Mendebaldeko Balkanetako herrialdeak Europako Batasunean integratzeari bultzada ematea aldarrikatu du Ortuzarrek Montenegron

Euzkadi Buru Batzarraren presidentea izan da gaur Europako Institutu Demokratak Adriatikoan, Kotor-en, egin duen mintegian
Mendebaldeko Balkanetako herrialdeak Europako Batasunean integratzeari bultzada ematea aldarrikatu du Ortuzarrek Montenegron
26
Martxoa
EBB
PARTEKATU
26 Martxoa | EBB

“Arduragabekeriatzat joko nuke, alde batetik zein bestetik, Europako Batasunak eta Mendebaldeko Balkanak  begirada zabala izango ez bagenu elkarren artean bidea erabakimenez egiteko eta, bidai horren amaieran, proiektu politiko ekonomiko eta soziala partekatzeko Europa burujabe batean eta bakean, askatasunean, demokrazian eta justizia sozialean oinarrituta.Jokoan dago Europaren segurtasun estrategikoa”. Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak,Andoni Ortuzarrek, gaur aldarrikatu du Montenegro, Serbia, Bosnia-Herzegovina, Albania, Ipar Mazedonia eta Kosovo Europako Batasunean integratzea Europako Institutu Demokratak (IED) Kotor -en (Montenegron), Unesco Erakundeak 1979an Gizateriaren  Kultura Ondare izendatu zuen hirian, gaur egin duen mintegian. Ortuzarrekin batera, talde jeltzaleak bidali duen ordezkaritza osatu du EBBren Kanpo Ekintza sailaren burukide arduradun eta IEDren zuzendari Mikel Burzako. Mintegi honek jarraipena eman dio gaur 2021eko azaroan, Sabino Arana Fundazioak antolatuta eta Europako Alderdi Demokratak babestuta,  Mendebaldeko Balkanen inguruan Bilbon egin zen jardunaldiari.

Hasierako hitzetan, Ortuzarrek bere asebetetzea adierazi du “Estatu gabeko Nazio baten ordezkari den aldetik”, Montenegro  bisitatzean. Ortuzarren hitzetan“Nazio zaharra baina Estatu berria, modu baketsuan, bere hiritargoaren gehiengoaren borondate askearen  bidez 2006ko erreferendumean, bere askatasun nazionala irabazi zuena”. Jarraian, jeltzaleen buruak aitortu duenez duela aste batzuk, Kotor-era joateko gonbidapena jaso zuenean “ezin nuen  asmatu munduak sufrituko zuen eraldaketa Putinek Ukraina bidegabeki eraso ondoren,ezta Ukrainako anaia eslaviarren kontrako erasoak ekarri dituen ondorioak ere, Europan ordura arte bizi genuen lasaitasun baketsutik atera gaituztenak”. “Inbasio zorigaiztoko eta bidegabe honek”, baieztatu du Ortuzarrek “berriro gogoratu dizkigu askatasunaren, demokraziaren, oparotasunaren eta justizia sozialaren baloreak ez direla, inola ere, bermatutzat eman dezakegun zerbait, baizik eta etengabe defendatu behar ditugula eskura ditugun  bidezko baliabideen  bidez, bai eta erabakimenik handienarekin ere”. EBBren presidenteak baieztatu duenez  Ukrainako gatazkak “segurtasun kontzeptua eraldatzen du eta  autonomia estrategikoko programa bat programatzera eta inplementatzera derrigortzen gaitu, gure segurtasun politikaren erreforma sakona barne hartuko duena”. Zentzu honetan, aste honetan bertan Kanpoko gaien eta Defentsa ministroek defentsarako estrategia berria onartu izanak, gaitasun militarra areagotuz eta gehiago eta era koordinatuan inbertituz “gure aburuz urrats berri bat da segurtasun politika irmo eta autonomoagorako, Europako hiritargoari are babes handiagoa eskainiz”, baieztatu du.

Hitza  hartu duenean Ortuzarrek nabarmendu nahi izan du Errusiak Ukraina inbaditzean eragin duen katastrofe humanitarioaren dimentsio dramatikoa, bai eta EBk pairatzen duen ahultasun energetikoa ere, hiritargoaren poltsikoak zigortzen dituela eta krisi ekonomiko larria eragiteko mehatxua dakarrela. Jeltzaleen burua pozik agertu da  “EBko 27 estatuek hasieratik eman duten erantzun bateratuarekin” baina  “batasun hori indartzeko beharra” aldarrikatu du “europarrok, hasierako sock emozionalaren ondoren, horren paralizatuta uzten gaituen zatiketaren mende gera ez gaitezen”.

EBBren presidenteak ziurtatu du ulertzen duela “Mendebaldeko Balkanetan Europako Batasunarekiko” sentitzen duten etsipena; izan ere, Europako hego-ekialdera zabaltzearen aldeko adierazpen, ebazpen eta konpromiso guztiak gorabehera, orain arte Batasunak nahita saihestu du atxikipenen kronograma bat ezartzea, denbora-muga zehatz batekin. Ortuzarren iritziz, “horren arrazoia da Polonian eta Hungarian eman diren atzerapauso demokratikoek, edo Bulgarian eta Errumanian izandako ustelkeriek eragin dutela EBko zenbait herrialdek zalantza handiak izatea kide berrien onarpenari buruz”. Horrek, gainera, ahobatezkotasuna eskatzen du, “eta zentzugabekeria horrek oztopatu egiten du Europa aurrera egiteko eta indartzeko edozein prozesu 27 estatu biltzen dituen kolektibo batean”. Baina, errezelo horien gainetik, Ortuzarrek garrantzi geoestrategiko handiko eskualdea osatzen duten sei herrialde horiek EBn integratzeko prozesuei bultzada irmoa ematearen alde egin du, batez ere Ukrainan gertatzen diren gertakarien ondoren. Atxikitzeko negoziazioen atzerapen luzeak EBrekiko konfiantza ahulduko luke, eta EBk eskualdean duen eragina gutxituko luke, hutsune bat sustatuz, eta hutsune hori, nagusiki, Errusiak, Txinak eta Turkiak, dagoeneko eskualdean oso presente daudenak, hartuko lukete. Ildo horretan, buru abertzaleak oso positibotzat jo du `Berlingo prozesua ', eskualdeen arteko lankidetza areagotzeko eta herrialde horiek EBn integratzeko ekimena. Ortuzarrek adierazi duenez, “sei herrialdeen arteko eskualde-lankidetzak, auzotasun oneko politikan oinarrituta, zauri historikoak gainditzen laguntzen du, eta oparotasun ekonomikorako eta EBn integratzeko bide bat da”.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ