Populismo globalaren eta tokikoaren aurrean, “guztion ona defenditzen duten euskal erakunde sendo eta burujabeen” alde egiten du EAJ-PNVk

“Jo dezagun aurrera ekonomia, gizarte, kultura eta politikako erabakietan asmatuz Euskadi burujabea egiteko, ekonomia aldetik garatua eta gizarte aldetik bidezkoa”, erantsi du Egibarrek
12
Ekaina
GBB
PARTEKATU
12 Ekaina | GBB

Antzuolan egindako mitinean, bi urteko pandemia eta orain ia lau hilabete Putinek Ukraina inbaditu izanak ekarri duen gerra ostean gure herriko egoera politikoa aztertu du Joseba Egibar EAJ-ren Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak.

“Garai larriak ditugu oraingook eta ziurtasun eza da ezaugarrietako bat”, adierazi du, “eta krisiaren ondorioz gainean dugu benetako mehatxu bat: gizarteko desberdintasunak areagotu daitezke, era guztietako arrakalak sortu eta noraez politikoa hedatu”. Ohartarazi du egoera horixe nahi izaten duela populismoak bere atzaparrak zabaltzeko.

“Populismoa, tokikoa nahiz mundu mailakoa, ezkerrekoa nahiz eskuinekoa, ez da egitasmo ideologikoa, gizartea zatitu eta hausteko asmoz antolatutako bitarteko bat baizik; eta beharrezkoa zaio jendeak ahalik eta nazka gehien hartzea politikari”, azaldu du. “Politikatik aldentze horrekin zerikusia dute arazoak konpondu gabe pilatzeak, erakundeen ahultasunak eta, horren ondorioz, klase politikoaren izen txarrak”, erantsi du.

Buruzagi jeltzaleak azpimarratu du Euskadin ez dela horrelakorik gertatzen. “Ez da gure kasua”, azpimarratu du. “Batzuk eginahalean dabiltza kaosa eta gobernu eza dagoela nola sinestaraziko baina ezagun da euskal erakunde sistema sendoa daukagula, covidaren egundoko desafioari aurre egiteko kapaza eta osasun arloan eta soziosanitarioan behar den erabateko erantzuna eskaintzeko prestatua. Halaber, gure erakundeek frogatu dute gai direla Putinen gerraren ondorio humanitario, ekonomiko eta sozial larriei aurre emateko”, adierazi du.

Joseba Egibar ziur dago “egungo egoeran beharrezkoa dugula euskal erantzukidetasun politiko eta instituzionala guztion ona defenditzeko eta herri bezala orain datozkigun desafioei eta etorkizunean etorriko zaizkigunei heltzeko”. “Ez dute balio estrategia suntsitzaileek”, zehaztu du. Gainera, nabarmendu du beharrezkoa dela “gu guztion artean elkarte-balioak, erantzukizun eta diziplina soziala partekatzea”.

GBBko presidentearen arabera, “Eusko Alderdi Jeltzaleak urte askoko ibilbidea erakusten du eta balantze politiko ona dauka” eta hori bermea da erronka hauei guztiei aurre egiteko unean. “Zalantzarik gabe, balantze hori baloratua izan daiteke, eta kritikatua ere bai, baina, beste ibilbide politiko batzuen aldean, funtsezko erabakietan bete-betean asmatu izana dauka bere alde EAJ-k; funtsezko erabakiak, herriarentzako pentsatuak eta euskal emakume eta gizonen gehiengoak bermatuak”.

Egibarrek azpimarratu du “orain ere aurrera egiteko ordua dela ekonomia, gizarte, kultura eta politikako erabakietan asmatuz Euskadi burujabea egiteko, ekonomia aldetik garatua eta gizarte aldetik bidezkoa”. “Euskadik hazi egin nahi du, hazi egin behar du politikoki eta instituzionalki, egungo menpekotasun egitura gaindituz eta Estatuarekin harremana izateko estatus berri bat eraikiz, elkarrekiko begirunearen eta berdintasun politikoaren gainean”, esanez amaitu du mitina Joseba Egibarrek.

Gaur Antzuolan ospatu da Debagoienako EAJ-PNV Eguna eta bertan aritu dira hizlari Raquel Velasco Antzuolatarra, Itziar Alonso EGIkidea eta Aitor Urrutia legebiltzarkidea Jiseba Egibarrekin batera. Euzko Alderdi Jeltzaleko kide eta kargu publikoak Antzuolara hurbildu dira ekitaldi politiko honetara.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ