuevo gobernu sozialistaren ministro izan zela eta esan du berak nahiko lukeela "orduko Gobernuko presidenteak (Felipe González), berrikitan Pedro Sánchezekin kanpaina egiten ibili denak, Euskadiko sozialistek egin dituztenak moduko hitz borobilak esatea".

Irratiz egin den elkarrizketa berean Itxaso Atutxak baloratu ditu Gernika-Lumoko koalizioaren egoeraz azken egunotan argitaratu diren informazioak, eta esandakoei buruzko ñabardura batzuk egin nahi izan ditu. Atutxak gogoratu du EAJ-PNVren eta José Mari Gorroñoren arteko elkarlana 2015ean hasi zela “Gernikaren aldeko apustua egiteko, Urdaibairen eta eskualde osoaren onbeharrez”, eta “hiritargo osoaren onerako”, “irizpide pertsonal edo partidistak gaindituz”, eta “uste dut planteamendu horrekin jarraitzen dugula”, baloratu du. “Orain bai, 2019an esan genuen 2023ko udal hauteskundeetan aliantza horretan jarraitu ahal izango genuela baina EAJ-PNVko ordezkari baten lidergopean, José Mari Gorroñoren lantaldeko jendea integratuz, jakina”. Zentzu horretan, iragan uztailetik hona gai horren inguruan hitz egin duten momentuen kronologia egin du eta baloratu du EAJ-PNV “leiala” izan dela momentu guztietan. “Orain pazientzia izan behar dugu”, nabarmendu du. “Bi talde bateratuz koalizio bakar bat osatu zuen indarra gara eta programa bat daukagu hemendik eta hurrengo zazpi hilabeteotan bete behar dena, eta uste dut normaltasun osoz amaitu ahal izango dugula”, azaldu du. Eta aldi honetan “eta uste dut hori beraiek ere jakin badakitela, gure ateak irekita jarraituko du 2015ean eta 2019an bezala, eta alkateari uda osoan errepikatu diodan bezala, EAJ-PNVk aurkeztuko duen zerrendan Jose Mari Gorroñoren lantaldeko kideak joan daitezen. Argi baino argiago dago guk Gernikaren alde lan egiteko batasun horretan sinesten dugula, Xabier Irazabalen lidergopean, hori bai”, amaitu du.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ