Memoria, Egia eta Justizia: gizarte demokratiko baten funtsezko oinarriak

Sabino Arana Fundazioak Argentinako Egia eta Justiziaren aldeko Nazio Eguna ospatu du Maiatzeko Plazako Amonen elkartearekin batera
Memoria, Egia eta Justizia: gizarte demokratiko baten funtsezko oinarriak
24
Martxoa
EBB
PARTEKATU
24 Martxoa | EBB

Urtero-urtero, martxoaren 24an, Egiaren eta Justiziaren aldeko Memoriaren Nazio Eguna ospatzen da Argentinan. Egun hunkigarria bezain aldarrikatzailea den data horretan, Argentinako gizartea memoria eta kontzientzia kolektiboa sortzea ahalegintzen da, giza eskubideen urraketak eta estatu-kolpeak berriro gerta ez daitezen.

Argentinak 1976ko estatu-kolpearen ondotik pairatu zuen diktadura militar ankerrak eragindako urraketa eta erabateko izua berriro gerta ez daitezen. Aurkarien desagerpen masiboa eta umeen lapurreta antolatua −eta, horren ondorioz, haien benetako nortasuna ezkutatzea−, gizateriaren aurkako delituetako batzuk baino ez dira, kolpistek 8 urte inguruz herrialdea izutzeko helburuz erabili zituztenak. Tamalez, bidegabekeria horiek ondorioak gaurdaino iritsi dira.

Ingurumari bortitz eta mingarri horretan, bahitu, torturatu eta desagertutako pertsonen senideen talde batek indarkeriarik gabeko erresistentzia-mugimendu bati ekin zion, eta berehala ezagun egin zen haien izena: Maiatzeko Plazako Amonak. Orduko helburua argia zen: diktadura militarrak bidegabe lapurtutako haur guztiak aurkitu eta familia legitimoei itzultzea.

Urrats bat aurrera egin zuten emakume haien ausardiari esker, 130 ume baino gehiagok, gaur egun helduak direnek, badakite nortzuk diren eta nondik datozen.

Estela Barnes de Carlotto Maiatzeko Plazako Amonen elkarteko buruak parte hartu du ekitaldian (elkarteak Sabino Arana Saria jaso zuen 1999an, giza eskubideen aldeko borrokan egindako ekarpenagatik).

Mireia Zarate Sabino Arana Fundazioaren presidentearen eta Argentinako Arteen Funts Nazionaleko zuzendari eta Estelaren lagun Iñaki Hernaiz eusko-argentinarra lagun dituela, Maiatzeko Plazako Amonen presidenteak berak eta elkarteak desagertutako eta bahitutako senideak berreskuratzen eta giza eskubideen urraketak salatzen emandako 45 urteko ibilbidea aletu du.

Estela Barnesek memoriaren eta oroitzapenaren garrantzia azpimarratu du. Jasandako guztiaren memoria eta oroitzapena, bai eta bidegabekerien erantzuleen bilaketaren beharra ere. Estelak adierazi duenez, horixe izan da amama guztien etengabeko borroka nekaezinaren ardatza “giza eskubideen iraganeko urraketak etorkizunean berriro gerta ez daitezen”.

Mireia Zaratek eta Iñaki Hernaizek Estela Barnesekin izandako elkarrizketen ostean, Ignacio Montoya Carlotto piano-jotzaile eta musikagileak, berreskuratutako 114. bilobak, musika-emanaldia eskaini du, “Memoriaren aldeko kontzertua”, hain zuzen ere. Ignacio Montoya Estelaren biloba da eta 2014an berreskuratu zuten. Gaur egun, 130 ume baino gehiago berreskuratu ditu elkarteak.

Azkenik, Laura Azcurra eta Marta Betoldi “Contracciones” (Uzkurdurak) antzezlan hunkigarria eskaini dute, amatasunaz eta nortasunaz hausnartzeko. Antzezlana 2001ean estreinatu zen, “Identitatearen aldeko antzerkia” zikloaren barruan.

Uzkurdurak izeneko antzezlanean, bi garaitan garatzen diren bi emakume haurdunen bakarrizketak ama baten eta gatibu jaiotako alabaren istorioa ehunduz doaz.

“Argentinako azken kolpe militarra gertatu eta 46 urtera, diktaduran lapurtutako biloben bila jarraitzen dugu artearen eremutik, Maiatzeko Plazako Amonen bilaketa lan nekaezina aldezteko xedez”, adierazi dute antzezleek.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ