EAJ-PNVren balorazioa Iñigo Urkullu Lehendakariarekin eta PSE-EErekin eginiko bileraren ondoren

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak eta Eusko Legebiltzarreko bozeramaile jeltzale Joseba Egibarrek osatu duten EAJ-PNVren ordezkaritza Ajuria Enean batzartu da gaur Iñigo Urkullu Lehendakariarekin eta Euskadiko Alderdi Sozialistaren ordezkaritzarekin, Eneko Andueza idazkari orokorrarekin eta Legebiltzarreko bozeramaile Ekain Ricorekin
EAJ-PNVren balorazioa Iñigo Urkullu Lehendakariarekin eta PSE-EErekin eginiko bileraren ondoren
06
Apirila
EBB
PARTEKATU
06 Apirila | EBB

Topaketan, Urkullu Lehendakariak egoeraren balorazioa hiru esparrutan egin du:

Ekonomiaren eta enpleguaren egoera. Berpiztu planaren betepenaren eta aurreikuspenen berri eman du, bai eta Lehentasunezko jarduketa eremuetan aurreikusitako jarduketen eta Foru Aldundiekin batera berrikitan onartu den Inbertsio plan estrategikoaren berri ere. Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera aurtengo hazkunde tasak %4,5ean jarraitzen du eta langabezia tasa %10etik behera jokatzeko helburuari eusten dio.

Egutegi legegilea. Onartu diren eta izapidetze bidean dauden legeen birpasa egin dugu. Lehendakariak nabarmendu ditu Berdintasun alorrean eta Gazteen esparruan lortu diren adostasunak, kasu bietan Elkarrekin Podemosekin, bai eta lau talderen artean lortu den hezkuntza ituna ere. Eusko Jaurlaritzak izpiritu honi eutsiko dio aurrerantzean ere, gaur egun bizi dugun egoeran, akordioak zabalagoak izan daitezen.

Harreman politikoak. Aurrekontuei buruzko akordioaren jarraipena EH Bildurekin partekatu dugu, bai eta Espainiako Gobernuarekiko harremanena ere, hauen barruan BGDSren transferentzia, beste bost eskuduntza gehiagoren transferentziarako negoziaketa eta Europako Funtsen kudeaketa ere.

-Halaber, Urkullu Lehendakariak gaurko bileran birpasatu ditu `Europako Batasunaren aldi baterako diru-laguntzen´ testuinguruan eta `La Palman egin zen Presidenteen Konferentziaren Akordioaren´ inguruan Eusko Jaurlaritzak otsailaren 24tik aurrera erabaki dituen ekimenak eta neurriak. Espainiako gobernuari eta Europako Batasunari proposatutako neurriak aurkeztu ditu; zaurgarritasun handienean dauden pertsonak babesteko eta txirotasun energetikoari aurre egiteko neurria; sektore kaltetuenen inguruan onartu diren neurriak: lehen sektorea, industria, garraioa, banaketa; bai eta errefuxiatuak artatzeko kontingentzia plana ere.

-EAJ-PNVren ordezkaritzak oso balorazio positiboa eman dio Lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzak alderdi bitatik egin duten esfortzuari: alde batetik, kaltetuen gertatu diren sektoreekiko hurbiltasunagatik (errefuxiatuak, familiak, enpresak, eta abar); eta, bestetik, erakundeekin eta hirugarren sektore sozialarekin bideratu den lankidetzagatik. Pandemiak, Ukrainaren inbasioak eta bere ondorioek eskatzen dute erantzuna batasunik handienetik ematea.

Ulertzen dugu Jaurlaritzaren eta erakundeen aurrekontuen egoera ona dela eta beharrizan sozialei erantzuna ematea ahalbidetzen duela. Aurrekontuen kudeaketa zorrotzak ahalbidetzen digu baliabide nahikoak izatea gure lehentasunari erantzun ahal izateko: gizarte kohesioarekiko konpromisoa. Inbertsio publikoa bultzatu behar dugu jarduera ekonomikoa eta enplegua suspertzeko, bai eta Euskadi Next-en finantzaketa bermatu ere.

Azkenik, Lehendakariarekin batera aztertu ditugu legebiltzarreko taldeen ekarpenak, eta uste dugu adostasunerako tartea egon badagoela ostiraleko Osoko Bilkuran neurri osagarriak adosteko. Alde batetik, neurri estrukturalak, energiaren prezioek familientzat eta enpresentzat dakartzaten ondorioak arintzeko; bestetik,funts sozial bat gainerako errekurtsoekin zaurgarritasun egoerarik handienean dauden pertsonentzat eta familientzat. Bai eta inbertsiorako, jarduera ekonomikorako eta enplegurako laguntzak eta errefuxiatuentzako baliabideak ere. Lehentasuna dira gizarte kohesioa eta enplegua.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ