Ikastetxeen lidergoa eta ahalduntzea, etorkizuneko euskal hezkuntzaren mugarriak

Gaur, ostiralarekin, Euskal Hezkuntzaren egungo eta etorkizuneko erronkei buruz hausnartzeko eta eztabaidatzeko jardunaldia egin da Sabino Arana Fundazioan
Ikastetxeen lidergoa eta ahalduntzea, etorkizuneko euskal hezkuntzaren mugarriak
20
Maiatza
EBB
PARTEKATU
20 Maiatza | EBB

Jardunaldian, Eusko Legebiltzarrean onartu berri den Euskal Hezkuntza Eraldatzeko Oinarrien Akordioaren ardatz estrategikoetako bat jorratu da: ikastetxeen lidergoa eta ahalduntzea.

Jardunaldiaren hasierako saioan, Ana Esther Furundarenak, EAJ-PNV alderdiaren EBBko Hezkuntza arloko arduradunak eta mintegiaren koordinatzaileak, adierazi duenez, «euskal hezkuntzaren esparruan, une biziki garrantzitsua dugu oraingoa». Ildo horretan, Hezkuntzaren Euskal Lege berria izan du hizpide; izan ere, «hasteko, oinarrien akordio horrek EAEko ganberaren % 90ren baino gehiagoren babesa jaso duela» esan du, eta gaineratu du «egungo eta etorkizuneko hainbat erronkari erantzun behar diela».

Furundarenaren arabera, lege berriak aukera eman beharko du «ikaslea ikastetxean lekutzeko, hezkuntza-sistema osoa araututa». Halaber, azpimarratu du «bermatu behar duela gure seme-alabak ikasle engaiatuak, trebeak, erresilienteak eta osasungarriak izan daitezen».

Burukide jeltzalearen ustez, etorkizuneko Hezkuntza Legeak euskal hezkuntza-sistemaren egungo hainbat erronka landu behar ditu, besteak beste, «gizarte kohesionatua lortzea, hezkidetza, migratzaileak, kultura- eta hizkuntza-aniztasuna, inklusioa, ekitatea eta aukera-berdintasuna».

Bestalde, Hezkuntzako sailburuorde Begoña Pedrosak nabarmendu duenez, «ikastetxeetako zuzendariek eta zuzendaritza-taldeko gainerako kideek gero eta zeregin garrantzitsuagoa betetzen dute, bai antolaketari eta kudeaketari dagokienez, bai hezkuntza-erantzunaren kalitatearen etengabeko berrikuntza eta hobekuntza sustatzen duten alderdiei dagokienez». Azpimarratu duenez, «gaur egun, badirudi eskola-zuzendaritzaren garrantzia eztabaidatik kanpo dagoela. Ez dago ebidentzia hori ukatzeko moduko azterlan, ebaluazio edo jardunbiderik».

«XXI. mendeko eskola-zuzendaritzak gaitasuna eta lidergoa behar ditu, hezkuntza-erronka berriei erantzuteko estrategia berriak bultzatuko baditugu; hezkuntza-komunitateko kide guztiak helburu erkideetara bideratzeko eta aurreikusitako helburuak lortzeko gai izango den eskola-zuzendaritza», adierazi du Hezkuntza sailburuordeak.

Inguruabar horretan, Begoña Pedrosaren aburuz, «hezkuntza-lidergoaren eginkizun berriak sustatzen dituzten estrategia eta araudiak behar ditugu, euskal hezkuntza-sistemak dituen erronkei aurre egiteko».

Adierazi duenez, «beharrezkoa da zuzendaritza-talde egonkorrak ikaskuntzen kalitatea eta etengabeko hobekuntza sustatzen dituen komunitate- eta talde-proiektuen lider bilaka daitezen».

EAJ-PNV alderdiaren EBBko burukideaz eta Hezkuntzako sailburuordeaz gain, ikastetxeen zuzendaritza eta koordinazio didaktikoan eskarmentu zabala duten pertsonek parte hartu dute jardunaldian, hala nola Anna Jolonch i Anglada, pedagogoa, Hezkuntza Zientzietako doktorea eta Bartzelonako Hezkuntza Fakultateko arduraduna; Mikel Juaristi Izagirre, Gurutzetako ikastetxe publikoko zuzendaria; Eva Rodríguez Salcedo, Durangoko josulagunen ikastetxeko zuzendaria; Aitor Uriondo Usandizaga, Axular lizeoko zuzendaria; Xabier Balerdi Iraola, Euskadiko Ikuskatzailetza; José Manuel Bujanda Arizmendi, zuzendaria, irakaslea, ikasketa-burua, ikuskatzailea eta kabineteko zuzendari ohia; Laura Alegre Sanz, Kataluniako Generalitateko Funció Directiva i Lideratge Pedagógic saileko zuzendariorde nagusia; Josune Ariztondo, irakaslea eta kimikaria.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ