Euskadiko pilota eta surf selekzioen ofizialtasuna lortu du Euskal Taldeak

EAJ-PNVk Kirolaren Legeari planteatu dion zuzenketa batek ahalbidetuko du, lehen aldiz, autonomietako kirol federazioek nazioarteko lehiaketetan parte hartzea. Lorpen honek dakar, halaber, EAJ-PNVren EBBko presidenteak eta Espainiako gobernuko presidenteak 2019ko abenduan inbestidurarako izenpetu zuten akordioan jasotzen den 11. puntua betetzea
25
Urria
Kongresua
PARTEKATU
25 Urria | Kongresua

Espainiako ordenamendu juridikoak lehen aldiz onartzen du autonomietako kirol federazioek nazioarteko lehiaketetan parte hartzea. Hala jasotzen du Kirolaren Legeak, gaur Batzordean onartu denak, Euskal Taldeak aurkeztu duen eta Talde Sozialistarekin adostu den zuzenketari esker.

Horrela, euskal selekzioen nazioarteko ofizialtasunaren aldarrikapen historikoak, EAJ-PNVri esker, legezko bide bat lortu du pilota edo surfa bezalako kiroletan Euskadiko elastikoa jantzi eta ikurrina eraman dezaten nazioarteko lehiaketetan. Gaur bete den lorpen honek dakar, halaber, 2019ko abenduaren 30ean EAJ-PNVren EBBko presidente Andoni Ortuzarrek eta Espainiako gobernuko presidente Pedro Sánchezek izenpetu zuten inbestidura akordioaren 11. puntuan jasotzen dena betetzea.

Joseba Agirretxeak, Euskal Taldean Kirol gaietarako bozeramaileak, lorpen honek eragin dion poza agertu du “aldarrikapenetik ekintzetara” igarotzea dakarrelako. EAJ-PNVk aitortza hau lortzera begira urteetan egin duen “esfortzua” nabarmendu ondoren diputatu jeltzaleak adierazi duenez “edozein kasutan gure asmoak ez dira oraindik guztiz bete eta lanean jarraituko dugu aitortza hau erabatekoa izan dadin eta kirol diziplina guztietara hel dadin”.

Gaur Batzordean onartu den Kirolaren Legearen 44. artikuluak ondorengoa jasotzen du bere 2. puntuan:

“Autonomia-erkidegoetako kirol-federazioek zuzenean parte hartu ahal izango dute nazioarteko lehiaketetan, baldin eta dagokion nazioarteko federazioak parte hartzea aurreikusten badu, kasuan kasuko autonomia-erkidegoan historikoki eta sozialki errotuta dauden kirol-modalitate edo -espezialitateen kasuan, edo federazio autonomikoa nazioarteko federazio bateko kide izan bada, dagokion Espainiako federazioa eratu aurretik. Kasu horietan, autonomia-erkidegoko kirol-federazioak Kirol Kontseilu Gorenarekin ados jarri ondoren parte hartuko du nazioarteko lehiaketa ofizialetan. Akordio horren bidez, babes bateratua emango zaio federazio autonomikoa Nazioarteko federazioan integratzeari”.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ