Ortuzar eta Atutxa dira ostiralean Erroman Europako Alderdi Demokrataren Kongresura joango den EAJ-PNVren ordezkaritzaren buru

Juan Mari Aburtok (Bilbao), Amaia Agirrek (Getxo), María Ubarretxenak (Arrasate) eta Ander Añibarrok (Laudio) parte hartuko dute Italiako hiriburuan egingo den Alkateen arteko Gailurrean
Ortuzar eta Atutxa dira ostiralean Erroman Europako Alderdi Demokrataren Kongresura joango den EAJ-PNVren ordezkaritzaren buru
12
Urria
EBB
PARTEKATU
12 Urria | EBB

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidentea eta Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarraren presidentea izango dira EAJ-PNVk ostiralean, urriak 14, Europako Alderdi Demokratak Erroman egingo duen Kongresura bidaliko duen ordezkaritzaren buru. Ortuzarrekin eta Atutxarekin batera, Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea, Amaia Agirre (Getxo), María Ubarretxena (Arrasate) eta Ander Añibarro (Laudio) joango dira Italiako hiriburura. Jeltzaleen ordezkaritza osatuko dute Mikel Burzako Kanpo Harremanetarako arloko burukideak eta Izaskun Bilbao Barandica Europako Parlamentuko diputatu jeltzaleak. Ortuzar PDEren presidenteorde exekutiboa da gaur egun.

Europako 20tik gora herrialdetik joango diren buruzagi politikoak elkartuko dira ostiralean PDEk urtero egin ohi duen topaketa esanguratsuenean. Kongresu honek Europako ehunetik gora ordezkari eta gonbidatu hartzen ditu Europako Batasunak dituen arazo eta erronkak aztertzeko eta horiei irtenbideak ateratzeko. Gailurra ostiralean hasiko da 9:00etan Auditorium della Conziliazione aretoan. Kongresua bi ardatz nagusiren artean garatuko da. Batetik, PDEren buruek hitz egingo dute Europa erronka demokratiko gisa berritzeko beharraz. Bestetik, Kongresuak hartuko du Alkateen Gailurra, eta Europa osotik joango diren alkateek egungo eta etorkizuneko Europako erronkak aztertzeko moduez hitz egingo dute, tokian tokiko ikuskeratik abiatuta eta subsidiariotasun printzipioa beharrezko tresna eraginkortzat hartuz, eta ez bakarrik hiritargoaren beharrei erantzuteko baizik eta baita, tokian tokiko kudeaketaz ariko direlako, muturreko jarreren eta populismoen kontrako antidoto izateko.

PDEren hitzordu nagusiak hiru panel ere programatzen ditu, eta horietan Europako proiektuak gaur egun dituen beste hainbat erronka eztabaidatuko dira: Ukrainako krisia ikuspuntu humanitario eta energetiko batetik; Europako herritarren artean ematen ari den gero eta arrakala digital handiagoa; eta giza eskubideen eta balio demokratikoen egoera mundu osoan. Izaskun Bilbao Barandicak arrakala digitalaren arazoa aztertuko duen panelean parte hartuko du.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ