Ortuzar: “Gaur egun historikoa da gure selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzen dugun ehunka milaka euskal herritarrontzat”

Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak prentsaurrekoan aitortu nahi izan du euskal kirol federazioek ofizialtasunaren alde egin duten lan handia “euskal gizartearen gehiengoak babesten duen aldarrikapena”, arlo politikoan EAJ-PNVk urtetan defendatu duen zerbait
25
Urria
EBB
PARTEKATU
25 Urria | EBB

“Uste dut ez dudala gehiegi esaten gaurkoa, euskal kirolarentzat, egun historikoa dela esaten badut. Historikoa ere bada euskal selekzioei nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko eskubidea aitortu behar zaiela uste duten ehunka milaka euskal herritarrontzat”. Hitz hauekin definitu du Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak Kirolaren Lege berrian (gaur bertan Diputatuen Kongresuaren Batzordean onartu dena) Euskal Taldeak idatzi eta bultzatu duen zuzenketa jaso ahal izatea. Zuzenketa honek ezartzen ditu, lehen aldiz, euskal kirol selekzioek nazioarteko lehiaketa ofizialetan parte hartzeko irizpideak. Irizpide horiek betetzen dituzte, zalantzarik gabe, Euskadiko pilota eta surf federazioek. Ortuzar gaur arratsaldean agertu da prentsa aurrean Sabin Etxean Ana Esther Furundarena, Hezkuntza, Kultura, Euskara eta Kirol gaietarako burukide arduradunarekin; Meritxell Pagadigorria, Euskadiko surf federazioko idazkariarekin; Gotzon Enbil, Euskadiko Pilota federazioko presidentearekin eta Fernando Azkarate, munduko Pilota Kontseiluko presidentearekin.

EBBren presidenteak prentsaurrekoari hasiera eman dio euskal selekzioen ofizialtasunaren alde lan egiten urteak daramatzaten euskal federazioetako ordezkariei bere esker ona adieraziz. “Aldarrikapen bat zegoen herritarren artean euskal selekzioen alde. Aldarrikapen horri erantzunez, gure federazioek urteak daramatzate lanean eta aldarri horren alde, kalean eta bulegoetan. Alderdi politikooi behin baino gehiagotan eskatu digute esparru politikoan laguntzea, eta horixe da EAJren aldetik urteotan egin duguna: Euskadiko herritarren gehiengoak eta kirolariek egiten duen aldarrikapen hau defendatzea eta sustatzea. Eta gaur esan dezakegu euskal kirolak lehen urrats erraldoia eman duela, oso sinbolikoa eta oso garrantzitsua, euskal kirol selekzioen ofizialtasunerantz. Momentuz bi dira ofizialtasunerako bidea guztiz garbi dutenak, pilota federazioa eta surf federazioa. Federazio biekin gaude gaur beren lana eta beren esfortzua eskertzeko, jakin dezatela ondoan izango gaituztela hemendik aurrera datorren lanean Euskadik albait arinen parte har dezan diziplina bietako nazioarteko lehiaketetan, berme guztiekin eta arrakastarik handienarekin”, baieztatu du Ortuzarrek.

Ortuzarrek jarraian irakurri du Euskal Taldeak Lege berrian sartu duen zuzenketaren testua: “Dena dela, autonomia-erkidegoetako kirol-federazioek zuzenean parte hartu ahal izango dute nazioarteko lehiaketetan, baldin eta dagokion Nazioarteko federazioak parte hartzea aurreikusten badu, kasuan kasuko autonomia-erkidegoan historikoki eta sozialki errotuta dauden kirol-modalitate edo -espezialitateen kasuan, edo federazio autonomikoa nazioarteko federazio bateko kide izan bada, dagokion Espainiako federazioa eratu aurretik. Kasu horietan, autonomia-erkidegoko kirol-federazioak Kirol Kontseilu Gorenarekin ados jarri ondoren parte hartuko du nazioarteko lehiaketa ofizialetan. Akordio horren bidez, babes bateratua emango zaio federazio autonomikoa Nazioarteko federazioan integratzeari”. Eta gogoratu duenez “zuzenketa honen bidez Kirolaren Legean sartuko da Pedro Sánchezek eta nik neuk 2019ko abenduaren 30ean izenpetu genuen inbestidura akordioak jasotzen zuen hamabi konpromisoetako bat, hala dioena :”Kirolaren eta kulturaren esparruan behar besteko bideak irekiko dira Euskadik nazioarteko ordezkaritza izan dezan bultzatzeko”.

Ortuzarrek era berean aitortu nahi izan ditu “Madrilgo Euskal Taldeak eginiko lan ona eta eginiko esfortzua. Akordio honek erakusten du euskal selekzioen ofizialtasuna dela EAJk seriotan hartzen duen aldarrikapena. Bidezkoa ere bada, inoren kontra ez doana eta herritarren babes zabala jasotzen duena, esango nuke herritarren portzentaje handi-handiarena, euskal gizartearen baitan. Horregatik, EBBk eta EAJ-PNV osoak balio erraldoia ematen diogu zuzenketa hau lortu izanari; benetan garrantzitsua delako arlo sozialean, kulturalean eta politikoan, bai eta Euskadin nazio mailan ere”.

Amaitzeko, EBBren presidenteak errepikatu nahi izan ditu Joseba Agirretxeak Kongresuko Batzordean esan dituen hitzak: “Gure asmoak ez dira oraindik guztiz bete eta lanean jarraituko dugu aitortza hau erabatekoa izan dadin eta kirol diziplina guztietara hel dadin”.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ