EAJ-PNVrengan konfiantza izateko mezua luzatu dio Ortuzarrek euskal hiritargoari: “Aurpegia emango dugu eta Herri hau babestuko dugu bizitzea tokatu zaigun une historiko latz honetan”

Gaur bertan EAJ-PNVren sorreraren 127. urteurrena betetzen dela, EBBren presidenteak inflazioari aurre egitera begira euskal erakundeek erabaki berri dituzten neurriak txalotu ditu, eta gazteriaren “aniztasuna eta zentzutasuna” aldarrikatu ditu “talde ideologizatu eta intoleranteek” gazteria osoa bereganatu nahian dabiltzala ikusita
31
Uztaila
EBB
PARTEKATU
31 Uztaila | EBB

“Mezu hau euskal gizarte osoarentzat da. EAJrengan konfiantza izateko mezua da. EAJ osatzen dugun emakume eta gizonengan. Egoerak eskatzen digun mailan egongo gara. Aurpegia erakutsiko dugu eta Herri hau babestuko dugu. Jabetzen gara gu garela Euskadiko hiritargoaren segurtasun uhala, egungoa une historiko latza dela. Neurria eman behar dugu eta eman egingo dugu. Euskadiren alde eta euskal hiritarren alde. Gure erakunde guztiak eta Alderdia buru belarri arituko gara irtenbideak eta neurriak emateko, egoera honetatik denok atera gaitezen, elkarrekin, inor atzean utzi gabe”. Konpromiso honekin amaitu du Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek EAJ-PNVk bere sorreraren 127. urteurrena ospatzeko eta 1895ko uztailaren 31n sortu zela gogoratzeko gaur bertan egin duen ekitaldian eskaini duen hitzaldia. Albia lorategian egin da topaketa, Sabino Arana EAJ-PNVren fundatzailearen etxea izan zenetik metro batzuetara. Bertan izan dira ehunka alderdikide eta EAJ-PNVren alderdizale eta lagun, EBBren burukideak eta erakundeetako dozenaka ordezkari, hauen artean: Juan Mari Aburto Bilboko alkatea; Unai Rementeria eta Ramiro Gonzalez Bizkaiko eta Arabako ahaldun nagusiak, hurrenez hurren; Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea; Josu Erkoreka lehen lehendakariordea; Pedro Azpiazu, Olatz Garamendi, Beatriz Artolazabal eta Gotzone Sagardui sailburuak; eta Jose Antonio Ardanza lehendakaria. “Gure Herriko historian izan den lehen talde abertzalea”, gogoratu du jeltzaleen buruak. “Eta gaur, 127 urte geroago, hemen gaude haren jarraitzaileok lehen ideia hura aldarrikatzen eta ospatzen. Baina ez hori bakarrik. Hemen batu gara Euskadi gure aberriarekin daukagun konpromiso irmoa adierazi nahi dugulako. Herri bat, Euskal Herria; bere askapen nazionalerako tresna bat, Euzko Alderdi Jeltzalea; eta, garrantzitsuena dena, milaka pertsona, Alderdi hau oinarri harturik, jo eta ke lan egiten ari garenak emakume eta gizon askeek osatutako Euskadi aske hori, albait arinen lortzeko. Horixe da gaur hemen batu gaituen izpiritua, gure ideario osoa laburbiltzen duen esaldi borobila errealitate bihurtzeko: ‘Euskotarren aberria Euskadi da’”.

Ortuzarrek baieztatu duenez, beste talde politiko batzuk beren barruko anabasa eta kontraesanak kudeatzeko lanetan nahastuta dauden bitartean, EAJ-PNV eta zuzentzen dituen erakundeak egun egin beharreko lanetara daude. Horren erakusle gisa, aste honetan bertan Eusko Jaurlaritzak eta hiru Foru Aldundiek inflazioari aurre egiteko onartu duten neurri multzoa. “Oraindik ezin dugu jakin udazkenean zer etorriko ote zaigun, eta gure eskuetan ere ez dago nazioarteko krisi bat konpontzea. Gure eskuetan bai dago, ordea, euskal gizartea babestea, elkartasun- eta defentsa- harresi bat eraikitzea, krisi berri honen ondoriorik latzenak sufritzen ari direnak babesteko. Eta, horretan gaude buru-belarri euskal erakunde guztiak. Dakizuenez, aurreko ostegunean Eusko Jaurlaritzak eta hiru Foru Aldundiek erabaki dute Pertsona Fisikoen Gaineko Zerga murrizteko neurriak hartzea. Horren atzean dagoena da hiritarren poltsikoetan apur bat diru gehiago egongo dela bizitzaren gastuei aurre egiteko. Erabaki egoki, bidezko eta ausarta hartu dute euskal erakundeek. Eta, ez hori bakarrik, aitzindaria ere badelako. On egingo dio gizarte osoari. Beraz, hori da gure bidea, eta gu bide onetik goaz. Zailtasunak badaude, bai, baina erantzuna badago zailtasun handi horientzat. Eta egoten jarraituko du”, baieztatu du.

EBBren buruak euskal gazteen autonomia eta aniztasuna aldarrikatu nahi izan ditu “talde ideologizatu eta intoleranteek” euskal gazteria osoa eurena izango balitz bezala jarduten duten bitartean, azken asteotan ikuskizun lotsagarria eskaintzen ari direla nabarmenduz. “Gazteen arteko borrokak eta gatazkak, ertzain izateagatik ospakizun guneetan pertsonei betoa jartzeko ahaleginak, pertsonei ‘zipayo’ deituz egin zaizkien erasoak, txosnak jartzeko eskubidea nork duen erabakitzeko eskubidea bereganatu izana… Eta horren guztiaren atzean, gazteen kontrol politikoa egiteko norgehiagoka. Zorionez, euskal gazteria hori baino zabalagoa da, hori baino anitzagoa, eta talde ideologizatu eta intolerante horiek baino askoz ere zentzudunagoa”, baieztatu du EBBren buruak. Puntu horretan ere, Ortuzarrek ezker abertzaleari txarretsi dio gertakari horien aurrean “alboz” jarri izana. “Esan duten gauza bakarra da gazte disidente horiek ‘sektario’ eta ‘erreakzionario’ iruditzen zaizkiela. Eta nik, zera jakin nahiko nuke: norengandik ikasi dute horiek? Nor izan dute maisu? Nork izan ditu iraganean halako jokaerak… edo txarragoak? Nor dabil oraindik gauzak diren moduan deitzeko gaitasunik gabe? Hiltzea txarto egon zela esan gabe? Egunotan gertatzen ari den honetan guztian, ezker abertzaleko buruak ezin dira alboz jarri, beraiek kontu horrekin zerikusirik izango ez balute bezala. Hau izango da probarik nagusiena Aieteko adierazpenetik hona eman omen dituzten urratsak –gutxi izan arren– zintzoak ote diren ikusteko. Eta tamaina horretan utziko dut gaia, bestela, laster esango digutelako guztiari etekin politikoa atera nahi diogula. Inork halakorik ez egiteko modurik onena da ez gertatzea. Beraz, gu lanera: bakoitzak ditu bere kontraesanak, eta hauxe da eurena”, amaitu du.

Ortuzarrek era berean berretsi du Pedro Sánchez Moncloara eramateko eratu zen inbestidura-blokea finkatzeko EAJ-PNVk egiten duen apustua. “Gu leialak gara eta gure konpromisoak betetzen ditugu. Gure ustez gehiengo nahikoa egon badago gauzak egiteko eta ondo egiteko. Denbora ondo aprobetxatzeko eta erreformak sustatzeko, erreforma esanguratsuak, eta ez itxurakeriak, egunotan ikusten ari garenak bezalakoak. ‘Zenbat eta okerrago orduan eta hobeto’ goiburuari men eginez hauteskundeak derrigortu nahi dituztenen aurrean, guk nahiago dugu erabakimenez gobernatu eta neurriak jarri krisiari eta planteatzen zaizkigun ziurgabetasunei aurre egiteko. Eta horretako eskainiko dugu guk gure babes osoa, bai eta gure eskarmentu osoa ere”, baieztatu du. Hori bai, “horren truke” exijitu du “EAJrekin hori jarrera berori erakustea”. “Akordioak bete daitezela; Estatutuan bete gabe jarraitzen duten eskuduntza guztiak bideratzea; adostutako inbertsio guztiak egin daitezela; aurreikusitako proiektu guztiak egin daitezela; behar besteko urratsak eman daitezela Euskadik eta bere kirol selekzioek presentzia izan dezatela nazioarteko esparruan; Espainian ez daitezela egin euskal eskuduntzak inbadituko dituzten legeak; eta hasi gaitezela behingoz Estatuaren lurralde ereduaz hitz egiten Euskadiren eta Kataluniaren nahiei irtenbidea emateko, bakoitzaren nazio sentimenduak errespetatuz. Garaiz gaude oraindik, baina Sánchezek eta bere taldeak urratsa eman behar dute hitzetatik ekintzetara jauzi egiteko. Iraila bertan dago, ea oraingo honetan azterketa gainditzen duten”, amaitu du.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ