Itxaso Atutxak gogorarazi du Sánchez izan zela nazio-identitateak “aitortzeko beharrezko erreformak bultzatzeko konpromisoa” hartu zuena

BBBren presidenteak azaldu du hori izan zela Sánchezek EAJ-PNVrekin hitzemandako gaietako bat Espainiako Gobernuko buru izatera eraman zuen inbestidura-akordioa sinatu zuenean
01
Ekaina
BBB
PARTEKATU
01 Ekaina | BBB

Itxaso Atutxak, Bizkai Buru Batzarraren presidenteak, gaur goizean gogorarazi duenez, Pedro Sanchez bera izan zen 2019ko abenduaren 30ean Andoni Ortuzar EBBren presidenteak eta berak sinatutako inbestidura akordioan identitate nazionalak aitortzeko beharrezko erreformak bultzatzeko konpromisoa hartu zuena. Burukideak dokumentu horren 4. puntua ekarri du gogora. Horren arabera: Alderdien eta erakundeen arteko elkarrizketaren bidez, Estatuaren egituran tokian tokiko identitateak aitortzeko beharko diren erreformak bultzatzea, eta, hala badagokio, beharrezko lege-aldaketak adostea, Kataluniako auziari zein EAEko Estatutu berriaren negoziazioari eta akordioari irtenbide egokia aurkitzea xede, bien sentimendu nazionalak kontuan hartuta.

Euskadi Irratian eskainitako elkarrizketa batean, Bizkaiko exekutibako presidenteak Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak egindako adierazpenei erantzunez, bere nagusiarekin hitz egitera gonbidatu du, Sánchezek berak hartu baitzuen konpromiso hori: “Bere jefeari esan behar deutso”. “Sánchezek sinatu eban herrialdeen eta tokiz tokiko identidadeen aitortza horretarako bultzada bat ematea gugaz sinatutako akordioan. 2019ko abendukoa da, baina idatziz dago, publikoa da eta bere jefea dan Pedro Sánchezek sinatu eban”, azaldu du. Sánchezek sinatutakoaren arabera, “legeak aldatu behar badira ere, bultzada hori emoteko bidean, eurek horretan lan egingo dabe, bai eta Euskadiren auzian be. Beraz, uste dot, hemen arazoa ez daukagula guk; Eneko Anduezak daukala, eta ez horrenbeste PSOEk”, argitu du.

Beste gai batzuen artean, Atutxak ‘Entzunez Eraiki’ prozesuaren inguruan ere aritu da. Bere aburuz “betidanik” izan da garrantzitsua gizarteari entzutea. “Entzute prozesua etenbako prozesu bat izan behar dau, eta gaur inoiz baino gehiago”, gehitu du. Aldaketa sozial eta ekonomiko asko bizi ditugun garai honetan, “entzun egin behar dogu; jendearen beharrak, gogoak eta egoera pertsonalak ere, mundu mailan aldatzen diren neurrian, eurenak be aldatzen diralako”. Bizkai Buru Batzarraren presidenteak oso argi dauka “batzokietan edo gure egoitzetan soilik landuko doguna ez da izango gizarteagaz bat lan egiteko bidea; alkarren artean egingo doguna izango da benetako parte hartzea”, amaitu du.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ