Aitor Estebanek ustezko espioitza kasua “larri eta onartezin” jo du, eta bere aburuz “Espainiako gobernua eskainitako irtenbideak ez dira baliagarriak”

Euskal Taldeko bozeramaileak gai horren inguruko galdera bat egingo dio ministro andreari asteazkeneko kontrol bilkuran, eta egoki jotzen du Kongresuaren baitan Batzorde bat eratzea gertatutakoa ikertzeko. Era berean erreklamatu du “Exekutibo zentralak ikerketa serioa egitea”
25
Apirila
Kongresua
PARTEKATU
25 Apirila | Kongresua

Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaileak, gaur berretsi du “oso kezkatuta” dagoela 60tik gora lider independentistari ustez egin zaien espioitzarekin, aurreko astean ezagutzera eman zena. Estebanek kasu hau “larri eta onartezin” jo du, eta gaineratu duenez “Espainiako gobernuak eskainitako irtenbideak ez dira baliagarriak”.

Onda Vascan egin dioten elkarrizketan, Aitor Estebanek esan du Kongresuak Ikerketa Batzorde bat eratu behar duela, parlamentuan ordezkatuta dauden 10 alderdi politikoek eskatutakoari erantzunez, hauen artean EAJ-PNV, eta Exekutibo zentralari erreklamatu dio “ikerketa serioa” egitea gertatutakoaren inguruko datuak emateko: “Gastu erreserbatuen Batzordearen bilkurarekin ez goaz inora.(…) Hau AEBn gertatu izan balitz, sakontasun osoz ikertuko litzateke eta galdeketa serioak egingo lirateke”, baieztatu du.

Hain zuzen ere, Estebanek gogoratu du asteazkenean galdera bat egingo diola kontrol bilkuran Margarita Robles defentsa ministro andreari. Bozeramaile jeltzaleak jakin nahi du “zer legeren artikuluk eragozten dio Gobernuari Parlamentuari informazioa ematea Estatuak Pegasus programari eman dion erabilerari buruz”. Gaur goizean eginiko adierazpenen arabera, Aitor Estebanek “legeria aldatzea” eskatuko du Espainiako gobernuak “konbentzitzen bagaitu  legearen arabera informaziorik ematerik ez duela”. “Ez da onargarria Estatu demokratiko batean halako gauza bat gertatzea eta inork ikertzerik ez izatea; Parlamentua babesgabe geratzea. Horrek esan nahiko luke Espainiako legeria erabat desegokia dela”, nabarmendu du.

Hain zuzen ere, Aitor Estebanek salatu du “Gobernuak erantzun gabe  jarraitzen duela” Euskal Taldeak aspaldidanik eskatzen ari den Sekretu Ofizialen Legearen erreformari dagokionez. “Gure proposamena blokeatuta dago Kongresuan eta Gobernuak ez du bere ekimena aurkeztu. Egoerak bere horretan jarraitzen du”, deitoratu du.

Edozein kasutan, Estebanek baieztatu duenez EAJ-PNVk “ez ditu gaiak nahastuko, bereziki hiritargoarentzat berebizikoak izan daitezkeenak”, hauen artean Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuna emateko presazko neurrien Lege Dekretua. Egoera ekonomiko eta sozialari dagokionez, Estebanek adierazi du espero duela “Europako Batasunak behingoz ebaztea penintsulan energiaren prezioa ezartzeko ematen den salbuespenaz, hori baita inflazioa jaitsi ahal izatera eraman gaitzakeena”.

Amaitzeko, Esteban kritiko agertu da Sánchez presidentearen jokaerarekin “askotan ausartu egiten baita beste alderdiekin osatzen den gehiengoaren mende dagoela ikusi gabe”. Hala, esan du elkarrizketa Gobernu zentralarekin “etengabea” dela “egoerak konpontzen saiatzeko”. Hain zuzen ere, aipatu du “aurrerapauso handiak” eman direla Ikus-entzunezkoen Legean, baina ez ,ordea, Etxebizitzaren legean edo Kirolaren Legean “kezka handia” eragiten diotela nabarmenduz.

FRANTZIAKO HAUTESKUNDEAK

Estebanek atzo Frantzian presidentetzarako egin ziren hauteskundeen balorazioa egin du, garailea Emmanuel Macron izan delarik bigarren itzulian Marine Le Pen ultraeskuineko taldearen hautagaiaren kontra lehiatu ondoren. Hain zuzen ere, bozeramaile jeltzaleak eskatu du hauteskundeak “perspektibarekin aztertzea”. “Bosgarren Errepublikan eginiko hauteskundeen bigarren itzulian, abantailarik handiena beti izan delako ultraeskuineko indarraren kontra lehia den indarrarentzat”, atzokoan gertatu bezala. Hala, Estebanek esan du “kezka erlatiboa” eragiten diola Frantziako ultraeskuineko alderdiak ezagutu duen gorakadak “Europan une honetan ematen ari diren inguruabar latzekin eta ultraeskuinaren aurrerakadarekin”. “Ez dut uste Frantziako gizartea ultraeskuinerantz mugitu denik eta kandidatura hau egun batetik bestera irabazteko moduan egon daitekeenik”, baieztatu du.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ