Ortuzar: “EiTB Focus-en datuek erakusten digute EAJk erakundeetan egiten duen lanari buruzko pertzepzio sozial ona dagoela euskal gizartean”

EBBren presidenteak gogora ekarri nahi izan du Pedro Sánchezek EAJ-PNVrekin adostutako akordioaren bidez hitzeman zuela “egin beharreko lege erreforma guztiak egitea kataluniar gatazkari eta euskal auziari esparru juridiko eta legegilean konponbidea emateko, nazio sentimendu ezberdinak errespetatuz”
30
Maiatza
EBB
PARTEKATU
30 Maiatza | EBB

Balorazio positiboa, baina kautela handiarekin. Hala erantzun du Andoni Ortuzarrek EiTBk egin duen inkestaren emaitzak gaur bertan ezagutzera eman direla ikusita. Inkesta honen arabera EAJ-PNV garaile irtengo litzateke Euskadiko hiru hiriburuetan 2023ko maiatzean egingo diren udal hauteskundeetan. Radio Euskadiri eskaini dion elkarrizketan, Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak baieztatu duenez EiTB Focus-en datuek “pozik“egoteko arrazoia ematen dute baina ildo beretik gogoratu duenez “urte betea falta zaigu oraindik hauteskundeetarako, eta emaitza hauek balio behar digute gure taldeei eta gure jendeari halako lasaitasun puntu bat emateko, eginiko lanari buruzko pertzepzio ona dagoelako. Eta, balio behar du, batez ere, geratzen den azken urte honetan lanari ekiteko, eta ez boto bat edo beste irabazteko,baizik eta lana ondo amaitzeko”.

Ortuzarrek uste du inkesta honen emaitzak konfirmatzen duela “jendeak, gehiengo batez, ulertu egiten duela gu hor gaudela beti, aurpegia ematen; eguneroko gauzak ahal dugun ondoen kudeatzen ditugula eta Herri honek aurrera egiten jarraitzen duela, bere zailtasun guztiekin, baina aurrera”, baieztatu du. “Ezkerreko hiruko ituna” eratzeko eman daitekeen aukeraz galdetuta buru abertzaleak argi hitz egin nahi izan du. “Nik edozeini erakutsiko nioke debate batean EAJk erakundeetatik egiten dituen politikak ezkerreko alderdiek Espainian egiten dituztenak baino askoz aurrerakoiagoak direla. Ez dut inolako arazorik ministro batekin buruz buruko batean hori erakusteko, Espainian egiten duten ezkerreko politika hitzezkoa delako: egun osoa ematen dute progresismoa gora eta progresismoa behera, ezkerreko ekimenez eta politika aurreratuez hitz egiten, baina ez dute ezer martxan jartzen. Guk horrenbeste hitz egin gabe, ´progresismoarena´ egin egiten dugu. Gure politika publikoen sistema Estatukoa baino askoz ere aurreratuagoa da. Gainera, ezkerra-eskuina klitxe horiek kalean nabaritu ere ez dira egiten. Jendeak behar duena eta nahi duena da gauza publikoak ondo egin daitezela eta, ahal den neurrian, gizarte aurreratua bagara eta baliabideak baditugu, ondo bana ditzagula, justiziarekin eta elkartasunarekin. Eta hor, apaltasun osoz esaten dut hau, EAJk oso sistema orekatua dauka”.

Ortuzarri galdetu diote PSE-EEren idazkari nagusi Eneko Anduezak azken aldian egin dituen adierazpenez . “Maiz elkartzen naiz eta hitz egiten dut nik sozialistekin, bai eta Enekorekin ere, eta niri ez dizkit halakoak esaten. Ni geratzen naiz niri esaten didanarekin eta eguneroko gauzekin, akordioak ditugun gaiekin. Gauzak nahiko ondo doaz. Ez dut polemikatan sartu nahi, neurri batetaraino artifizialak direlako. Gure arteko harremana guztiz normalizatuta dago. Ondo ezagutzen dugu elkar, badakigu bestearen ahultasuna zein den, badakigu une bakoitzean zer beharrizan politiko dituen, zer komunikatu behar duen, bere publikoari zer esan behar dion. Nik uste dut adierazpen-fase honetan dagoela gaur egun PSE-EE. Guk, apal-apalik, gobernatzen jarraituko dugu eta gauzak ahalik eta ondoen eramaten”, izan da bere erantzuna.

“Burujabetza aldarrikatzen duenarekin” akordiorik hitzemango ez lukeela esanez Anduezak egin dituen adierazpenez galdetuta, EBBren presidenteak baieztatu duenez EAJ-PNVk “ez dio inori iruzur egiten, izenean daramagu: Euzko Alderdi Jeltzalea- Partido Nacionalista Vasco, Euskal Aberriaren alde egiten duen alderdia”. Halaber, Ortuzarrek gogora ekarri du Eusko Legebiltzarrean irekita jarraitzen duela Estatus Berriari buruzko debateak. “Guk behintzat ez daukagu kaxoi batean gordeta, ahaztuta egongo balitz bezala”, esan du. Eta gogoratu du “politikoki nabarmendu beharreko” jotzen dugun inguruabarra: “EAJ-PNVk Alderdi Sozialistarekin 2019ko abenduaren 30ean izenpetu zuen akordioaren laugarren puntuan, Pedro Sánchezek hitzeman zuen behar besteko lege erreformak egingo zituela kataluniar gatazka eta euskal auzia konpontzeko, Espainiako esparru juridiko eta legegilearen barruan auzi horiek biei konponbidea emateko, tokian tokiko nazio sentimenduen arabera. Nik ez dakit hori subiranotasuna den edo ez den, baina hori idatzita dago eta izenpetu egiten diren gauzak bete egin behar dira”, esan du.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ