EAJ-PNVk Gernika aukeratu du, bakearen eta askatasunen sinboloa, igandean Bilbon Aberri Eguna ospatzeko egingo duen ekitaldia aurkezteko

EBBren idazkari Mireia Zaratek eta Joseba Aurrekoetxea burukideak gaur eman dute ezagutzera Aberri Exekutiba jeltzaleak Aberri Egunaren 90. Edizioaren kariaz egin duen adierazpena ezagutzera emateko
14
Apirila
EBB
PARTEKATU
14 Apirila | EBB

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian. 

Mireia Zaratek, Euzkadi Buru Batzarraren idazkariak, eta EBBren Antolakuntza burukide Joseba Aurrekoetxeak gaur goizean, Gernika-Lumon, Picassoren ‘Guernica’ muralaren ondoan aurkeztu dute EAJ-PNVk igandean Bilboko Plaza Barrian 2022ko Aberri Eguna ospatzeko egingo duen ekitaldia. Aurtengo ospakizunetarako egin den kartelean, goiburu zehatz bat jarri beharrean, Aberri Egunaren 90. edizioa izango dela nabarmendu nahi izan da, lehen Aberri Eguna 1932an ospatu zela gogoratuz. Halaber, gaurko aurkezpenerako Gernika-Lumo aukeratu izana ere lotuta dago erabat talde jeltzaleak Aberri Egunean zabalduko dituen mezuekin: alde batetik, Ukrainako inbasioaren eta Errusia Ukrainako biztanleria zibilaren aurka egiten ari den gizateriaren aurkako gaitzespenik sendoena adieraztea; bestetik, EAJ-PNVk 1895ean sortu zenetik Euskadirentzat erreklamatzen duen askatasun aldarrikapenaren izaera bakezale, demokrata eta humanista sakon eta ukaezina azpimarratzea. Gernika baino leku hoberik ez dago, bakearen eta Euskal Herriaren askatasunen munduko sinboloa, ukrainar herriari elkartasuna, hurbiltasuna eta babesa erakusteko, zilegitasun osoz bere askatasunaren alde borrokatzen ari den une honetan.

Bilboko Plaza Barriko ekitaldi politikoa 11:30ean hasiko da igandean, eta hizlari izango ditu Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Andoni Ortuzar EBBren presidentea. Pandemiaren eraginez ezarri behar izan zen itxialdiagatik 2020ko jaia bertan behera utzi ondoren, eta 2021eko jaia formatu murriztuan egin behar izan ondoren, igandekoa izango da EAJ-PNVrentzat alderdikide eta alderdizaleekin berriro elkartzeko Aberri Eguna.

Zaratek eta Aurrekoetxeak Aberri Eguneko adierazpena ere eman dute ezagutzera, Euzkadi Buru Batzarrak aurreko asteleheneko bilkuran onetsi zuena. EBBren idazkari andreak agiri horren zati batzuk irakurri ditu gaurko aurkezpenean. Hau da adierazpen osoa.

Euzkadi Buru Batzarraren adierazpena

90 urte bete dira euskal abertzaletasunak, demokratikoki, Euskal Aberriaren eraikuntza erreklamatu zuenetik. Euskadi aberri gisa eta proiektu eta subjektu politiko gisa suspertzea aldarrikatu zuenetik. Aldarrikapen hura, harrezkero Pazko Igandez errepikatzen dena, talde borondatearen adierazpen aske bihurtu zen, bai eta herritargoaren borondatetik sortu zen herri egitura formalizatzeko erreklamazio zilegi ere, demokraziaren printzipioekin eta giza eskubideekin bat eginez.

90 urte bete dira lehen Aberri Egun hartatik, Euskal aberriaren lehen aldarrikapenetik. Urte bete geroago –1933ko Aberri Egunaren goiburua ‘Euzkadi Europa’ izan zen–, garai hartan sortzeko bidean zegoen Europari lotu zitzaion. Herrien federazio gisa eratu nahi zen, Kontinente Zaharrean bakea, garapena eta justizia soziala bermatzeko. Baina adiskidetasun eta etorkizun hoberako itxaropen hura bertan behera geratu zen handik eta lasterrera. Gizakiaren krudeltasuna, gerraren eraginez, herri hau (Guda Zibila) eta Europa osoa (II. Mundu Gerra) jarri zituen hondamenaren, izu-ikararen eta etsipenaren mende.

Denbora luzea igaro da ezbehar haietatik; zilegitasun demokratikoaren kontrako altxamendu armatutik; herritargo zibil babesgabeak suaren bidez menderatzeko bonbardaketetatik, zeinaren bidez potentzia militarrek basakeriaren forma berriekin esperimentatu baitzuten; beldurraren diktadurak eginiko krimen indiskriminatuetatik. Urteak eta urteak igaro dira sufrimendu hartatik, errepresio hartatik, gizarte osoa menderatzeko bortizkeria hartatik; baina gerrak uzten dituen zauri sakonek orbandu gabe jarraitzen dute herri honetako hainbat familiarengan, kasu askotan etorkizuna zapuztu baitzitzaien, etxekoak eraman baitzizkieten eta familiaren bizimodu osoa desitxuratu baitzieten. Egun, Euskadin gerraren amaieratik 85 urte igaro diren arren, gure inguruan hobiek agertzen jarraitzen dute gudari eta milizianoen gorpuzkiekin, hil egin baitzituzten edo desagertu egin baitziren etxekoek gertakarien edo haien kokapenen berririk izan gabe. Gure betebeharra da, giza sakrifizio haren oinordeko garen heinean, beren gorpuzkiak berreskuratzea, identifikatzea, beren senideei itzultzea eta merezi duten ohorea ematea, zor zaien aitortza eta erreparazio gisa.

Gure lehenagokoek jakin zuten herri honen etorkizunak Europari lotuta egon behar zuela ezinbestean. Hala, Europako mugimenduaren sorreratik parte hartu zuten indarrak batzea helburu zuen herrien eta nazioen amets federalean, iraganeko hutsegiteekin amaitzeko eta nazioen artean bakezko eta oparotasunezko aliantza finkatzeko. Europa izan da, urteotan, bake- eta lankidetza- proiektu bateratuaren bermea. Batasunaren ametsa, azken gerra handiaren ostean sortua, eta merkatu batuaren beharragatik lehenik eta, ondoren, esparru politiko partekatua ezartzeko borondateagatik elikatua izan dena, finkatu egin zen Berlingo Harresiaren erorketaz geroztik, Guda Hotzaren desizoztearekin eta blokeen estrategiaren hausturarekin. Baina Europar Batasunak, Estatuz gaindiko estamentu gisa indartzeko bidean aurrera egitetik urrun, bere proiekzioa geldituta ikusi du munduko panorama geoestrategikoan noraezean utzi duen hazkunde krisiaren eraginez. Egoera horretan, Txina eta Errusia, egungo egoeran gailentzen ari diren potentziak, AEBren kontra lehiatzen ari dira nazioarteko errealitate berrian lidergoa beren alde eskuratzeko.
Egoera konplexu honetan, non mundua gero eta globalizatuagoa den eta elkarrekiko gero eta mendekotasun handiagoa ematen den, beste behin ere gizakiaren ergelkeriak belizismo gosearen kaosa eragin du,eta egoera hau orokortu egingo balitz, ondorio suntsitzaileak ekarriko lituzke gizateria osoarentzat. Errusiak Ukraina inbaditu izana, eraso justifikaezina izateaz gain, Nazioarteko Zuzenbidearen urraketa argia da, Herri baten herri-borondate subiranoa bortxatzeko eta bere lurraldea okupatzeko indarra erabiltzeko debekuan oinarritzen dena. Eta, gainera, erronka argia ere bada nazioarteko egungo ordenarentzat eta munduko bake- eta adostasun-borondatearentzat, suntsipen handiko armak erabiltzearekin mehatxatzen ari baitira.

Berrikitan, gizartearen aurrean egin genuen adierazpen batean esaten genuen bezala, Euzko Alderdi Jeltzaleak uste du inbasio hau erabat justifikaezina dela, gaitzesgarriak baitira egiten ari diren gerra-krimenak. Ondorioz, horren erantzuleak Nazioarteko Zigor Gortearen aurrean agertu beharko dira, eta haien gerra-ekintza kriminalengatik eta gizateriaren aurkakoengatik epaituak izan. Eraso higuingarri honek, ikararen ikaraz ihes egiten ari den biztanleria zibil babesgabearen sufrimenduari eragiten dionak, berriro gogorarazten digu askatasunaren, demokraziaren, oparotasunaren eta justizia sozialaren balioak ez daudela ziurtatuta, ez daudela bermatuta; aitzitik, etengabe babestu eta sustatu behar ditugu, gure esku dauden baliabide zilegi guztiekin eta ahalik eta erabakitasun handienarekin.

Munduko telebista guztietan Buchako kaleetan hilotz andana botata ikustean, euskal herritarrok ukrainar sentitu izan gara. Gaur Irpín, Járkov, Mariúpol eta Kiev-en antzeman dugun izuan ikusi ditugu Gernika, Durango eta Otxandioko bonbardaketak. Ukraniar agintarien adore eta sendotasunean ikusi ditugu Agirre Lehendakariaren konpromiso eta lidergoa, bai eta zeukaten guztia sakrifikatu zuten euskal herritarren belaunaldiarenak ere, bizia emateraino iritsi baitziren askatasunaren eta Euskadiren defentsan. Poloniara edo Moldaviara iritsi diren errefuxiatuengan ikusi ditugu gurasoengandik aldenduta itsasontzietan Ingalaterrara, Frantziara, Belgikara eta Sobiet Batasunera eraman zituzten umeak. Eta gaur izen ona eta ospea zikintzeko, manipulatzeko eta desinformatzeko egiten diren saiakeretan, erasoaren zerbitzura jartzen den ‘gerra hibridoaren’ elementu gisa erabiltzen direnetan, antzematen ari gara antzinako gezurrak, Gernikako sarraskiarekin zabaldu zirenak, bai eta urte luzeetan legenda beltz umiliagarriaren bidez suntsiketa faltsutu zuen bertsio ofizial sinestezina ere.

Azken urteotan Aberri Egunaren aldarrikapenak salbuespen egoeran aurkitu gaitu. Koronabirusaren munduko pandemiak gure bizimodua nabarmen baldintzatu zuen, eta ez bakarrik gure jarrera eta jokaera sozialetan, baizik eta baita ongizatean eta aurrera egiteko gaitasunean ere. Jarduerarik ezak eta isolatu beharrak gelditze bat ekarri zuen, gure hazkunde nahiaren gelditzea. Baina birusak eragin zuen krisiaren amaiera hurbiltzen ari zela uste genuenean, beste zartako batek, oraingo honetan gerraren bidez etorri denak, ondorio ekonomikoak ekarri dizkigu, bai eta garapena kaltetzen dutenak ere. Oraindik goiz da ebaluatzeko, baina lehen sintomak kezkagarri agertzen zaizkigu. Atzeraldirik gertatu ez bada ere, gure bizi-kalitatea hobetzeko aurreikuspenetan desazelerazioa ikusi dugu. Krisi energetikoak eta osagaien eta lehengaien hornikuntzarik ezak eragindako prezioen igoera, lehen lerroko sektore produktiboetarako ezinbestekoak direnak, faktura ekonomiko nabarmena ari zaigu gertatzen, eta hori arindu egin beharko da, beste behin ere gizarte-kohesioa bultzatuko duten eta gure produkzio-sarea giharrez hornituko duten proposamenak eta neurriak gidatuko dituen sektore publiko baten eskutik.

Konplexutasuna eta ziurgabetasuna ezaugarri dituen garai politiko berri baten aurrean gaude. Globalizazio prozesuaren ondorioz ematen ari diren egiturazko aldaketek, izaera geopolitikoko doikuntzek eta sistema demokratikoa auzitan jartzen duten proiektu berrien sorrerak Euskadi jartzen dute euskal aberria eraikitzen jarraitu ahal izateko proiektua sortzeko beharraren aurrean, aldi berriak planteatuko dituen eskariei erantzun ahal izateko; atzera ezinezko erronkak planteatzen dizkio garai honek gure herriari: demografiaren erronka, aukeren berdintasuna eta gizarte kohesioa bermatzen jarraitzea, ekonomiaren digitalizazioa maila globalean lehiakor izaten jarraitzeko, klima aldaketari aurre egiten jakitea trantsizio ekologiko bidezkoa ezarriz; eta nortasunaren, kulturaren eta euskararen garapena bermatzea gero eta testuinguru irekiago, askotariko eta kulturanitzagoan. Etorkizun hobea nahi dugu, ez txarragoa; mundura irekia, iraganeko mugen atzean gotortu gabe; askatasuna, segurtasuna, oparotasuna, iraunkortasuna eta aniztasuna ezaugarri izango dituen etorkizuna. 2030 Agenda izan behar dugu ibilbide orri, Euskadi Europan eta munduan kokatzeko.

Gaur, inoiz baino gehiago, euskal eredua aldarrikatu nahi dugu, bidegurutze historiko batean aurkitu garen bakoitzean herri honetako emakumeei eta gizonei etorkizunari heltzeko gaitasuna eta irmotasuna eman dieten baloreak ere: kultura demokratikoan eta justizia sozialean sakontzea, funtsezko eskubideak errespetatuta, euskal gizartearen gehiengoaren borondateari men egitea, bestela pentsatzen dutenak errespetatzea, ikuskera sektarioetatik ihes egitea, ekintzailetzari ekitea oparotasuna sortzeko eta gizartearen zerbitzura jartzeko, komunitatea eta gizarte kohesioa sendotzea inor atzean gera ez dadin, lehenagotik dagoenaren gainean eraikitzea historia behin eta berriro hasi gabe, ikastea eta berritzea aurrera egiteko eta… ereiten jakitea hurrengo belaunaldiek eraikitzen jarrai dezaten. Erantzukizun sozialak gidatu du eta gidatzen jarraitu behar du herri honen geroa. Hori dugu itsasargi.

Aberrigintza, Euskadiren ibilbide orria, zuzen-zuzenean lotuta dago autogobernuari eta Euskadiren nazio eskubideen erakundetze prozesuari, elkarrizketan eta akordioan oinarri harturik. Prozesu horrek sustraituta egon beharko du balore demokratikorik sakonenetan, konplexua izango da eta mailakatuta egin beharko da, baina euskal gizarte osoaren inplikazioa eskatuko du, herri erakundeen, alderdi politiko guztien eta euskal gizartearen arteko herrigintza kolaboratiboaren bidez; horrela baino ez dugu lortuko euskal autogobernu sendoa lortzea, Europako proiektuari lotua, mundu osoan ezagutuko dutena.

‘Martxan dagoen herria’ garen aldetik, asko ikasi dugu bidean aurkitu ditugun gorabeheretatik: gaurko globalizazioak, pandemiarekin eta urrutiko merkatuekiko menpekotasunarekin, argi eta garbi erakutsi digu kosteak merkatzeko produkzioa deslokatzeak menpekotasun handia eragin dezakeela osagaien eta lehengaien hornikuntzan, eta, horrez gain, gure produkzio gaitasuna itotzera hel daitekeela hori. Horregatik da hain garrantzitsua gure etorkizuna erabaki ahal izatea, une bakoitzean, autonomia osoz, gure herriak beharko dituen neurriak diseinatu eta bideratu ahal izatea. Tutoretzarik gabe eta bitartekaritzarik gabe, jarduketa eraginkorra eragotziko dutenik.

Gaur duela 40 urte baino nazio indartsuagoa gara. Bere izaeraz askoz kontzienteago dagoen herria. Baina gizartea, eta inguratzen gaituen mundua, bestelakoak dira. Herritargoaren asmo pertsonalak ez dira duela hamarkada batzuetakoak bezalakoak. Eta bihar-etzikoak ere ez dira gaurkoak bezalakoak izango. Era berean, nazioarteko egitura politikoen etorkizuna etengabe ari da eraldatzen. Inork ez lezake hori ukatu. Mundua aldatu egiten da, bai eta Euskadi ere. Ukaezina da ziklo aldaketa datorkigula mundu mailako harreman sozial eta politikoetan. Eta, are arrazoi handiagoarekin, ulertu behar dugu ziurgabetasuna planteatzen zaigula Errusiak gure Europako Batasuneko ekialdeko mugetan eragin duen gerraren ondorioz. Horren harira, logikoa da galdetzea zer urrats eman beharko ditugun eta zer bide hartu beharko ote dugun hurbiltzen ari zaigun etorkizun zalantzagarriari begira.

Argi baino argiago dugu zein izango den gure azken portua, gure xedea: gure herria bere patuaren jabe izatea Europa eta munduko gainerako herrien antzera, egoera berdinean. Hori esanda, orain galdetu beharko genuke zein izango diren euskal abertzaletasunak landu beharko dituen erronkak, zain ditugun ur nahasietan nabigatzeko. Hiritargoari entzutea dagokigu, berriz ere. Bere kezkak ezagutzea, bere pertzepzioak, bere asmoak eta gogoak. Entzutea lehenengo, elkarren artean eraikitzen jarraitzeko. ‘Entzunez Eraiki’.

Euskadiren askatasunaren alde borrokatzen gara. Helburu hori argi izanik, kontua da erabakitzea orain datozkigun garai konplexuetan nola egiten jarraituko dugun. Erantzuna beti aurkituko dugu herri honen gehiengoaren borondateari erreparatuta.Baldintza bi dira gure jarduna oinarrituko dutenak: batasuna eta konfiantza. Bat eginik jarraitzen badugu, datorrena datorrela unean unekoari eusteko gaitasuna izango dugu, eta edonolako gaitzetik onik aterako gara, bidean garai latzak etorri arren. Eta behar besteko batasuna badugu gure artean, behar besteko konfiantza adieraziko diogu euskal gizarteari, aberrigintzarekin dugun konpromisoan aurrera egin dezagun.

Gaur kezka eragiten digun sentsazio berbera planteatu zen, are dramatismo handiagoarekin, duela 85 urte. Eta Agirre Lehendakariak ideia hori berori planteatu zuen 1937ko ekainaren 30ean, ‘Turtziozko Adierazpenean’, Euzko Gudarostea erretiratzen ari zela altxamenduko tropek Bizkaia hartzen zuten bitartean. “Lurraldea menderatua izan da; Euskal Herriaren arima, ez; ez da sekula menderatua izango”. Garrantzitsuena zen, da eta izaten jarraituko du Euskal Herriaren arimak, hau da, talde sentimendua, talde identifikazioa, aske izateko borondatea.

Herri solidarioa gara. Sufritzen dutenen ondoan sufritzen dugu. Datorrena datorrela goiari eusten diotenen ondoan gaude. Eta itxaropenari heltzen diogu itxaropena sekula galtzen ez dutenen eskutik. Indarkeria salatzen dugu, datorrenetik datorrela. Giza Eskubideak defendatzen ditugu, bizitzeko eskubidea, aske izateko eskubidea, herrien borondate subiranoa. Gaur ere, iraganean bezala ‘Gerrari ez’ esaten dugu. ‘Ez’ milaka errugaberen elkarbizitzaren eta bizi-itxaropenaren mugak indarrez aldatu nahi dituztenen jarduketa kriminalari.

Gaur dugu Aberri Eguna, Euskal Aberriaren Egun Handia, eta eusko abertzaleok aldarrikatzen dugu herri guztiek beren etorkizuna askatasunez defendatzeko eskubidea dutela. Euskadiren etorkizuna, Ukrainarena eta Mendebaldeko Saharararena… Eta xede hori goiburutzat hartuz, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako abertzale guztiak deitzen ditugu, bai eta mundu zabalean sakabanatuta daudenak eta Euskal Etxeen inguruan biltzen direnak ere, gure eguna ospatzera, Aberri Eguna ospatzera.

Bizitzea tokatu zaigun denborak exijitzen digu borondateak bateratzea. Munduko bakea erreklamatzen dugu, bai eta justizia eta Giza Eskubideen defentsa ere. Errusiak Ukraina inbaditzean eragin duen gerra amaitzea exijitzen dugu eta biztanleria zibil babesgabearen kontra egin diren krimen basatiak berehala bertan behera uztea. Mendebaldeko demokrazien batasuna erreklamatzen dugu, Europako Batasuna aldarrikatzen dugu proiektu komun baten erreferentzia bakar gisa, non Euskadik bakezko eta askatasuneko etorkizuna partekatu ahal izatea espero duen.

Azkenik, Euskadiko hiritargo osoari zuzendu nahi geniokeen deia egin nahi dugu, bake eta askatasunerako dugun eskubidea aldarrikatzeko, gu guztiok identifikatzen gaituen ikurrina kalera atera dezagun, keinu horren bidez Herri berria eraikitzeko dugun borondatea erakutsiz; gizarte berria, non guztiok gure iritziak emateko eta gure erabakiak hartzeko gaitasuna izango dugun, giza eskubideei zor zaien errespetuaren babesean. Era berean, euskal gizarteari luzatu nahi diogu deituko diren ekitaldi guztietan parte hartzeko gonbidapena, bakoitzari dagokion begirunea gorderik, Euskal Aberrikoak garela adierazteko, eta bakoitzak atxikimendu askerako duen eskubidea errespetatuz, herri honek bere etorkizuna demokratikoki erabakitzeko duen eskubidea defendatzeko.

Hala adierazten dugu 2022ko Aberri Egunean. Bakean biziko den Euskal Aberri indartsua, askea eta oparoa dugu helburu.
Gora Euskadi Askatuta!

Euskadin, 2022ko apirilaren 17an
EUZKADI BURU BATZARRA
EUZKO ALDERDI JELTZALEA-PARTIDO NACIONALISTA VASCO

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ