CNI arautzen duten legeak eguneratzea proposatu du EAJ-PNVk haren jardueren kontrol politiko eta judiziala hobetzera begira

Pegasus-ekin eginiko entzuketen inguruan sortu den eskandaluaren aurrean, Aitor Estebanek iragarri du Euskal Taldeak Lege Proposamen bat aurkeztuko duela zuzenbide estatuaren bermeen inguruan jarduteko, pertsona guztien “segurtasunaren onbeharrez” eta CNIren lasaitasunerako
17
Maiatza
Kongresua
PARTEKATU
17 Maiatza | Kongresua

Diputatuen Kongresuko euskal taldeak gaur iragarri du Lege Proposamen bat aurkeztuko dutela CNI arautzen duten legeak eguneratzeko. Hain zuzen ere, aldarazpen bikoitza proposatzen du ondorengo bi legeak aldarazteko: 11/2002 legea, maiatzaren 6koa, Inteligentzia Zentro Nazionala arautzekoa eta 2/2002 lege Organikoa, maiatzaren 6koa, Inteligentzia Zentro Nazionalaren aurretiazko kontrol judiziala arautzekoa, organismoaren kontrol politiko eta judiziala hobetzea xede.

Diputatuen Kongresuan egin den prentsaurrekoan, Aitor Estebanek Euskal Taldeko bozeramaileak baieztatu du Behe Ganberan erregistratuko duten ekimena izango da “zaratatik urruntzen den eta informazio zerbitzu baten funtsezkoena erasotzen ez duen proposamena”, eta gaineratu duenez azken aldian ezagutu diren gertakariek (Pegasus sistemaren bidez eginiko espioitza) agerian uzten dute arau hauek eguneratzeko “beharra”, azken aldarazpenean, “duela 20 urte, eman ez ziren urratsak osatuz”.

Hala, eta lehenengo eta behin, Euskal Taldeak izaera politikoko hainbat aldaketa proposatzen ditu. Alde batetik, CNIko Zuzendaria proposatu dezala Gobernuko presidentetza duen alderdiak (eta ez Ministro batek, gaur egun gertatzen den bezala), horrek “erantzukizun politikoko” terminoetan dakartzan inplikazioekin. Eta, bestetik, Sekretu Ofizialen Batzordearen bidez Ganberak egiten duen kontrol politikoa hobetzea, bertan dauden diputatuek ere ezagutu ditzaten CNIk egingo dituen jardueretan erabilitako “baliabideak”.

Bigarrenik, Euskal Taldeak proposatzen dituen aldaketak zuzenbide-estatuaren bermeak hobetzera bideratuta daude. Ildo horretan, eta aldez aurreko kontrolari dagokionez, ezartzen da hiru epaileko kide anitzeko organo batek baimenduko dituela oinarrizko eskubideei eragiten dieten CNIren esku-hartzeak, eta aho batez egingo dutela. Helburua da aurretiazko kontrol judizial horri berme handiagoa ematea, kontuan hartuta, gainera, kasu honetan, ez dagoela bigarren instantziarik.

Halaber, aldaketa garrantzitsua proposatzen da, Estebanen beraren hitzetan. EAJ-PNVren ekimenaren arabera, CNIk epaileen aurrean zehaztu behar ditu bere esku-hartzeetan erabiliko diren bitartekoen ezaugarri zehatzak, epaileek proportzionaltasun-printzipioa aplikatu ahal izan dezaten. Erabili nahi diren bitartekoen esku-hartze maila zein den jakin behar dute. Estebanek azaldu duenez, ez da nahikoa bitarteko generikoak izendatzea, baizik eta horiek pertsonen oinarrizko eskubideetan izan dezaketen eragina ezagutzea. "Bitarteko bat baimentzen duenak jakin behar du zer suposatzen duen horrek, eta gardentasun osoz”, berretsi du.

Azkenik, Euskal Taldearen Lege Proposamenak "ex post" kontrol bat ere ezartzen du. Kontrol horretan, esku-hartzea baimentzeko epea amaitu ondoren, edo baimena luzatzeko eskatzen denean, CNIk bere betearazpen-maila zehaztuko du, edukia lortutako baimen judizialera egokitu den egiaztatu ahal izateko.

“Proposamen hau eztabaidara irekita dago, baina uste dugu 20’ urteren buruan eta Pegasus-en inguruan ezagutu denarekin, praktiko izan behar dugula eta esparru zehatzera joan”, amaitu du Estebanek Euskal Taldeak laster erregistratuko duen Lege Proposamenaren defentsan.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ