Europa “justizia, demokrazia eta aurrerabide” esparru gisa finkatzea aldarrikatu du Ortuzarrek, “batasuna” oinarri eta “aniztasuna errespetatuz”

Euzkadi Buru Batzarraren presidente eta Europako Alderdi Demokrataren presidenteordeak Santa Cruz Tenerifekoan eman dio hasiera PDEk `Europarentzako Irtenbideak´ izenburuko foroari
28
Urria
EBB
PARTEKATU
28 Urria | EBB

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

Euzkadi Buru Batzarraren presidente eta PDE-Europako Alderdi Demokrataren presidenteorde Andoni Ortuzarrek gaur aldarrikatu du Europa finkatu behar dela “justizia,demokrazia eta aurrerabide esparru gisa”, Errusiak Ukraina inbaditu izanak Europako proiektuarentzat eta planeta osoarentzat ekarri duen mehatxuaren aurrean. “Eta horretarako, Europak batasuna behar du aniztasunean oinarrituta”, baieztatu du buru abertzaleak `Europarako Irtenbideak´ izeneko foroaren irekieran, gaur bertan PDEk Santa Cruz Tenerifekoan hasi duen lansaioan. Topaketara joan da talde jeltzalearen ordezkaritza zabala, Ortuzarrez gain Antolakuntza arloko burukide arduradun Joseba Aurrekoetxeak, Kanpo Ekintza gaietarako burukide Mikel Burzakok , EBBren idazkari Mireia Zaratek eta EAJ-PNVren Kanpo Ekintza Batzordearen arduradun José Mari Etxebarriak eratu duten taldearen eskutik.

Ortuzarrek azaldu duenez ‘Solutions for Europe’ ekimenak, Kanariar Irletan bere laugarren bilera egiten ari delarik, mundu mailan eta Europan bereziki egun nagusitu den ziurgabetasun eta larritasun une honetan, gizarte zibilarekin konektatzea duela helburu,” jendearekin, sistema demokratikoa eta Europaren batasuna indartzeko ideiak atera ahal izateko, hortik aurrera, gure Kontinentean justizia eta oreka bilatzeko” . Jeltzaleen buruak uste du topaketa hau Kanarietan egiteak lagunduko duela “bileratik ideia berritzaileak ateratzea, gaur Kanarietan egoteak beste ikuspegi bat ematen digulako”.

“Errusiak Ukrainaren kontra hasi duen gerrak”, azaldu du euskal ordezkariak “munduko ordenaren josturak hautsi ditu, baina urradura gehien zabaldu den tokia, zoritxarrez, Europa da. Eta Europa berriro ere eratu eta pentsatu behar da justizia, demokrazia eta aurrerabide esparru gisa. Horretarako behar du batasuna, aniztasunean oinarrituta . Eta ezer anitza bada, hori dira Kanariar Irlak. Kontinentetik bi mila kilometro luzeko distantziara dago,baina etengabeko bokazio europazalea du; urrun dago, baina oso hurbil dugu. Europak asko du oraindik hobetzeko itsasoaz bestaldeko errealitate ultraperiferikoei eman beharreko arreta eta tratua hobetzeaz ari garenean”.

Foroaren bilera hasi baino lehen, Ortuzarrek kazetarien galderei erantzun die Fernando Clavijo Coalición Canaria alderdiaren idazkari nagusiaren ondoan. Jeltzaleen buruari galdetu diote “PPk botere judiziala berritzeko prozesuari ezarri dion azken blokeoaz”. “Txarto deritzot”, erantzun du. “Txarto, erabakia hartu delako inoren arazo batean oinarrituta. Demokrazian prozesuak errespetatu behar dira. Esparru batean arau hauste penal mota bat berrikusteko bide bat badago, eta delitu mota hori alderdi juridikotik bestela pentsatu ahal dela ikusten bada eta Gorte Orokorretan hori babesten eta onesten duen gehiengoa badago, demokrazia horixe da: elkartzea, bozkatzea eta gehien duenak erabakitzea. Horrek ekarriko balu, eta hori da agi denez gertatzen ari dena, beste instantzia batean blokeoa sortaraztea, uste dut blokeoa eragiten duen hori arduragabe hutsa dela eta, horrez gain, bere herria ez duela gehiegi maite. Ni euskal abertzalea naiz, nire Herria maite dut eta Euskadiren zerbitzura egon behar dut; ez nuke sekula blokeatuko Euskadirentzat ontzat jotzen dudan zerbait. Nik suposatzen dut Partido Popularrarentzat epaileen organoa indarrean egotea Espainiarentzat ona dela. Beren burua patriotatzat jotzen badute, nik uste dut egin beharko luketena dela elkarrizketetan jarraitzea eta aurrera egitea. EAJren aldetik horrela ikusten dugu, baina egia da denboratxoa daramatela gai hori oso txarto kudeatzen, eta dagoeneko ez dagoela jakiterik horren organo konstituzional garrantzitsuaren berritzea telebistan bazkalostean ematen diren folletoi horietako bat ez ote den”, baloratu du EBBrren presidenteak.

Ortuzarri ere galdetu diote iragan asteazkenean Partido Popularraren presidente Alberto Núñez Feijóorekin izan zuen bileraz. “Gure alderdien arteko harremanetan ematen ari zen hibernazio egoeratik gentozen, baina berotze globalaren kontu honek ematen du gure harremanak ere ukitu dituela eta gure arteko glaziazioa ematen du urtzen hasi dela. Espero duguna da hemendik aurrera normaltasun politikoa nagusitzea, biok, topaketa hartan, desberdintasun ideologiko handiak ditugula egiaztatu genuen arren, bai eta programatikoak ere Espainiako estatuak gaur egun behar dituen irtenbideetarako. Baina hitz eginez ulertzen dugu elkar”, amaitu du.

EBBren idazkari Mireia Zaratek moderatzaile gisa jardun du gaur goizean `Izpiritu enpresariala bultzatzea, tokian tokiko ekonomia dibertsifikatzea eta gazteen langabeziari aurre egitea´ izenburupean egin den lansaioan. Burzakok, bere aldetik, Europak Afrikarekin dituen harreman ekonomiko,politiko eta sozialak aztertzen ziren panelean parte hartu du. Hirugarren eta azken lansaioak jorratuko du energia berriztagarrien egoera Europako Batasuna osatzen duten herrialdeetan. Foroari amaiera emango dio Ortuzarrek berak, PDEren ordezkaritzaren burua den aldetik.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ