EAJ-PNVk berriro eskatu dio Espainiako Gobernuari Euskadik Europako Funtsen diseinuan eta kudeaketan parte har dezala

Itxaso Berrojalbizek ohartarazi du kogobernantza falta honek baliabideak produkzio-ehunera iristea atzeratzen duela. “Autonomia-erkidegoen benetako lankidetza egongo balitz, laguntza gehiago erakar genitzake, eta, gainera, arinago”
24
Ekaina
Eusko Legebiltzarra
PARTEKATU
24 Ekaina | Eusko Legebiltzarra

Itxaso Berrojalbiz EAJ-PNVko legebiltzarkideak gogor kritikatu du Espainiako Gobernua Europako Funtsen inguruan egiten ari den kudeaketa zentralista, "funtsezko tresna baita, Europako garrantzitsuena eta asmo handienekoa, etorkizuneko belaunaldien aurrerapenaren eta oparotasunaren oinarriak ezartzeko". Berrojalbizek baliabide horien diseinuan eta kudeaketan autonomia-erkidegoen parte-hartzeari sarrera ematea eskatu du, horrek inbertsio gehiago iristea eta tramitazio arinagoa eta eraginkorragoa ahalbidetuko lukeelako. "2020. urteaz geroztik, Europako baliabideen banaketan laguntzeko eta Euskadi inplikatzeko eskatu diogu Espainiako Gobernuari, ziur baikaude lankidetza handiagoarekin laguntza gehiago erakar genitzakeela".

Horrela mintzatu da Berrojalbiz Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren agerraldian, Europako Berreskurapen Funtsen egoeraren berri emateko. Legebiltzarkide jeltzaleak lan-eredua aldatzea eskatu du, funtsen gauzatzea eta izapidetzearen arintasuna bermatu ahal izateko. Orain arte ez da posible izan, aitortu du, baina "espero dugu Estatuaren aldetik erreakzio bat egotea" eta erkidegoak aintzat hartzea. "Eredu parte-hartzaile batek kontuan hartuko lituzke lurralde bakoitzeko kasuistikak eta beharrak, eta produkzio-ehunetan dauden desberdintasunak".

Agerraldian, ordezkari jeltzaleak kritikatu du Planaren ezarpena moteltzen ari diren oztopo burokratikoak eta enpresek Funtsetara duten sarbidea. "Gehiegizko burokrazia dago, eta horrek zaildu egiten die enpresa txiki eta ertainei laguntza horiek eskuratzea, gure ekonomiarentzat funtsezkoa den une batean. Tramite konplexu asko ari dira eragiten fondo horiek nahi den abiaduran ez hedatzea".

Nolanahi ere, esan duenez, beharrezkoa den baterako gobernantza hori azpimarratzen jarraituko dugu, "Euskadiri esleitzen zaiona ahalik eta eraginkorrena eta eraldatzaileena izan dadin eta ahalik eta baliabide-bolumen handiena izan dadin. Horren alde borrokatzen eta foro eta erakunde guztietan defendatzen jarraituko dugu, aspaldidanik egiten ari garen bezala". Eta bien bitartean, Eusko Jaurlaritza "ez da besoak gurutzatuta geratuko. Bere potentzial guztia lantzen eta hedatzen du, dagoeneko esleituta dagoena azkar eta modu eraginkorrean gauza dadin. Kudeatzeko gaitasuna dugu, eta hori baieztatzen ari gara".

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ