EAJ-PNVk eta Euskadik Georgia Europako Batasunean sartzea babesten dutela adierazi dio Ortuzarrek Garibashvili lehen ministroari

EBBren presidenteak Georgiako gobernuko buruarekin hitz egiteko aukera izan zuen Tbilisin Georgiako Independentziaren egunaren kariaz egin zen ospakizunean
EAJ-PNVk eta Euskadik  Georgia Europako Batasunean sartzea babesten dutela adierazi dio Ortuzarrek Garibashvili lehen ministroari
27
Maiatza
EBB
PARTEKATU
27 Maiatza | EBB

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak Georgiako lehen ministroari, Irakli Garibashviliri, adierazi dio “EAJ-PNVk eta Euskadiko erakunde nagusiek” babesten dutela Kaukasoko errepublika gaztea Europako Batasunean sartzeko eta Estatu kide bihurtzeko duen asmoa. Ortuzarrek Garibashvilirekin hitz egiteko aukera izan zuen Georgiako Gobernuak atzo bertan, maiatzak 26, Tbilisin, Georgiako Independentzia ospatzeko egin zuen ospakizun ofizialean. “Lehen ministroari adierazi dizkiot gure babesa eta gure adiskidetasuna, alderdi gisa eta herri gisa, bizi dugun momentuan, horren egoera gatazkatsuan eta Ukrainako gerrak horrenbeste baldintzatzen gaituela, bereziki planetako erregio horretan. Georgiarentzat EBren barruan sartzea , ekonomiaren, gizartearen eta kulturaren garapenerako, lehenagotik ere guztiz beharrezkoa bazen, are ezinbestekoagoa da oraingo gerra egoeran”, baieztatu du Ortuzarrek. Europa eta Asiaren arteko mugan kokatuta egon arren, Georgiak Europari begiratu dio beti, askatasun- eta demokrazia- esparru den aldetik. Errusiarekin oso harreman konplikatuak dituzte gaur egun, tentsio oso handia ematen ari da, Hegoaldeko Osetian eta Abjasian dituzten lurralde gatazkengatik. EBren barruan sartzeak nazio gazte honi emango lioke bere demokrazia erabat garatzeko aukera, bai eta defentsarako bermea ere, kanpoko mehatxuei aurre egiteko”, esan du jeltzaleen buruak.

Ortuzar eta Kanpo Ekintza gaietarako burukide arduradun Mikel Burzako Georgiara bidaiatu ziren aurreko asteazkenean. Garibashvilirekin batzartzea ahalbidetu die Georgiako parlamentuko Kirol eta Gazteria gaietarako batzordearen presidente Mikheil Kavelashvilik. Manchester City taldeko futbolari ohia da , bai eta Georgiako kirolaren mito eta erreferente ere. Kavelashvili birritan izan da Alderdi Egunean Amets Georgiarra alderdiaren ordezkari gisa. Egun alderdi horren ordezkari eta ministro da Georgiako gobernuan. Ortuzarrek Garibashviliri adierazi dio EAJ-PNVk begi onez ikusten duela alderdi eta nazio bien arteko harremanak indartzen jarraitzea. Harreman sendoa eta aspaldikoa da Euskadi eta Georgia nazioak lortzen dituena, hainbat hamarkadatakoa,eta harreman horrek hainbat ekimen bideratzea ahalbidetu izan du orain arte. Esaterako, Tbilisiko unibertsitate publikoak Euskara eta Euskal Kulturari buruzko irakurletza eskaintzen du 2020ko irailean Etxepare Institutuaren eta esandako zentroaren artean izenpetutako lankidetza hitzarmenaren ondorioz. Halaber Caucasus International University-k sukaldaritza eskola ireki nahi du Basque Culinary Center-en laguntzarekin. Izan ere, jeltzaleak gonbidatu ditu Georgiak Espainian duen enbaxadore Ilia Giorgadzek, bihar Gernikako Arbolaren bigarren kimu bat landatzeko egingo den ekitaldira, Gurjaanin BCCk izango duen ordezkaritzan. Hiri honek adiskidetasun-harremanak ezarri ditu Araban Guardiako herriarekin. Ortuzar eta Burzakok Igandean hasiko dute Euskadira itzultzeko bidaia.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ