Espainiako Gobernuak Mendebaldeko Saharari buruz egindako bira “lotsagarria” leporatu dio Estefanía Beltrán de Herediak Albares ministroari

Bozeramaileak galdetu dio ea zergatik uste duen printzipio demokratikoak defendatzeak kalte ekonomikoen gainetik egon behar duela Ukrainaren inbasioan, eta ez Mendebaldeko Sahararen legez kanpoko okupazioan.
22
Martxoa
Senatua
PARTEKATU
22 Martxoa | Senatua

Estefanía Beltrán de Herediak Kanpo Gaietarako ministroari aurpegiratu dio “lotsagarria” dela Espainiako Gobernuak Marokok Mendebaldeko Sahararako planteatutako autonomia-proiektua ontzat eman izana. Euskal Talde Parlamentarioko bozeramailearen ustez, konponbide horrek nazioarteko ebazpen guztiak urratzen ditu, eta Lurraldeko potentzia administratzaileak “saharar herria abandonatzea” dakar. Beltran de Herediak adierazi duenez, “Espainiako Gobernuak Marokoko erregimenaren xantaiari men egin dio, legez kanpoko okupazio bat bermatuz, nazioarteko legezkotasuna, Nazio Batuen Gutuna eta NBEren ebazpenak urratuz; izan ere, horiek konponbide politiko, justu, iraunkor eta alderdiek elkarri onartutako baten alde egiten dute, saharar herriak bere erabaki askearen egikaritzearekin amaitzeko”.

Senatuko gaurko kontrol saioan, bozeramaile jeltzaleak Jose Manuel Albares ministroari eskatu dio azaltzeko zergatik, Errusiak Ukraina inbaditzen duenean, “balio eta printzipio demokratikoen defentsa egiten duen kalte ekonomikoen gainetik, eta ez saharar herriaren legez kanpoko okupazioa denean”. Beltran de Herediak Marokok NBEren Batzar Nagusian Errusiak Ukraina inbaditu izanagatiko ebazpenaren bozketan parte hartu ez izana gaitzetsi du, eta iradoki du “agian ez zuela bozkatu Errusiak Mendebaldeko Sahararekiko zuen politikari dagokionez izan zuen eginkizunean islatuta ikusten zelako”.

Era berean, Gobernu zentralaren jarrera Pedro Sánchez presidenteak igorritako gutun bat alaui agintariek filtratu izanaren bidez ezagutu izana aurpegiratu dio, eta publiko egiteko eskatu dio. “Espainiak bost hamarkadatan izandako jarrera hausten duen erabakia da, eta alde bakarretik eta ezkutuan hartu da; horrek, formalki, Gorte Nagusien ordezkaritza demokratikoarekiko mespretxua dakar”.

Beltran de Herediak Albares ministroari adierazi dionez, “tamalgarria eta onartezina” da duela zenbait hilabetetik Mendebaldeko Saharari buruzko aipamen esplizituak “zure hiztegi publikotik eta ekintza politikotik desagertu izana, eta hori saharar herriaren marjinazioaren eta abandonuaren adierazpen gisa baino ezin dugu ulertu”. Espainiako Gobernuaren jarrera horren aurka agertzeaz gain, bozeramaile jeltzaleak ohartarazi du EAJk “Sahararen eta Marokoren arteko negoziazio-prozesu baten alde egiten jarraituko duela, gatazkari irtenbide justua emateko, saharar herriaren autodeterminazio-eskubidean oinarrituta”.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ