Iturratek “trans legearen” erreforma defendatzen du “transexualitatea naturaltasunez, beldurrik gabe eta askatasunean bizitzeko” bide gisa

Legebiltzarrak ekingo dio legearen erreforma integralaren izapideari, pertsona horien beharrei erakundeek ematen dieten erantzuna hobetzeko eta estereotipoak gainditzeko. Testua komunitate transexualaren eskutik heldu da, aldaketa sozialaren “benetako palanka”, esan du legebiltzarkide jeltzaleak
24
Martxoa
Eusko Legebiltzarra
PARTEKATU
24 Martxoa | Eusko Legebiltzarra

“Trans legearen” erreformarako lege-proposamena izapidetzeko onartu ondoren, EAJ-PNVk transexualen eta transgeneroen eta haien elkarte adierazgarrienen aurrean hartutako konpromiso politikoa betetzen du, eta, horrez gain, hauteskunde- eta gobernu-programak ere betetzen ditu. Iñigo Iturrateren hitzetan, konpromisoa pertsona guztien eskubideak eta askatasunak defendatzearekin eta aniztasun afektibo-sexuala aitortzearekin. “Legearen erreforma integrala ekarri dugu Legebiltzarrera, transexualitatea naturaltasunez, beldurrik gabe eta askatasun osoz bizi dadin. Eskubideak batzen dituen legea da, ez da inoren aurka aurkezten, pertsonen alde baizik. Ez du kentzen, gehitzen du. Ez du zatitzen, pertsona edo kolektibo batzuek diotena izan arren. Biderkatzen du. Proposamenak tratu-berdintasuna eta diskriminaziorik eza bezalako printzipioak defendatzen ditu, aniztasuna eta errespetua bezalako balioak. Azken batean, giza eskubideak defendatzen ditu”. 2012an Euskadi diskriminaziorik ezari eta transexualen eskubideei buruzko araudi propioa izan zuen lehen erkidegoetako bat izan bazen, orain, ordezkari jeltzaleak gaineratu duenez, gure herria erkidego horren aitortzaren abangoardian egongo da.

Aurrekoetan bezala, Eusko Legebiltzarrera iristen den lege-testua trans komunitatearen eta hura ordezkatzen duten kolektiboen bultzadarekin eta lankidetzarekin iristen da, eta horien lanik gabe gaur egun ez ginateke gauden lekuan egongo. Gure gizartean gertatu diren aldaketak pertsona eta erakunde horiei guztiei zor dizkiegu, Iturratek gaineratu duenez. “Kanbio-palanka izaten jarraitzen dute. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiet Errespetuz eta Naizen bezalako erakundeei, aldaketa horiei ekiteko aukera emateagatik, baina, gainera, gobernuarekin eta talde parlamentarioekin batera lan egin dutelako testu on bat lortzeko, eta gaur, behin betiko izapidetzen da, berriz ere, babes izugarri handiarekin”.

EAJ-PNV, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-IU legebiltzar taldeek sinatu dute erreforma , eta EH Bilduren babesa jaso du, eta gai “garrantzitsuak” jasotzen ditu, transexualek euskal administrazio publikoetatik arreta integrala eta beren hezkuntza-, osasun-, zuzenbide- edo lan-premietara egokitua jasotzeko duten eskubidea erabat bermatze aldera; horrez gain, pertsona horien pertzepzio sozial eta instituzionalari negatiboki eragiten dioten estereotipoak gainditzen laguntzen du, eta, horretarako, neurri zehatzak ezartzen ditu gizarte bidezkoagoa, askeagoa eta berdintasunezkoagoa lortzeko. “Lege honek transexualen edo transgeneroen eskubideak eta eskubide horiek gauzatzeko garatu beharreko ekimenak indartzea eta sakontzea nahi dugu. Eskubideak batzen dituen legea da”, esan dute.

Osasunaren arloan, arauak zerbitzu-zorroa zabaltzea ezartzen du (aurrerapen mediko eta zientifikoetara egokitzeko), eta sei hilabeteko epea ezartzen du transexualitateari Lehen Mailako Arretako Zerbitzuak eta Unitate Espezializatua abian jartzeko, erregelamendu-maila izatetik lege-maila izatera igaroz. Testuaren arabera, gutxienez Transexualitateari Lehen Mailako Arreta emateko Zerbitzu bat ezarriko da lurralde historiko bakoitzean. Hezkuntza-sisteman, sexu-identitateagatik ez diskriminatzeko protokoloak garatuko dira, eta transexualak dauden zentroetan, hezkuntza-komunitate osoaren prestakuntza bermatuko du sailak, irakasleak, administrazioko langileak, familiak eta ikasleak barne. Diskriminazioaren aurkako planak lan-eremura, eremu publikora eta eremu pribatura ere iritsiko dira, eta lan-ikuskaritzako eta arriskuen prebentzioko arduradunen prestakuntza espezifikoa sustatuko da.

Idazketa berriak jasotzen du adingabeko transexualek eskubidea dutela entzunak izateko eta erabaki medikoak hartzen parte hartzeko. Tratamenduen norainokoa ulertzeko gai ez bada edo 16 urtetik beherakoa bada, legezko ordezkariak emango du baimena. Familia-eremuko, kulturako, aisialdiko eta kiroleko neurriak ere arautzen ditu lege-proposamenak, bai eta epaitegietako eta polizia-bulegoetako arreta ere. "Pertsona bakoitza denaren askatasunetik eta errealitatetik bizitzeko, erreforma osoa", ondorioztatu du Iturratek.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ