Aitor Estebanek Pedro Sánchezi ohartarazi dio Europako Funtsen kudeaketan eta exekuzioan ematen ari den “geldotasunaz” eta “nolabaiteko kaosaz”

Kontrol-saioan, Euskal Taldeko bozeramaileak agerian utzi ditu PERTEen diseinu-akatsak; izan ere, haien zurruntasuna dela eta, ezinezkoa da autonomia-erkidegoek Berreskuratze Plana modu eraginkorragoan garatzea eta aplikatzea
02
Azaroa
Kongresua
PARTEKATU
02 Azaroa | Kongresua

Aitor Estebanek, Kongresuko Euskal Taldearen bozeramaileak, Europako Funtsen exekuzio eraginkorraren moteltasuna deitoratu du, eta Espainiako Gobernuko presidenteari ohartarazi dio bere kudeaketan nolabaiteko kaosa ematen ari dela.

Gaur goizean Kongresuan egindako kontrol-saioan, bozeramaile jeltzaleak agerian utzi ditu Ekonomia Berreskuratu eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoen (PERTE) diseinu-akatsak, eta funtsen aplikazioan ez dagoela malgutasunik kritikatu ondoren, Pedro Sanchezi eskatu dio pilak jar ditzala Europako seihilekoa iritsi aurretik.
“Zuen datuek adierazten digutenez, hitzemandakotik % 45,6 bakarrik aitortu da, eta horrek ez du esan nahi exekutatuta dagoenik ere. Baliabideak ez dira iristen edo poliki-poliki iristen dira, ziurtatu du Estebanek. Ildo beretik, bozeramaile jeltzaleak kritikatu du PERTEak, kasu askotan, zurrunegiak direla eta autonomia-erkidegoek funtsak garatzea eta eraginkortasunez aplikatzea eragozten dutela. Horren adibide gisa, gogorarazi du iragarritako 11 deialdietatik 5 baino ez direla egin, eta automobilgintzaren sektoreari zuzendutako PERTE VEC izenekoak (ibilgailu elektrikoa eta konektatua garatzeko) dituen zailtasunak azaldu ditu.

"Hausnartzeko modukoa da", esan dio Sanchezi, PERTEren esleipen-portzentaje minimoak gogorarazi ondoren. Izan ere, horren ondorioz, enpresek funtsei uko egitea planteatzen ari dira.

Bestetik, jeltzaleen bozeramaileak azaldu du Proiektuek, kasu batzuetan, “biztanleriaren zati bat baztertzen eta marjinatzen dutela” ahalmen handiko errepideen segurtasun eta kontserbaziorako deialdiaren lehiaketarekin gertatzen den bezala, kanpoan utzi baititu Euskadiko 2 milioitik gorako hiritarrak, laguntza horiek jasotzea ukatuz, EAEn ez dagoelako Estatuko errepiderik, denak Autonomia Erkidegoarenak direlako. “Ez dauka zentzurik eta hutsegitetzat hartu nahi dut”, baieztatu du Estebanek.

“Ministerioak ez dira erabakiak hartzen ari. Ez dago behar den arintasunik. Sentsazioa da plan bat falta dela, inork ere ez duela oraingo egoeraren argazkirik, ezta etorkizunekoarenetik ere; ez dakigu Funtsekin noraino iritsi nahi duten”, laburbildu du Estebanek.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ