EAJ-PNVk txalotzen du Europaren Etorkizunerako Konferentziak proposatzen duen EB federalagoa, sozialagoa, iraunkorragoa eta Euskadi moduko errealitateetatik hurbilago egongo dena

Izaskun Bilbao eta Josune Gorospe diputatu jeltzaleek deitoratu dute Estaturik gabeko Nazioei, Batasunak babestutako negoziazio-prozesu demokratikoak eta beren etorkizunari buruzko kontsultak egitea ahalbidetuko liekeen Argitasun Zuzentaraua ondorioen agirian ez jasotzea, Europako hiritargoak gehien babestu dituenetako bigarrena izan arren
12
Maiatza
Europako Legebiltzarra
PARTEKATU
12 Maiatza | Europako Legebiltzarra

Federalagoa, sozialagoa, iraunkorragoa eta anitzagoa izateaz gain Euskadi moduko entitate instituzional, kultural eta sozio-ekonomikoetatik hurbilago egongo den Europari ematen zaion babesa da EAJ-PNVk Europaren Etorkizunari buruzko Konferentziaren ondorioen artetik gehien nabarmentzen duena, COFoEk bere lanak iragan astelehenean amaitu ondoren. “Europa berri honetan Euskadi subjektu aktibo izatea dugu helburu”, esan du gaur Izaskun Bilbao Barandicak Josune Gorospe diputatuarekin batera Sabin Etxean eskaini duen prentsaurrekoan. Konferentziaren inguruan egiten duen balantzearen aurkezpenean nota txar bat eman nahi izan du EAJ-PNVk: ondorioen agirian Argitasun Zuzentaraua jaso ez izana, EAJ-PNVk azken urteotan behin eta berriz proposatu duen zerbait, Europa osatzen duten eta Estaturik ez duten Nazioei, hauen artean Euskadiri, prozesu demokratikoak eta negoziazio-prozesuak, batasunaren babespean, eta etorkizunari buruz erabakitzeko kontsultak. Ondorioen txostenetik ezabatu dute parte-hartze prozesu honetan hiritargoak gehien babestu dituen proposamenen artean bigarrena izan den arren.

Europako Parlamentuko euskal diputatuak eta Gorospek, Diputatuen Kongresuak Konferentziaren osoko bilkuran parte hartzeko aukeratua izanik, gaur arratsaldean Sabin Etxean aurkeztu dute talde jeltzaleak parte-hartze prozesu honetaz egin duen balorazioa. Gorospek telematikoki parte hartu du, bere etxean dagoelako berrikitan egin dioten ebakuntzaren ondoren. Bilbao Barandicak Konferentzian kide izan duenak eginiko lana deskribatzeko orduan zera esan du “gure erakunde osoak eta erakundeetan dituen ordezkariek egin duten talde-lanaren adierazpenik ikusgarriena izan da, eta horregatik txalotu, eskertu eta zoriondu dugu”.

Legebiltzarkide biek esan dute Konferentzia izan dela “Europaren eraikuntza prozesuan hiritargoa zuzenean inplikatzeko egin den saiakera orokorra”. Abian jarri zen testuingurua kontuan hartuta, parte-hartzaileek aukera izan dute Europar proiektuaren bi une zehatzetan emaniko erantzuna alderatzeko, bata izan zen 2008ko krisiari eman zitzaion erantzuna eta bestea pandemiaren aurrean eman dena. “Hala, hiritargoak hobekuntzak proposatu ahal zituen Bruselatik oso tresna eta errezeta ezberdinekin jorratu ziren krisi global biri Europak eman zien erantzunen emaitza alderatu ondoren”. Era berean exijitu dute “parte hartze prozesu honek jarraipena izatea, sakontzea , eguneroko lan bihurtzea eta gobernantza maila guztietara zabaltzea. Babesten dugu Konferentziak hirugarren Konbentzio bati bide ematea itunak aldarazteko eta federazio berri hau bultzatzeko egin behar diren aldaketak bultzatzeko”.

EAJ-PNVk balantze honetan nabarmendu du eman den parte-hartze handiak eta aurkeztu diren proposamenen kalitateak erakusten dutela “Pertsonak Europako proiektuarekin konektatuta daudela” eta “benetako federazio bihurtzea nahi dutela, guk babesten dugun zerbait Europako proiektuaren fundatzaile garen aldetik betidanik bultzatu izanak ematen digun zilegitasunarekin”.

Europako Parlamentuko diputatu andreak nabarmendu duenez COFoEk irudikatzen duen Europar Federazioan “Euskadi bezalako errealitateek asko dute irabazteko. Europako Federazioko subjektu politiko aktibo izan nahi dugu, bere aniztasun guztia barne hartuko duena, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeen balioa aitortzen duena eta erakunde horiekin bere zereginarekin eta gaitasunekin koherentzian erlazionatuko dena. Erreferentzia bat, azken finean,berrikuspen sakona behar duten estatu nazioa bezalako kontzeptuen berrikuntzan”.

Jeltzaleen aburuz COFoEren ondorioak EAJ-PNVren proposamenetara eta Europarako planteatzen duen proiektura hurbiltzen dituzten zedarri nagusiak dira: Europa gehiago, Batasun sozialagoa, hurbilagoa eta eskubide eta askatasunen defentsara bideratua.

Guk nahi duguna da, esan du Izaskun Bilbao Barandicak “egitura sinpleagoa izango duen Europa bat, erabakiak hartzeko orduan arintasun eta gardentasun handiagoarekin egingo duena. Batasunaren Defentsa eta Kanpo Ekintza propioa izango dituena. Europa sozialagoa bultzatzen dugu, erresilienteagoa eta iraunkorragoa: Berdea. Ekonomia zirkularrean oinarritutako garapenarekin, autonomia estrategikoarekin. Europa hurbilagoa nahi dugu, “Aniztasunean Batuta” goiburuari zentzu osoa emango diona. Azkenik, askatasunen Europa exijitzen dugu, edozein estatu kidetan zuzenbide estatua narriatzen denean esku hartuko duena printzipioak lehenetsiz eta interesak baztertuz”.

Ekitaldian hedabideetako profesionalei eman zaie EBBk Konferentziaz egiten duen balorazioa, hemendik jaitsi ahal dena.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ