“Latinoamerikarantz begiratzen hastea” aldarrikatu du EAJ-PNVk eta balantze “oso positiboa” egin du Ortuzarrek, Zaratek eta Burzakok Argentinara egin duten bidaiaz

Ordezkaritza jeltzalea pozik agertu da bisitaren bi helburu nagusiak bete dituelako: Euskal diasporarekin eta alderdideekin harremanak estutzea eta nazio bietako gobernuekin zein oposizioko taldeekin lotura politiko, ekonomiko eta kulturalak sendotzea
“Latinoamerikarantz begiratzen hastea” aldarrikatu du EAJ-PNVk eta balantze “oso positiboa” egin du Ortuzarrek, Zaratek eta Burzakok Argentinara egin duten bidaiaz
18
Iraila
EBB
PARTEKATU
18 Iraila | EBB

“Berriz ere Latinoamerikarantz begiratzea, Europarentzat kide nagusi eta estrategikoa den neurrian”. Hori izan da Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek, EBBren Idazkari Mireia Zaratek eta Kanpo Ekintza gaietarako burukide Mikel Burzakok azken astean Argentinara eta Uruguaira egin duten bidaia ofizialaz egin duten balantzearen ondorio nagusia. Montevideon amaituko dute gaur azken astean hegoamerikako herrialde bietara egin duten bidaia. “Behar-beharrezko dugu Europak bere nazioarteko harremanetan berriz ere Latinoamerika lehenestea, sustrai berberak ditugulako eta giza baloreak partekatzen ditugulako, bai eta asmo demokratiko berberak ditugulako ere”, esan du Ortuzarrek. “Europa, azken aldi honetan, barrura begira dago, batez ere Errusiak Ukraina inbaditu duenez geroztik eta negura begira ondorio energetiko eta ekonomiko latzei aurre egin beharko digulako. Baina jakin behar du, aldi berean, egoerak eskatzen duen mailan egoten eta epe luzera begiratzen, analisi partekatuak eta kide fidagarriak bilatuz, zeinekin estrategia partekatuak zehaztu, bereziki gizateriaren parte garen heinean elkarrekin gainditu behar ditugun erronkei dagokienez, bai eta gure demokrazietan ere”, baieztatu du jeltzaleen buruak.

Azken astean, Ortuzar, Zarate eta Burzakok parte hartze aktiboa izan dute herrialde bietan bizi den euskal kolektibitateak Buenos Aires eta Montevideon antolatu dituzten ekitaldietan, eta askotariko ekitaldiz betetako agenda izan dute, bereziki ordezkari politikoekin herrialde bietako Gobernuekin zein nazio bietako oposizioko alderdiekin. Burzakoren hitzetan “Argentinan egiaztatu dugu hango errealitate politikoa asaldatuegi dagoela, Senatuko egungo presidente Cristina Kirchnerren kontra egin den atentatuagatik zein datorren urtean egingo diren hauteskunde presidentzialegatik. Uruguain, ordea, distentsioa eta akordioak dira nagusi gobernuaren eta oposizioaren artean, Herrialdean oinarri demokratikoak eta instituzionaltasun sendoa bermatze aldera”.

Burzakoren esanetan “guztiz beharrezkoa da berriro ere Latinoamerikari begiratzea Europak eskala globalean zeregin nagusi bat izaten jarraitzea nahi badugu, bai eta erronka globalei elkarrekin ekin diezaiegun. Azken egunotan egiaztatu ahal izan dugu Argentinak eta Uruguaik gero eta zeregin handiagoa eta garrantzitsuagoa izango dutela mundu mailan, energiaren alorrean, hidrogeno-kolektoreen garapenarekin zein elikagaien esparruan, nekazal esparruan duten eskaintza zabal eta askotarikoagatik, gero eta gehiago Txinako merkatura bideratuta dagoena”. Burukide jeltzaleak era berean nabarmendu du interesarekin jarraitu nahi duela Mercosur-en proiektuaren garapena, “zalantzarik gabe Brasilen eta Argentinan egingo diren hauteskundeen emaitzek nabarmen baldintzatuko dutena, bai eta Europarekiko alde biko elkarrizketen egoera ere”.

Aste honetan, Argentinan eta Uruguain Gobernuetako ordezkariekin eta alderdi politikoekin izan dituzten topaketetan, ordezkaritza jeltzalea prest agertu da laguntzeko nazio biek “Latinoamerikaren are integrazio handiagoa bila dezaten eta Europarekiko harremana lehenets dezaten  proiektu global eta partekatua bilatuz non Euskadin, bere errealitate historikoan eta etorkizunera begira izan dezakeen potentzialitatean oinarri hartuta zeregin esanguratsua izango baitu alde biko harremanak finkatzeko oinarri sendo gisa”, amaitu du Burzakok.

Argentinara eta Uruguaira egin dena izan da Ortuzarrek Euzkadi Buru Batzarraren presidente denetik egin duen 28. bidaia ofiziala. Ortuzar bihar bertan izango da Sabin Etxean, 12:30etik aurrera, Iñigo Urkullu Lehendakariak Eusko Legebiltzarreko talde jeltzaleko kideekin Politika Orokorrari buruzko Osoko Bilkura baino hiru egun lehenago egingo duen bileran. Jarraian, Euzkadi Buru Batzarraren asteko bileran izango da Ortuzar. Datorren igandean, irailak 25, Urkullurekin batera parte hartuko du Alderdi Egunaren ekitaldi politikoan. Aurten bere ohiko formatuan berreskuratuko du EAJ-PNVk bere jai nagusia 2020 eta 2021eko edizioetan pandemiaren ondorioz ezarri ziren edukiera-murrizketen ondoren.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ