Almudena Otaolak itsas salbamenduaren transferentzia eta Euskadin Estatuaren presentzia poliziala murriztea eskatu dio Espainiako Gobernuari

Uda honetan presentzia “inoiz baino agerikoagoa” izan dela aurpegiratu dio Barne ministroari hainbat traineru-estropadatan, eta iradoki dio Euskadin dituzten langileen kopurua dituzten eskumenetara egokitzea
20
Iraila
Senatua
PARTEKATU
20 Iraila | Senatua

EAJ-PNVko Almudena Otaola senatariak itsas salbamenduko eskumeneko baliabide materialak eta giza baliabideak transferitzea eskatu dio Espainiako Gobernuari. Gaur arratsaldeko kontrol saioan, Barne ministroari gogorarazi dio Eusko Jaurlaritzak ekainean helarazi zuen proposamen horrek ez duela jaso Gobernu zentralaren erantzunik, aitzitik “uda honetan Espainiako estatuaren presentzia inoiz baino agerikoagoa izan da gure kostaldean”, salatu du, traineruen estropadak aipatuz, Donostiako Kontxakoa kasu.

Otaolak gogorarazi duenez, bai Konstituzioak, bai Estatuko Portuei eta Merkataritzako Marinari buruzko Legeak Euskadirako ezartzen dute Estatuak itsas salbamenduari buruz duen legeria betearaztea bere itsasertzeko lurralde-uretan. Hori dela eta, Fernando Grande-Marlaska ministroari eskatu dio “legea betetzeko eta Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean hartutako konpromisoa betetzeko, hitzartutako kronograma betetzen ez dela ikusita”. Ordezkari jeltzaleak Estatuak kudeaketari buruz duen ikuspegi zentralista salatu du, eremu horretan akordio batera iristea eragozten ari baita “interes nazionala edo lurraldez gaindikoa argudiatuz, eta lurraldearen kontzepzio zorrotzarekin”.

Bere hitzaldian, Barne ministroari galdetu dio zein izan den Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoak Euskadiko traineru-estropadetan hedatzearen kostu osoa, Kontxako Banderari dagokion kostuaren banakapena barne. “Gastu publikoa kontrolatzea eta baliabideen kudeaketan eraginkorrak eta efizienteak izatea inoiz baino beharrezkoagoa” dela agerian utzi ondoren, senatari jeltzaleak Espainiako Gobernuari eskatu dio “Euskadin dituzten langileen kopurua dituzten eskumenetara egokitzeko, eta haien presentzia eszenifikatzeari eta neurriz kanpo erakusteari uzteko; ez zaigu gustatzen eta ez da beharrezkoa”, adierazi du.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ