Hizkuntza aniztasuna sustatzea eta Europako demokrazia eta maila anitzeko gobernantza indartzea dira EAJ-PNVk eta PDEk CoFoEri egin dizkioten ekarpen nagusiak

Europaren Etorkizunari buruzko Konferentziaren zazpigarren eta azken bilkuran, Josune Gorospek, Euskal Taldeko diputatu eta eztabaida gune horretara Gorteek bidali duten ordezkaritzako kideak, Hezkuntza, kultura, gazteria eta kirola lantaldeak adostu duen agiria defendatu du, lantalde honen bozeramaile gisa jardun duelarik
29
Apirila
Kongresua
PARTEKATU
29 Apirila | Kongresua

EAJ-PNVk eta Europako Alderdi Demokratak (PDE) funtsezko hainbat elementu sartzea lortu dute Europaren Etorkizunari buruzko Konferentziak (CoFoE) bere azken osoko bilkuran asteburu honetan aurkeztu dituen azken proposamenetan. Elementu hauen ardatz nagusi dira adostu diren 9 agirietan planteatu diren hiru gai nagusiak: hizkuntza aniztasuna sustatzea, Europako demokrazia indartzea eta maila anitzeko gobernantza aitortzea.

Eztabaidarako sortu zen espazio honetan egin den zazpigarren eta azken bilkuran, Josune Gorospek, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeko diputatu eta Konferentziara Gorteek bidali duten ordezkaritzako kideak, Hezkuntza, kultura, gazteria eta kirolaz arduratu den Lantaldearen bozeramaile gisa defendatu du bere taldeak egin duen azken agiria, non EAJ-PNVren ekarpenak jaso baitira.

Hitza hartzeko izan duen tartean Gorospek aipatu du Europako Batasunaren goiburua: “Aniztasunean batuta”, eta nabarmendu du aniztasuna dela,hain zuzen, “Europar herriko kide garen heinean harrotasunez aldarrikatzen dugun ezaugarria”. Kultura aniztasuna da, hezkuntzarekin eta kirolarekin batera “gizarte kohesiorako faktore”, bai eta “europar demosik ez izateak dakarren ezintasuna gainditzeko bide” ere.

Hala, aniztasunean eta giza eskubideen defentsan oinarritutako baloreetan sustraitutako europar identitate partekatua eratzeko bidean, EAJ-PNVk “aurrerapausoak” lortu ditu hizkuntza gutxituen aitorpenean eta hizkuntza txiki horiek Europako Batasunak ulertzen duen hizkuntza aniztasunaren kontzeptuan jasotzea. Aldarrikapen honen arabera, proposamen bat jasotzen da EAJ-PNV oso bereziki “asebetetzen” duena: hizkuntza aniztasuna sustatzeko “europar instantzia” eratzea, babes berezia behar duten kultura gutxituei adierazteko aukera ematea,alegia, besteak beste, tresna komunitarioak euskaraz, katalanez eta galegoz ere eskaini ahal izan daitezen.

EAJ-PNVk eta PDE-Europako Alderdi Demokratak landu duten bigarren bloke nagusiari dagokionez,hau da,Europako demokrazia indartu beharrarekin zerikusia duenaren barruan, proposamen batzuk jasotzea lortu da,hauen artean “Europako gaiei buruzko nazioz gaindiko eztabaidari bultzada ematea eta hiritarren eta bere ordezkari hautetsien arteko lotura indartzea”. Printzipio hauek artikulatzen dira gaur egin den osoko bilkuran adostu diren ondorio-agirietan jasotzen diren neurrietan, eta planteatzen dute EBren erakundeetan erabakiak hartzeko eta bozketak bideratzeko orduan indarrean dauden arauak berrebaluatzea, estatuen azpiko erakundeen parte hartzean aurrera egitea, balore demokratiko komunak indartzea edo Europako Parlamentuak ekimen legegilerako eskubidea izan dezala, besteak beste.

Amaitzeko, EAJ-PNVren ekarpena izan da maila anitzeko gobernantza eta subsidiariotasun aktiboa aitortuak izan daitezela “EBren funtzionamendu onerako funtsezko printzipio eta oinarrizko ezaugarri diren heinean”. Zentzu berean eta proposamenen bidez, izaera aktiboagoa ematen zaie eskumen legegileak dituzten Parlamentuei, eta adostu da zeregin handiagoa ematea erakundeen egituraketan, toki eta erregio esparruari.

Azken osoko bilkura honek bide emango dio orain dela urte bete hasi zen prozesuaren amaierari. Maiatzaren 9an izango da, Europaren Eguna ospatzen den egun berean. Konferentziaren Kontseilu Exekutiboak azken txostena emango die EBko erakundeetako presidenteei. Prozesu osoaren eta txostenaren balorazioa egingo du publikoki EAJ-PNVk.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ