Lortutako akordioa balioetsi du Euskal Taldeak eta Ikus-entzunezkoen Legea babestu du

Joseba Agirretxeak ikus-entzunezko ekoizpen independenterako konponbide bat eskatu du, eta autogobernuaren, EITB antolatzeko ahalmenaren inguruan eta euskara sustatzeko esparruan EAJ-PNVk lortutako aurrerapen garrantzitsuak nabarmendu ditu
26
Maiatza
Kongresua
PARTEKATU
26 Maiatza | Kongresua

Kongresuko Euskal Taldeak Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko Lege Orokorraren Proiektuaren inguruan lortutako akordioa aldarrikatu du gaur, eta haren irizpenaren alde bozkatu du. Osoko bilkuran egindako eztabaidan, Joseba Agirretxeak, arlo horretako bozeramaileak, EAJ-PNVk lortutako aurrerapen garrantzitsuak nabarmendu ditu, baina Legean ekoizle independentearen figurak jasotzen duen tratamendua deitoratu du, PP eta PSOEren arteko azken orduko akordio baten ondorioz.

Hitza hartu duenean Agirretxeak gogora ekarri ditu Euskal Taldeak egindako hobekuntzak: lege Proiektuaren joera guztiz birzentralizatzailea iraultzea, ikus-entzunezkoen arloan EAEren autogobernua bermatzea, EITBn kanpoko esku-sartze oro ezabatzea eta euskararen presentzia handitzea.

"Hau ez da guk nahiko genukeen legea, baina garrantzitsuena salbatzea lortu dugu", azaldu du Agirretxeak. “Zorionez, eta eskumenen, telebista autonomikoen gobernantzaren eta eleaniztasunaren sustapenaren alde egin dugun lanari esker, gaur egun bozkatu dugun Legea ez dator bat Ministroen Kontseiluak onartu zuen proiektuarekin”.

Agirretxea bereziki poztu da Lege Proiektuaren hainbat ataletan zuzenketa bat sartzea lortu delako. Zuzenketa horrek bermatzen du euskaraz gutxieneko kuota eta finantziazioa, biztanle kuotaren irizpidea eta hizkuntza ofizial bakoitzerako %10eko gutxienekoa ezartzen baitu, autonomia erkidegoetako hizkuntza ofizial bakoitzerako gutxieneko presentzia bermatzeko. Era berean, eta besteak beste, EAJ-PNVk lortu du bermatzea EITBren emisioak Nafarroan autonomikotzat jotzen direla, Lege Proiektuak estatalizatu nahi zituenean.

Gai honetaz egin den balantzaren beste aldean, Agirretxeak ziurtatu du Euskal Taldea ez datorrela bat PPk eta PSOEk ikus-entzunezko ekoizpen independentean egindako aldaketarekin. Aldaketa horrek sektoreari kalte egin diezaioke, eta zuzenketa transakzional baten bidez arintzen saiatu da, EAJ-PNVk parte hartuta. «Ikus-entzunezko ekoizpen independentea funtsezko pieza da industrian; gai hori aldatu, zuzendu eta konpondu behar da», adierazi du.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ