Tbilisira bidaiatuko da Ortuzar Georgiako Independentziaren Egunaren ospakizunean parte hartzera

Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak eta Kanpo Ekintza gaietarako burukide arduradun Mikel Burzakok, Amets Georgiarra alderdiaren gonbidapenari erantzunez, lau eguneko bisita ofiziala egingo dute Kaukasoko Errepublika gaztera
Tbilisira bidaiatuko da Ortuzar Georgiako Independentziaren Egunaren ospakizunean parte hartzera
24
Maiatza
EBB
PARTEKATU
24 Maiatza | EBB

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidentea bihar, asteazkena, Georgiara bidaiatuko da lau eguneko bidaia ofiziala eginez, zeinak aukera emango baitio herrialde hartako Jai Nazionalean parte hartzeko, ostegunean bertan, maiatzak 26. Halaber, buru abertzalea Georgiara bidaiatuko da kontaktu politikoz betetako agenda hitzartuta, besteak beste aurreikusita baitauka Georgiako hainbat goi ordezkari politikorekin batzartzea. Kanpo Ekintza gaietarako burukide arduradun Mikel Burzakok Ortuzarrekin batera osatuko du Kaukasora joango den ordezkaritza jeltzalea, Amets Georgiarra alderdiak eginiko gonbidapenari erantzunez. Georgian egun gobernatzen duen alderdi honek aspaldiko adiskidetasun-harremana du EAJ-PNVrekin. Izan ere, Georgiako alderdiaren ordezkariak birritan izan dira EAJ-PNVren Alderdi Egunean, talde jeltzaleak Forondako zelaietan urtero egin ohi duen ospakizunean. Halaber, Burzako Georgiara bitan bidaiatu da beste horrenbeste hauteskunde prozesutan nazioarteko begirale gisa jarduteko.

Ortuzar eta Burzako Tbilisira iritsiko dira asteazken goizaldean eta agenda instituzional intentsua izango dute zain. Eguerdi aldean, burukideak Tbilisiko Unibertsitatean Gernikako Arbolaren kimua landatzeko ekitaldira joango dira. Izan ere, iaztik, Georgiako unibertsitate publikoak Euskara eta Euskal Kulturari buruzko irakurletza eskaintzen du 2020ko irailean Etxepare Institutuaren eta esandako zentroaren artean izenpetutako lankidetza hitzarmenaren ondorioz. Halaber, Euskadi harrera- lurralde izan zen Georgia eta Errusiaren artean 2008an eman zen gerratik ihesi irten diren dozenaka errefuxiaturentzat. Egun berean,arratsaldean, Ortuzar eta Burzako Amets Georgiarra alderdiaren presidente Irakli Kobakhidzerekin batzartuko dira herrialde horretako talde politiko nagusiaren egoitzan. Alderdi horretakoa ere bada Georgiako lehen ministro Irakli Garibashvili. Jarraian, euskal ordezkariak Georgiako Parlamentura joango dira Nikoloz Samkharadzerekin Kanpo Gaietarako Batzordeko presidentearekin batzartzera.

Ostegunean, Ortuzar eta Burzakok maiatzaren 26an Georgiako Independentziaren Eguna ospatzeko egingo diren ekitaldietan parte hartuko dute. Egun horretan ospatzen da Georgiako Errepublika Demokratikoa 1918ko maiatzean eratu zela. II. Mundu Gerraren ondoren eta Sobiet Batasunen Errepubliken Batasuna behin betiko erori aurretik, Georgiak bere independentzia aldarrikatu zuen 1991eko apirilaren 9an.

Ostiral goizean, Ortuzar eta Burzako Georgiako Museo Nazionalera egingo dute bisita ofiziala. Jarraian, Mikheil Kavelashvili Parlamentu Nazionaleko Kirol eta Gazteria Batzordeko presidentearekin batzartuko dira. Arratsaldean, burukideak Kajetiara joango dira, Euskadi ispilu eta eredutzat jotzen duen erregiora, bere turismo eskaintza eguneratzeko eta sustatzeko helburuarekin. Halaber, Ortuzar eta Burzako Gurjaani bisitatuko dute, non Caucasus International University-k sukaldaritza eskola ireki nahi duen Basque Culinary Center -en eskutik. Izan ere, jeltzaleak gonbidatu ditu Georgiak Espainian duen enbaxadore Ilia Giorgadzek larunbatean Gernikako Arbolaren bigarren kimu bat landatzeko egingo den ekitaldira delegazio honen egoitzan. Hiri honek adiskidetasun-harremanak ezarri ditu Araban Guardiako herriarekin. Larunbatean ere, burukide jeltzaleak David Songulashvili Georgiako Parlamentuko Ekonomiarako Batzordeko presidentearekin batzartuko dira. Azkenik, igandean, Ortuzar eta Burzakok Euskadira itzultzeko bidea hartuko dute.

 

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ