Elkarrizketa Iñigo Urkullu Lehendakariari Radio Euskadiko "Boulevard" saioan

Iñigo Urkullu lehendakaria elkarrizketatu dute gaur goizean Radio Euskadiko "Boulevard" saioan. Bertan, gaurkotasuneko hainbat gai errepasatu ditu, besteak beste, egoera sozioekonomikoa eta errealitate horri erantzuteko hartu beharreko neurriak, zerga-politika, energia aurrezteko plana, autogobernua edo Osakidetza
Elkarrizketa Iñigo Urkullu Lehendakariari Radio Euskadiko
31
Abuztua
Eusko Jaurlaritza
PARTEKATU
31 Abuztua | Eusko Jaurlaritza

Elkarrizketan, Lehendakariak berretsi du, aurreikusten den udazken eta negu konplikatuaren aurrean, Euskadik oinarri sendoak dituela ondorioei aurre egiteko; “ekaitz baten aurrean gaude, baina aurreko ekaitzekin egin dugun bezala gaindituko dugu”. Horretarako, familiaren ekonomiaren mesedetan beharrezkoak diren neurriak hartuko direla ziurtatu du Urkulluk.

Hain zuzen ere, familien bizi-mailari eustea ahalbidetuko lukeen soldata-igoeraz galdetuta, Lehendakariak adierazi du beharrezkoa dela errenten hitzarmen bati ekitea, erosteko ahalmena bermatzeko. Fiskalitateari dagokionez, nabarmendu du Euskadin zerga-politika progresiboa eta eredugarria dagoela, eta gogorarazi du zerga-arintzerako neurriak onartu direla.

Politika energetikoei dagokienez, Urkulluk maila anitzeko gobernantzaren alde egin du, eta Sanchez presidenteak neurriak kontsultatzen ez dituelako kexatu da. “Bat nator neurrien funtsarekin, baina ez formarekin. Neurriek koordinazioa eta egokitzapena behar dute inplementatu ahal izateko”, adierazi du. Nolanahi ere, Euskadin energia aurrezteko eta eraginkortasunerako neurriak hartuko direla ziurtatu du.

Autogobernuari dagokionez, Iñigo Urkullu Lehendakaria kezkatuta agertu da gai horren inguruan, eta Ministroen Kontseiluak onartutako kronograma betetzeko eskatu du. Zenbait kasutan egin nahi den bideragarritasunaren eta indarreko esparru juridikora egokitzearen aurretiazko azterketari dagokionez, Lehendakariak azpimarratu du ministerioek ezin dutela Gernikako Estatutuaren alde bakarreko interpretaziorik egin.

Elkarrizketan jorratutako beste gaietako bat Osakidetzarekin lotutakoa izan da. Lehendakariak ziurtatu du Osakidetza ez dagoela krisian. Hala berresten du euskal gizartearen % 70ak baino gehiagok, eta harro agertzen da Osakidetzak eskaintzen duen zerbitzuaz. “Zenbait sektorek iragarpen txarrak egin dituzten arren, uda honetan Osakidetzaren arretaren kalitateari eutsi diogu. Gure lehentasuna zerbitzuen kalitatea hobetzen jarraitzea da, eta lehentasun hori inbertsioan islatzen da, adibidez, ", adierazi du Urkulluk.

Iturria: Irekia

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ