EAJ-PNVk gure erakundeen indarra aldarrikatu du pobrezia energetikoari aurre egiteko eta familia ahulenei arreta emateko

Energiaren prezioen gorakadagatik egoera zaila aurreikusten denez, jeltzaleek Gizarte Larrialdietarako Laguntzak mantentzea eta finkatzea eskatzen dute, laguntza horien zenbatekoa %40 handitu da aurtengo aurrekontuetan. “Pertsonengana iristen gara gutxieneko baldintzak ziurtatzeko. Pertsonak beti gure ekintzaren erdigunean”, nabarmendu du Aitor Urrutiak
29
Iraila
Eusko Legebiltzarra
PARTEKATU
29 Iraila | Eusko Legebiltzarra

“Familia ahulenen egoerei erantzutea, bizi-baldintza duinak emanez. Hilabete zail eta zalantzagarriak iragartzen dizkigun krisi energetiko baten ondorioak arintzeko erantzutea”. Aitor Urrutia legebiltzarkide jeltzaleak dagoeneko hasitako ekintza guztiak garatzen jarraitzeko deia egin dio Eusko Jaurlaritzari, pobrezia energetikoaren aurka borrokatzeko eta pertsonen bizitza hobetzeko. Esan duenez, erakundeak gizarte-politika sendoak antolatzeko daude, egoera ahulenean dauden sektoreak babesteko, eta Jaurlaritza legegintzaldiaren hasieratik ari da horretan lanean.

 “Nahiko nuke alarmismorik ez ekartzea, baizik eta konfiantza ekartzea, herritarrei konfiantza eskaintzea: konfiantza gure erakundeetan eta azken hamarkada hauetan sortutako ongizate-sisteman eta gizarte-babesean. Talde guztiok baloratu beharko genukeen eredu indartsua”. Hala, gogora ekarri du joan den astean Lehendakariak politika orokorreko osoko bilkuran esan zuen esaldia: gure erakundeekiko konfiantza da gizartearen beharrei erantzuteko eta erronkak gainditzeko bermerik hurbilena.

Osoko bilkuran, Urrutiak gogorarazi du Beatriz Artolazabal buru duen sailak ekitaldi honetako aurrekontuetan handitu egin zuela Gizarte Larrialdietarako Laguntzen (GLL) zuzkidura, laguntza horiek emateko muga handituz eta GLLak jasotzen dituzten familia ahulen elektrizitate- eta gas-gastuen igoerak arinduz. “Krisiaren ondorioak egunetik egunera ahulenei eragiten ari zaizkie, eta gobernua horren jakitun da. Prestasunez jokatu da, eta eskatzen dugu ahal diren ekimen guztiak bultzatzen jarraitzea, horniduren garestitzeari aurre egiteko eta gabezia ekonomikoak dituzten etxeek etxebizitza tenperatura egokian mantentzearen edo gutxieneko erosotasun batzuk izatearen ondoriozko fakturak ordain ditzaten errazteko”.

Herrialde honek krisi honen ondorioei aurre egiteko tresnak dituela gaineratu du, eta Gobernu hau ahalik eta gehien erabiltzen ari dela. “Argi geratzen da lehendakariak eta bere gobernuak borondate politikoa dutela neurriak ezartzeko eta herritarrak kezkatzen dituzten arazoei aurre egiteko. Eta horrela frogatu zen lehendakariak joan den ostegunean mahai gainean utzitako proposamen sortarekin”. Ildo horretan, GLLen hazkundea, Hitzartuz programa, babes sozialeko etxebizitzen sustapena edo enpresa txiki eta ertainentzako kredituak gogorarazi ditu. "Konpromiso argia eta irmoa", zehaztu du.

 

Legebiltzarkide jeltzaleak gizarte-ongizatearen aldeko itun handi baten alde lan egitera gonbidatu ditu talde guztiak. “Orain dela urte batzuk pentsaezina zen hezkuntza-arloko akordioa lortu genuen. Gizartearen ongizatea, baita energetikoa ere, bermatuko duen itun baten alde eztabaidatu eta lan egin dezagun”.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ