Zarate: “Europaren Etorkizunari buruzko Konferentziaren ondorioak albait lasterren abiarazi behar ditugu”

40 aditu inguruk EBren indarguneak eta ahuleziak aztertu dituzte, eta Europaren Etorkizunari buruzko Konferentziaren amaierako txostenari erreparatu diote, Europako erakundeak erronka berrietara eta gerraosteko nazioarteko ordena berrira egokitzeko xedez
Zarate: “Europaren Etorkizunari buruzko Konferentziaren ondorioak albait lasterren abiarazi behar ditugu”
13
Maiatza
Bizkaia
PARTEKATU
13 Maiatza | Bizkaia

Europako Alderdi Demokratak (PDE-EDP) mintegi bat antolatu du gaur Sabino Arana Fundazioaren egoitzan, Bilbon, COVID-19ak sorrarazitako krisiaren eta Ukrainako inbasioaren osteko Europaren etorkizunari buruz hausnartzeko helburuz.

Europako hainbat erakunde eta antolakunde Europaren Etorkizunari buruzko Konferentziaren −CoFoE− ondorioak balioesteko eta abiarazteko egiten ari diren jardueren esparruan antolatu da jardunaldia. Hala, PDE-EDPk Konferentziako ordezkariak, Europako Parlamentuko diputatuak eta erkidego gaien inguruko adituak bildu ditu jardunaldi honetan, galdera bakun eta guztiz egoki bati erantzuteko: Eta orain, zer?

Sabino Arana Fundazioaren presidente Mireia Zaratek, jardunaldiko anfitrioiak, hitzaldiaren hasieran esan du «CoFoE orain arte aurrekaririk izan ez duen deliberamenduzko demokraziaren ariketa izan dela Europaren eraikuntzaren historia luzean», eta azpimarratu du «esperientzia berritzailea izan dela eta jarraipena izan beharko duela gure demokraziak hobetzeko ahaleginean».

Sabino Arana Fundazioaren presidentearen aburuz, «pandemiak eragindako krisia» eta, batez ere, «Errusiak Ukrainari egindako erasoa» dira «eraldaketez beterik datorkigun garai berri honen arrazoiak».

«Inbasio anker horrek asaldatu egin gaitu, eta zatiketak nahiz bereizketak gure bizikidetzari eta balioei dakarzkieten arriskuez jabearazi gaitu. Bakea lortze hutsagatik balitz ere, Europako batasuna indartzea justifikatuta legoke» nabarmendu du Zaratek.

Era berean, Zaratek azpimarratu du erabakiak hartzeko ahobatezkotasuna kendu behar dela, funtsezkoa baita EBk iraun dezan. «Nahitaezkoa da ahobatezkotasunaren tiraniatik askatzea. Kultura eta subiranotasun partekatuen aniztasun-ingurumari batean, horietan oinarrituta europar subiranotasuna eratzen baita, ahobatezkotasunaren tresna ez da demokratikoa, ez eta eraginkorra ere», adierazi du.

PDE-EDPko idazkari nagusi Sandro Goziren agur-hitzak entzun ostean, Guy Verhofstadtek, Parlamentuaren izenean, Batzorde Betearazleko presidentekide den aldetik, honako hau adierazi du: «herritarren gomendioek eta Europaren Etorkizunari buruzko Konferentziaren ondorioek bide-orria eskaintzen digute EB garrantzirik gabekoa erakundea izan ez dadin edo desager ez dadin».

«Bada Europa berri, eraginkor eta demokratikoagoa izateko modua. Europa burujabea, jarduteko gauza dena, herritarrek espero duten bezala. Ezin da denborarik galdu. Ohore egin behar diogu Konferentziaren emaitzari, eta horren ondorioak albait arinen abiarazi behar ditugu», azpimarratu du.

Urtebetean, 2021eko maiatzaren 9tik 2022ko maiatzaren 9ra, Europar Batasunak aukera eman die herritarrei Europaren erronkei eta lehentasunei buruz eztabaidatzeko eta bost, hamar edo hogei urte barru EB nolakoa izango den taxutzeko. Urtebeteko eztabaida eta lankidetza bideratu da herritarren eta politikarien artean, eta horren txostena ondu da. Txostenak 49 proposamen eta helburu zehatzak dakartza, bai eta EBko erakundeek aplikatu beharreko 320 neurri baino gehiago ere, bederatzi arlotan banatuta: klima-aldaketa eta ingurumena; osasuna; ekonomia sendoagoa, justizia soziala eta enpleguak; EB munduan; balioak eta eskubideak; zuzenbide-estatua, segurtasuna; eraldaketa digitala; Europako demokrazia; migrazioa; hezkuntza, kultura, gazteria eta kirola.

Alabaina, bien bitartean, bi krisialdik nazioarteko testuingurua eta CoFoEren eta planak nahastu dituzte. Alde batetik, Covid-19a eta, Konferentziaren azken txanpan, Ukrainako inbasioa eta gerra. Horregatik, Europak bi krisi horien ziozko ondorioetatik ikasi behar du, erakundeak erronka berrietara eta gerraosteko nazioarteko ordena berrira egokitzeko xedez.

EBren indarguneak eta ahuleziak aztertzeko eta erronka globalei erantzuten saiatzeko, berrogei pertsona inguruk parte hartu dute mintegian eta txostenak aurkeztu dituzte, besteak beste, ondokoek: Pernando Barrena, Europako Legebiltzarreko diputatua eta CoFoEko kidea; Josune Gorospe, Diputatuen Kongresuko kidea Gorteek CoFoEn duten ordezkaritzako kidea; Europako parlamentuko diputatu Izaskun Bilbao eta Laurence Farreng; Mikel Burzako, EAJ-PNV alderdiaren EBBko kidea; Patxi Aldecoa, CFEMEko presidentea eta CoFoEko kidea; José Ramón Bengoetxea, Zuzenbidearen Teoria Juridiko, Soziologia eta Filosofiako katedraduna; Juan Carlos Piñeiro, Compromiso por Galicia (CxG) alderdiko idazkari nagusia; Alba Cela, Nazioarteko Azterlanen Albaniako Institutuaren Europako programaren zuzendari exekutibo eta presidentea; eta Igor Filibi, UPV/EHUko Nazioarteko Harremanen Saileko irakasle eta Eurobasqueko idazkari nagusia.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ