Eusko Jaurlaritzak Osakidetzaren egitura-plantillaren gehikuntzarik handiena onartu du eta, dagoeneko, 30.000 langile ditu

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuarekin batera
18
Urria
Eusko Jaurlaritza
PARTEKATU
18 Urria | Eusko Jaurlaritza

Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak azken 20 urteotan Osakidetzaren plantillan izan den gehikuntzarik handiena onartu duela; 2.467 plaza gehiago gehitu zaizkio eta, hala, Euskadiko Osasun Zerbitzuaren egiturak 30.073 plaza ditu. Aldi baterako 2.109 plaza dira, egiturazko bilakatuko liratekeenak, eta beste 358 plaza, Osakidetzaren Lehen Mailako Arreta sendotzen jarraitzeko.

Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak “mugarritzat” balioetsi du akordio hau, denborazkotasuna murrizteko eta enplegu egonkorraren eta kalitatekoaren aldeko apustu egiteko bideari jarraitzen diona. Akordio horren berri eman zuen Lehendakariak Politika Orokorreko osoko bilkuran eta, gaur, Gobernu Kontseiluan berretsi du.

Osasun alorrean, halaber, Eusko Jaurlaritzak baimena eman du gastua 542.000 euro areagotzeko, berrikuntza-funtsetatik etorriko dena, 2022an osasun-ikerketako proiektuetarako laguntzak finantzatzeko. Hala, aurtengo deialdirako baliabide ekonomikoak, azkenean, 6.192.000 eurokoak izango dira.

Bestetik, Osasuneko sailburuak adierazi du Eusko Jaurlaritzak baimena eman duela lankidetza-hitzarmenak sinatzeko hiru lurralde historikoetako foru-aldundiekin, Euskadi osoan arreta soziosanitariorako.

Zehazki, hitzarmen horiek Osasuneko Sailburuak eta lurralde historiko bakoitzeko diputatuek sinatuko dituzte, eta 31 milioi euro inguruko gastua aurreikusten dute. Haien bidez, gizarte-zerbitzuen Euskadiko sistemako hiru baliabide mota garatzen lagunduko da: egoitza-unitate soziosanitarioak, adinekoentzako eta desgaitasuna duten pertsonentzako egoitzak eta egoitza-unitateak, laguntzadun etxebizitzak eta eguneko zentroak gaixotasun mental larria eta kronifikatua duten pertsonentzat.

Iturria: Irekia

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ