Ortuzarrek Sánchezi exijitu dio “has dadila” inflazioaren kontrako lanarekin eta ez dezala alternatibarik eza erabili “erosotasun klausula” gisa

Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak “populismo merke” jo du Partido Popularrak zergak jaistea proposatuz egin duen planteamendua. “Feijóoren PP eta Casadorena ez dira horren ezberdinak”, esan du
31
Martxoa
EBB
PARTEKATU
31 Martxoa | EBB

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak gaur deitoratu du Pedro Sánchezen Exekutiboa “astiro” dabilela eta erabakiak “nahiko berandu” hartzen ari dela egungo egoera ekonomikoaren eta inflazio altuaren aurrean, eta “behingoz hasteko” eskatu dio. Bilboko Herri Irratiari eskainitako elkarrizketan, jeltzaleen buruak Espainiako presidenteari eskatu dio gobernu alternatibarik eza ez erabiltzeko “erosotasun klausula” gisa, horren astiro jardun ahal izateko. Halaber, Ortuzarrek “populismo merke” jo du Partido Popularrak zergak jaisteko egin du proposamena: “Ez dezagun ahaztu zergak, gehien bat, zerbitzu publikoei lotuta daudela”, gogora ekarri du buru abertzaleak.

Ortuzarrek esan du berak espero duela inflazioarena “koiunturala” izatea “erritmo honetan oso zaila izango litzatekeelako egoerari eustea”, eta proposatu du ziklo honek irauten duen bitartean “talka-neurriak” abian jartzea. Zentzu honetan, euskal erakundeek aste honetan bertan martxan jarri dituzten ekimenak txalotu ditu: alde batetik Foru Aldundiek krisiak gogorren kaltetu dituen sektoreei laguntzeko plana; bestetik, Urkullu Lehendakariak atzo bertan hiru foru ahaldunekin batera aurkeztu zuen inbertsio plana. “Ziurgabetasun horren aurrean, egin behar dena da zerbait egitea, eta horretarako gaude erakundeak eta alderdi politikoak. Horixe da aste honetan ikusi duguna. Gaur kamioi gidarien ordezkariei entzun diet garrantzia handia ematen ziotela Ahaldun Nagusien ekimen hauei. Eta atzo Lehendakariari entzun genion hiru Ahaldun Nagusiekin batera inbertsioez hitz egiten. Azkartasunez jardun behar dugu, arin, duda-mudatan ibili gabe, hori baita beste leku batzuetan ikusten ari garena”, baieztatu du, Gobernu zentralaren jardunean antzematen duen “geldotasunaz”. “Hilabetea galdu dugu Bruselarengandik espero ahal genuenaren zain. Gasa energiaren `pool´-etik desakoplatzeko proposamena duela hamar egun planteatu zion EAJk Kongresuan, eta atzera bota zuten. Zergatik galdu ditugu hamar egun?”, galdetu du.

Ortuzarrek uste du badakiela geldotasun hau nondik datorren: Exekutibo zentralean “jakin dakite aukera bakarra direla”, euren ordez etorriko litzatekeena, PPren alternativa, Vox eskutik ekarriko lukeena, “askoz okerragoa izango litzatekeelako”. Gainera, “ez du ematen Casadoren PP eta Feijóoren PP elkarren artean horren ezberdinak direnik Estatuaren erronka handiei eta arazo handiei erantzuna emateko orduan”, gaineratu du euskal agintariak. Eta ematen du hori dena Sánchezek interpretatzen duela “erosotasun klausula” gisa, “Gobernuari geldotasunez jarduteko parada ematen diona”. “Presidenteak argi ikusi behar du Gobernu honek kreditu bat jaso duela gizartearengandik eta herritarrengandik, eta azken aldi honetan kalean kreditu hori galtzen ari dela. Kezkatzen gaitu geldotasun horrek, bai eta kontzeptuen argitasun faltak ere. Horrek erabat zikintzen du Gobernuaren izen ona eta, ondorio modura, babesa eman diogunona ere, eta gauzak konplexuago egiten dizkigu”, deitoratu du Ortuzarrek.

Partido Popularrak krisitik ateratzeko formula magiko gisa zergak jaistea proposatuz egin duen planteamenduaz galdetuta, Jeltzaleen Aberri Exekutibaren presidenteak argi bezain sendo hitz egin du. “Populismo hutsa da hori, eta gainera, merkeenetakoa. Kontuz zergak jaistearekin edo igotzearekin. Koiunturazko krisi batean gaude eta espero duguna da egiturazko ez bihurtzea. Ikusiko dugu une bakoitzean zer neurri hartu behar diren egoeratik ateratzeko eta gerraren ondorio ekonomikoetatik hiritargoa babesteko, baina egin dezagun zentzuz eta taiuz: ez gaitezen populismoan erori, ezta demagogian ere. Egongo dira batzuk esango dutenak `bai, ken diezazkidatela zergak´, baina ospitalera joan behar dutenean edo seme-alabak eskolara eraman behar dituztenean edo gizarte laguntzak behar dituztenean … zer dirurekin ordainduko dira? Ez dezagun ahaztu zergak, neurri handi batean, zerbitzu publikoetara doazela. Euskadin, hamar eurotik zortzi eta piko gizarte zerbitzuetara doaz eta, gainerakoa, zati handi batean, inbertsioetara. Beraz, kontuz zergekin, agerian geratzen baita diru hori falta denean”, ohartarazi du.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ