Gotzone Sagarduik Osasun Publikoaren Lege-proiektua aurkeztu du Legebiltzarrean

Lege-proiektuak lege-esparru bat eman nahi dio Euskadiri, euskal gizartean osasun publikoaren arloan dauden premia eta eskaera berriei modu eraginkor eta integralean erantzuteko
Gotzone Sagarduik Osasun Publikoaren Lege-proiektua aurkeztu du Legebiltzarrean
05
Urria
Eusko Jaurlaritza
PARTEKATU
05 Urria | Eusko Jaurlaritza

Osasun Sailburu Gotzone Sagarduik Osasun Publikoari buruzko Legearen proiektua aurkeztu du gaur goizean Eusko Legebiltzarrean. Proiektu horren helburu nagusia euskal herritarren osasuna babestea eta indartzea da, interes goreneko ondasun publiko gisa, pertsonen eskubideak bermatuz osasunaren, aukera-berdintasunaren eta ekitatearen arloetan.

Sailburua, Osasun sailburuorde José Luis Quintas eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendari Itziar Larizgoitiarekin batera egon den aurkezpenean azaldu dute lege honen helburua dela, hain zuzen ere, Euskadiri lege-esparru berri bat ematea, egungo euskal gizartearen behar eta eskaera berriei modu eraginkor eta integralean erantzun ahal izateko. 25 urte hauetan zehar, osasun publikoaren kontzeptuak berak eboluzionatu egin du, osasun-sistematik osasun-determinatzaileetan eragiten duten gainerako esparruetara hedatuz, COVID-19aren pandemiak modu irmoan agerian utzi duen dimentsio berri bat.

Hala, lege-proposamenak osasuna politika guztietan printzipioan sakontzen du, Eusko Jaurlaritzaren ekintzaren zutabeetako bat baita, osasunaren mugatzaileetan eraginkortasun handiagoz jarduteko, eta esparru horretako eskumenak, prestazioak eta zerbitzuak argi eta garbi definitzeko. Izan ere, Osasuneko Sailburuak etorkizuneko erronkak edo datozen urteetako osasun-mugatzaile nagusiak aipatu ditu, hala nola erresistentzia antibiotikoa, klima-aldaketarekin (eta globalizazioarekin) lotutako gaixotasun emergenteak, obesitatea, sedentarismoa eta elikadura-patroiaren aldaketak, bereziki gazteengan, edo lehorteekin eta uraren edangarritasunarekin zerikusia duen klima-ereduaren aldaketa, besteak beste. Osasunaren determinatzaile horiek azpimarratzen dute “osasuna politika guztietan” kontzeptua lantzen jarraitzeko ideia; izan ere, Osasunaren Mundu Erakundeari erreferentzia eginez, herrialde bateko asistentzia-sistemak % 20 ematen dio osasunaren kapitalari; % 30 bizi-ohitura osasungarriei, % 40, berriz, beste politika publiko mota batzuei. Gainerako % 10a beste alderdi batzuei dagokie, hala nola karga genetikoari…

Horrek esan nahi du Euskadiko Osasun Publikoaren Sistema sare egituratua izango dela, osasun-sistemarekin eta administrazio publikoekin koordinatua, eta koordinatzeko eta parte hartzeko bi organo izango dituela. Alde batetik, Osasun Publikoaren Euskal Kontseilua egongo da. Honako hauek dira osatuko dutena: unibertsitateak, Emakundek, GKEek, kontsumitzaileek, Osakidetzak, komunikabideek, Gazteriaren Kontseiluak, pentsiodunek eta erretiratuek, auzo-elkarteek, erakundeek eta gizarte zibilaren gainerakoek. Eta, bestetik, Osasun Publikoaren Erakunde arteko Batzordea; osasunean eragina duten Eusko Jaurlaritzako sailen, udalen eta foru-aldundien artean koordinatzeko foroa izango da.

96 ARTIKULU 7 KAPITULUTAN

Proposatutako testua 7 kapitulutan banatutako 96 artikulutan egituratuta dago. Horiez gain, 3 xedapen gehigarri, 3 xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile 1 eta 3 azken xedapen ditu. Testuak, nolanahi ere, Euskadiko Osasun Publikoko Sistemaren funtzio eta jarduketa nagusiak zehazten ditu. Laburbilduz, honako hauek dira:

-Herritarren osasunaren eta ongizatearen zaintza; horretarako, Osasun Publikoaren Zaintza Sarea izango da funtsezko tresna.

-Osasun-arazoen prebentzioa. Halaber, espezifikoki, adikzioen eta mendekotasunen prebentzioa.

-Osasunaren sustapena, gizarte-determinatzaileetara zein jokabide osasungarri indibidualetara bideratua.

-Osasunaren babesa, elikadura-segurtasuna eta ingurumen-osasuna barne hartuta.

-Osasun-larrialdietan jardutea.

-Eskola-osasuna.

-Lan-osasuna.

-Euskadiko osasun publikoko laborategia.

-Osasun publikoaren arloko informazioa eta ezagutzaren hedapena.

-Prestakuntza, ikerketa eta berrikuntza

-Osasun-agintaritza baliatzea, kontrola eta zehapenak barnean hartuta.

Osasuneko Sailburuak espero du dokumentu hau baliagarria izatea Euskadin osasun publikoa berariaz arautzen duen lehen legea izango litzatekeena eztabaidatzeko eta etorkizunean onartzeko.

Iturria: Irekia

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ