Itxaso Atutxak “erantzukizuna” eskatu die alderdi politikoei Euskadin aurrekontuak adosteko

BBBren presidenteak Ezkerraldea-Meatzaldeko Alderdikide Egunean parte hartu du gaur goizean eta, adierazi duenez, EAJ-PNVren akordiorako jarrera irmoa da; era berean, gainerako alderdiak negoziatzera gonbidatu ditu, “euskal gizartearen beharrak interes alderdikoien gainetik jarriz”
05
Azaroa
BBB
PARTEKATU
05 Azaroa | BBB

“Interes alderdikoiak alde batera utzi behar dira, negoziatzeko unea da. Euskadiko aurrekontuak adosteko EAJ-PNVren jarrera irmoa da, nahiz eta, aurrera ateratzeko, gehiengo nahikoa izan. Hala ere, oposizioko alderdiei erantzukizunez jokatzeko eskatzen diet; EAJ-PNVk, Madrilen aurrekontuak negoziatzera eseriz, Euskadiren interesak defendatzen dituen erantzukizun bera”.  Hau izan da, Ezkerraldea-Meatzaldeko Alderdikide Egunaren ospakizunaren baitan,  Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteak euskal alderdi politikoei bidali dien mezua. Gaur goizean Barakaldoko Los Hermanos parkean bildu diren 400 pertsona baino gehiagoren aurrean, burukide bizkaitarrak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak 2023rako aurkeztu dituen kontuak, 14.250,7 milioi eurokoak, “asmo handiko aurrekontuak” direla eta “kutsu sozial nabarmena” dutela; izan ere, “10 eurotik 7'5 gizarte-politiketan inbertituko dira. Bizi behar dugun egoera ekonomiko sozial zurrunbilotsuari aurre egiteko aurrekontuak dira”, adierazi du.

Zuzenean EH Bilduri eta Elkarrekin Podemos-i zuzendu zaie. Lehenengoei, “aurrerapauso bat emateko eta benetako gaiak proposatzeko eskatzen diegu. Ezin dute aldez aurretik proposatu bete ezina dena argazkitik atera direla justifitzeko; negozia dezatela”, eskatu die. “Iruñan eta Madrilen euskal herritarrentzako eskakizun eta kontraprestazio handirik gabeko akordioak lortzen badituzte, zergatik eusten diote hainbeste Euskadin?”, galdetu du. Eta bigarrenei, Elkarrekin Podemos-i, kontsekuenteak izateko eskatu die. "EAJ Madrilen esertzen bada Gobernuarekin adostera, leialtasunetik eta errespetu politikotik, beraiek ere gauza bera egin beharko lukete hemen Euskadin", eskatu du. “Ziur nago aukera ezin hobea dugula aurrekontu hau partekatutako eta adostutako agiri bihurtzeko, herritarren onerako izango baita”, ziurtatu du.

Bizkai Buru Batzarreko presidenteak Ezkerraldea-Meatzaldeko Alderdikide Eguneko ekitaldi politikoan parte hartu du gaur goizean. Bertan izan dira Joseba Aurrekoetxea, EBBren burukidea; Manu Tejada eta Aitor Landa, BBBren burukideak; Elixabete Etxanobe, Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatua; Imanol Pradales, Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko foru diputatua; inguruko bederatzi udalerrietako udal ordezkariak (Abanto, Barakaldo, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Trapagaran eta Zierbena), baina, batez ere, dozenaka afiliatu, “EAJ-PNVren benetako altxorra”.

Ekitaldi politikoan Amaia del Campo Barakaldoko alkateak ere parte hartu du. Bere hitzaldian, Del Campok Ezkerraldea eta Meatzaldeko taldeak duen indarra eta batasuna nabarmendu ditu, eta hori funtsezkoa izan da, batez ere, “pandemia kudeatzeko garaian”. “Denok geunden hor, etengabeko harremanean; zalantzak, estutasunak eta proposamenak partekatzen beti ere gure bizilagunek bizi zuten egoera arintzeko. Bilera birtual horiek, talde-lan hori, gutako bakoitzarentzat funtsezko laguntza izan ziren”, gogorarazi du.

Ekitaldiaren une hunkigarria Ezkerralde-Meatzaldeko udal erakunde bakoitzeko pertsona batek jaso duen omenaldiarekin iritsi da. Begoña Blanco Arruabarrena (Abanto-Zierbena), Miguel Anguiano Zornotza ‘Miguelón’ (Barakaldo), Mariano Manzano Bilbao (Gurutzeta), Iñaki Lejarza Ahedo (Muskiz), Txitxo Bordegarai Simón (Ortuella), Gabriel Madariaga Izurza (Trapagaran), Encarni Campoo Betanzos (Santurtzi), Margari Huertas Montealvaro (Sestao), Mario Ugidos Etxebarria (Trapagaran) eta Jose Elosegi Zabala (Zierbena) izan dira protagonistak. Pertsona guzti hauek garai ilunagoetan ausartak izan ziren eta beraien denbora, lana eta dedikazioa EAJ-PNVri eta Euskadiren eraikuntzari eman zioten. “Esker on hori eta askoz gehiago zor diegu, eta ezin diegu hutsik egin”.

 

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ