Aitor Estebani eman dion erantzunean, Pedro Sánchezek aurreratu du EAEk proposatu dituen hiru proiektu estrategikoak 'lerrokatuta' daudela Europako Berreskuratze-planarekin

Kontrol bilkuran, Euskal Taldeko bozeramaileak esan du erantzun berantiarra eman zaiela euskal erakundeek proposatutako hiru proiektu eraldatzaile eta bultzatzaileei, eta erantzun zehatzak eskatu ditu aukeraketa-irizpideen eta martxan jartzera begira eman beharreko hurrengo urratsen inguruan
30
Martxoa
Kongresua
PARTEKATU
30 Martxoa | Kongresua

Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko presidenteak Kongresuan aurreratu duenez, Eusko Jaurlaritzak Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioari igorritako hiru proiektu estrategikoak bat datoz Europako Berreskuratze Planarekin. Baieztapen hori Aitor Esteban Euskal Taldeko bozeramaileak kontrol saioan egindako galderari erantzunez egin du. Hain zuzen ere, EAEk irailaren 30ean aurkeztutako hiru proiektu horiei Espainiako Gobernuak emandako erantzunean izandako atzerapena deitoratu du.

Sánchezek ziurtatu duenez ‘datozen egunotan Calviño presidenteordeak Urkullu Lehendakariari jakinaraziko dio Eusko Jaurlaritzak lehenetsi beharreko jo dituen proiektuak, terapia aurreratuena, mugikortasunarena eta datuaren ekosistemarena, lerrokatuta daudela Berreskuratze Planaren askotariko edukiekin eta, beraz, ulertzen dut dagoeneko martxan dauden ekimenen hedapenarekin batera aurreratu ahal izango direla'.

Hitza hartzean, Estebanek baieztatu duenez Eusko Jaurlaritzak “dagokiona egin du proiektuak epe barruan eta behar bezala bidaliz; proiektu berritzaileak eta teknologikoak dira eta haien inguruan hainbat erakunde daude inplikatuta”, eta Pedro Sánchezi eskatu dio erantzun zehatzagoak eman ditzala aukeraketa irizpideei buruz, bai eta proiektu bultzatzaile eta eraldatzaile hauek martxan jartzeko eman behar diren urratsen inguruan ere.

Halaber, Euskal Taldeko bozeramaileak hitza hartzeko tartea aprobetxatu du funtsen banaketa eztabaidatzen eta erabakitzen duten konferentzia sektorialetan erabilitako metodologia kritikatzeko. “Irizpideak itxiegiak dira, eta askotan ez datoz bat Autonomia Erkidegoen errealitatearekin; askotan, helburuak beteta daude, eta, beste batzuetan, ekosistemak eta proposatzen den txantiloi zurruna oso desberdinak dira elkarren artean”. “Eskatzen dizut Autonomia Erkidegoak kontuan har ditzazula”, ezarri du.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ