Lizarrako EAJ-PNVk Fortunato Agirre omendu du, nazionalek 1936an fusilatu zuten alkate jeltzalea

Lizarrako EAJ-PNVren Uri Buru Batzarrak gaur egin du, irailak 29, Fortunato Agirre Lizarran 1933tik eta Taxoarren erail zuten arte alkate jeltzale izandakoa omentzeko eta gogoratzeko ekitaldia. Agirre Nafarroa osoan da abetzaletasunaren erreferenterik nagusienetako bat
Lizarrako EAJ-PNVk Fortunato Agirre omendu du, nazionalek 1936an fusilatu zuten alkate jeltzalea
29
Iraila
Nafarroa
PARTEKATU
29 Iraila | Nafarroa

Ekitaldia egin da herriko hilerrian eta bertan batu dira Agirreren lagun eta adiskideak, bai eta Lizarrako Geroa Baiko zinegotzi Pablo Ezkurra, Geroa Baiko foru parlamentari Blanca Regúlez, Irujo Etxeko Presidente Koldo Viñuales eta Lizarrako EAJ-PNVren Uri buru Batzarraren lehendakari Ricardo Gómez de Segura, beste hainbaten artean.

Omenaldian gogoratu denez “Fortunato Agirrek, Manuel Irujok eta askatasuna, demokrazia eta justizia defendatu zituzten guztiekin eta beren ideiak eta beren herria defendatzearren bizia ematera iritsi ziren guztiekin, beti merezi izango dute gure errespetu osoa eta gure miresmen osoa”. Bertsoekin, musikarekin eta lore eskaintzarekin batera Fortunatoren senideen hitz hunkigarriak entzun dira esker onik zintzoena adierazteko ekitaldian. “Abertzale konprometitua, bere herria maite zuen pertsona, demokraziaren eta askatasunen alde bizia eman zuen pertsona”, Ricardo Gómez de Segurak nabarmendu duenez.

Uri Buru Batzarraren presidenteak gogora ekarri duenez “ez dezagun ahaztu eta oroimenaren sua bizirik iraunaraz dezagun askatasunen eta demokraziaren defentsan bizitzako gauzarik preziatuena eman zutenak gogoan izateko; guk gogoratzen ditugun bitartean, bere borroka izango da beti askatasun eta justiziaren hazia”.

Fortunato Agirre 1893an jaio zen Arellanon, Nafarroan. Iruñean zegoela, Euzko Alderdi Jeltzaleko alderdikide egin zen eta Euzko-Etxeko kolaboratzaile bihurtu zen. Ondoren Lizarrara joan zen eta bertan harreman sendoa landu zuen Manuel Irujorekin. 1931ean Euskal herriko Autonomia Estatutua onartuko zuen Udalen Batzako presidente izan zen. Lizarrako Estatutu deitu zuten harrezkero.

Bi urte geroago izendatu zuten Lizarrako alkate eta bertan sortu zuen “Euskal Eskola”, egungo ikastolen aitzindaria. Euskara ikasi zuen, Lizarrako Uri Buru Batzarraren lehendakari izan zen, Napar Buru Batzarreko kide bihurtu zen eta, ondoren, Euzkadi Buru Batzareko kide. 1936ko uztailaren 14ko altxamendu militarraz geroztik, atxilotu egin zuten eta bi hilen buruan, gaur bezalako egun batez, Taxoarren fusilatu zuten.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ