EAJ-PNVk babestu egiten du gasa eta nuklearra hornidura bermatzeko lehentasunezko energiak izatea berriztagarriek egiten ez duten bitartean

Izaskun Bilbao Barandica Europako Parlamentuko EAJ-PNVko diputatuak gaur iragarri duenez, gasa eta energia nuklearra hornidura osatzeko lehentasunezko iturritzat jotzen dituen Europako batzordearen erabakia babestuko du, berriztagarriek % 100ean bermatzen ez duten bitartean. Ukrainako inbasioaren ondoren energiaren merkatuan sortu diren salbuespenezko egoerengatik hartu da erabakia, eta egoera hori gabe aurreikusitako plana egokitu behar da trantsizio energetikoari ekiteko. Jeltzaleek gogorarazi dute erabaki horrek ez dituela itun berdearen eta Europako klimaren legearen helburuak baliogabetzen, eta, gainera, helburu horiek betetzeko modu errealista bakarra dela
EAJ-PNVk babestu egiten du gasa eta nuklearra hornidura bermatzeko lehentasunezko energiak izatea berriztagarriek egiten ez duten bitartean
06
Uztaila
Europako Legebiltzarra
PARTEKATU
06 Uztaila | Europako Legebiltzarra

Arestian azaltzen da, hizkuntza arruntean, Europako Parlamentuak gai honen inguruan gaur bozkatu duen gaia: `Taxonomia klimatikoaren egintza delegatua eta taxonomiarekin lotutako informazioa zabaltzeari buruzko egintza eskuordetua aldatzea´. Jeltzaleek azaldu dutenez, trantsizioa ezin da pertsonen aurka egin, ez industriaren aurka, eta bizi ditugun aparteko egoeretan, Europako Batzordearen proposamena da modu pragmatiko eta errealistan jorratzeko modu bakarra. 328 diputatuk babestu dute jeltzaleen jarrera, eta 278k bozkatu dute Batzordearen proposamenaren aurka.

Europako parlamentuko euskal diputatuak  twitterren bidez zabaldu du gaur bere erabakia azaltzeko egin duen bideoa. Bertan azaltzen duenez, “Europako itun berdeak eta klimari buruzko Europako legeak ezartzen dituzten helburu klimatiko handiak indarrean daude oraindik. Baina horiek lortzeko lana ezin dugu aurrera eraman Ukrainaren inbasioa eta energia merkatuetan eta deskarbonizaziora begira diseinatutako estrategian izan dituen efektuak gertatu izan ez balira bezala.

Emisioak murrizteko helburu horiei eusteko, estrategia nagusiari eutsi behar zaio; ezinbestekoa da, azaldu du eurodiputatu jeltzaleak, “energia berriztagarrien eta emisioetan neutro diren energia alternatibo guztien bultzada bizkortzea. Baina teknologiak heltzen diren bitartean, azpiegiturak hedatzen diren bitartean, bizitzak aurrera jarraitzen du. Eta ezohiko egoera honetan energia-hornidura prezio jasangarrietan bermatu behar da”.

EAJ-PNVko diputatu andreak gaur goizean babestu duen erabakia ezinbestekoa da, halaber, “leku batzuetan askoz ere kutsagarriagoak diren sorkuntza-sistemak, ikatza kasu, erabiltzea saihesteko”. Baina, gainera, ikerketa- eta berrikuntza-prozesuei ateak ez ixtea ahalbidetzen du, fusioko energia nuklearrarekin lotzen diren prozesuei, esaterako. “Emisio gutxien sortzen dituzten azpiegiturak aprobetxatu behar dira. Eta bideak markatzen du proposamen hau. Horrela, salbuespenezko egoera honetan ere, helburu nagusi dugun trantsizioa segurtasunez eta modurik jasangarrienean egingo da”.

Izaskun Bilbao Barandicak jeltzaleek emandako argudio sortaren ondorio gisa azpimarratu du emisioetan neutroa izango den planeta baterako trantsizioa ezin dela pertsonarik gabe egin, ezta industriaren aurka ere. “Gure ongizatea dago jokoan, enplegu askori eustea eta ezinbesteko trantsizio baten bideragarritasuna bera. Paperak dena jasaten du. Errealitatea, ez. Ezetz esateak, alternatibak proposatu gabe, ez du ezertarako balio”.

 

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ