EAJ-PNVk Sexu Askatasunaren Legeak biktimei eskubide gehiago eskaintzen dizkietela nabarmendu du

Euskal Taldeak legea babestu du Senatuan, eta Eusko Jaurlaritzak sexu-indarkerien aurka ezarritako protokoloen balioa azpimarratu du
19
Uztaila
Senatua
PARTEKATU
19 Uztaila | Senatua

Euskal Talde Parlamentarioak Sexu Askatasunaren Berme Integralari buruzko Lege Organikoaren Proiektuari babesa eman dio; honenbestez, Senatuko tramitea gainditu du eta Kongresuan berretsi beharko da, zuzenketa bat sartu baita. Maria Dolores Etxano senatariak nabarmendu du lege-testuaren helburua dela “biktimei arreta, babesa, justizia eta erreparazioa emango dien erantzun egoki, integral eta koordinatua bermatzea”, Euskadin ere eman den bidea, martxoan onartu baitzen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta indarkeriarik gabeko bizitzetarako Legea aldatzea, baliabideak indartuz eta emakumeen aurkako indarkeria matxista mota guztien biktimei arreta emateko sistema zabalduz.

Etxanok ohartarazi duenez, informazioaren fokua Zigor Kodearen aldaketan kokatu bada ere, ‘Bakarrik bai da bai’ delakoaren legea bezala bataiatuz, lege horrek ez dio soilik zigor-alderdiari heltzen. “Argi dago Zigor Kodeak ez duela gizarte-arazoak konpontzeko ahalmenik, egiten zaizkion aldaketak gainerako politiken benetako hedapenarekin batera ez badatoz. Sexu-indarkeriei aurre egiteko arau-esparrua zabaltzeko, indarkeria horren oinarri diren genero-estereotipoak ezabatzeko ekintzak bultzatzeko, biktimentzako laguntza-baliabide egokiak abian jartzeko eta politika publiko eraginkorrak garatzea ahalbidetzeko asmo sakon baten ondorio da”.

Horrela, Zigor Kodearen 178. artikuluaren aldaketa egokitzat jotzeaz gain, emakumearen adostasuna erdigunean jarriz, baimenik gabeko egintza oro sexu-erasotzat joz, baita ere abusuaren eta sexu-erasoaren arteko bereizketa juridiko-penala desagertzea aztertzen da, “abusu-kasuetan eraso-delitua ukatzen zuen arazo sinbolikoa neutralizatzen du, iritzi publikoa gaitzespen penalaren larritasunaz eta garrantziaz nahasten zuena”. Neurri hori Istanbulgo Hitzarmenean ezarritakoaren ildotik doa; emakumeen aurkako indarkeria eta etxeko indarkeria prebenitu eta borrokatzeari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmena, lege hau onartzearekin batera Estatuko araudira aldatzen dena.

Etxanok “beharrezko lege horren partaide” izateak duen garrantzia baloratu du, “gizarteari mezu argia bidaltzen baitio”; izan ere, legeek “botere handia dute, esanahiak eta errealitateak sortzen dituzten heinean, eta esaten digute gizarte gisa zer onartzeko prest gauden”. “Beharrezko” lege horren garrantziaren ondorioz, Euskal Taldeak autonomia-erkidegoen eskumenekin bateragarria izan dadin lan egin du izapideak egin bitartean, eta hainbat zuzenketa eta oinarrizko eta funtsezko eskumen-babesa adostea lortu du.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ