EBB-ren adierazpena Espainiako Gobernuak Marokoren eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren arteko gatazkan duen jarrera berriaren aurrean

EBB-ren adierazpena Espainiako Gobernuak Marokoren eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren arteko gatazkan duen jarrera berriaren aurrean
22
Martxoa
EBB
PARTEKATU
22 Martxoa | EBB

Pedro Sánchez Espainiako gobernuko presidenteak Marokoko errege Mohamed VI.ari bidali dion eskutitzaren aurrean, Marokoko agintariek ezagutzera eman dutena, non Marokok Saharako Herriari “autonomia mugatua” emateko erakutsi duen asmoa babesten  duela esaten baitu,  Euzkadi Buru Batzarrak ondorengoa adierazi nahi du:

1.- Erabat arbuiatzen dugu Espainiako exekutiboko agintariek Mendebaldeko Saharan ematen den gatazka politikoaren inguruan egin duten jarrera-aldaketa erradikal eta historikoa. Aldaketa honek esan nahi du,zoritxarrez, Marokok Mendebaldeko Sahara erabat bereganatzeko eta Saharar Herriaren etorkizuna erabakitzeko dituen asmo eta anbizioekin bat egiten duela Espainiako gobernuak.

2.- Jarrera honek erabat urratzen ditu Nazioarteko Zuzenbidea, Nazio Batuen Kartaren printzipio eta baloreak eta Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren ebazpenak, irtenbide politiko bidezko eta iraunkorra aldarrikatzen baitute, bai eta parte bien artean adostua ere, Saharar Herriaren borondatea askatasun osoz adierazteko ariketarekin amaitu beharko litzatekeena, bukatu gabe dagoen deskolonizatze prozesuari eman beharreko amaiera emanez.

3.- Espainiako estatuak, arrazoi historiko,politiko eta juridikoengatik, erantzukizun handia dauka Mendebaldeko Sahararekin oraindik bizirik dagoen gatazka politikoan.  Izan ere,1975an, Hayako Nazioarteko Auzitegiak legez kanpoko jo zituen `Madrilgo Akordioak´. Haren ondorioz, Marokok ez dauka subiranotasunik Mendebaldeko Saharan, eta okupazioa legez kanpokoa da erabat.Duela hamarkada batzuk, Nazio Batuen kartan jasotzen denarekin bat etorriz, Nazio Batuen erakundeak Mendebaldeko Saharaz deklaratu zuen “Lurralde ez Autonomoa” dela, gobernu propioa osotasunean eskuratu ez duten herrien lurraldeei ematen zaien izendapenaren arabera. Mendebaldeko Saharakoa da Afrika osoan  estatutu post kolonialak etenda jarraitzen duen bakarra. Halaber, Nazio Batuen Erakundeak Espainiako gobernuari etengabe erreklamatu dio potentzia kolonial administratzailea izan den aldetik- `de iure´ ere  Entzutegi Nazionalak 2014an eman zuen autoaz geroztik-, behar besteko ahaleginak egin ditzala saharar herriak bere autodeterminazioa balia dezan erreferendumaren bidez. Espainiako Gobernuak erabaki berri duen alde bakarreko jarrera ez da sinesgarria, ezta errealista ere, izaera politikoko gatazka hau ebazteko.

4.- Espainiako gobernuaren jarrera berri honek, halaber, berarekin dakar kanpo politika gaietan  behar diren hainbat adostasun apurtzea, eta entzungorrarena egiten dio Senatuko Osoko Bilkurak Mendebaldeko Saharaz ia aho batez- Vox-en hiru botoak kenduta- onartu zuenari, non azpimarratzen baitzen Mendebaldeko Saharako gatazka politikoa hika-mika eta borroka partidistetatik kanpo geratu beharko litzatekeela, behar den irtenbide politikoari mesede eskasa egiten baitio.

5.- Egokiena da Espainiako Estatuak eta Europako Batasunak EBko Justizia Auzitegiak emaniko ebazpenak errespetatzea, non ezartzen baita Mendebaldeko Saharako era guztietako baliabide naturalak Saharar Herriari dagozkiola eta honen baimenik gabe inoiz ezin ditzakeela baliatu. Zentzu honetan gogoratu behar da Europako Kontseiluak iragan otsailean 24an Errusiak Ukraina inbaditu zuenean berariaz esan zuela ez dagoela indarkeria eta bortxakeria erabiltzerik inongo mugak aldatzeko. Tentsioak eta gatazkak  ezinbestean konpondu behar dira elkarrizketaren eta diplomaziaren bidez.

6.- Beharrezkoa da inplikatutako alderdi guztiei eskatzea lasai egoteko eta indarkeriazko, probokazioko edo indarra erabiltzeko edozein ekintza gauzatzeari uko egiteko; Mendebaldeko Sahararen prozesu politikoari bultzada ematen jarraitzeko; eta elkarrizketa- eta negoziazio-prozesuarekin jarraitzeko konpromisoa hartzea, Mendebaldeko Saharan Erreferendumerako Nazio Batuen Misioarekin (MINURSO) hitzartutako akordioak erabat errespetatuz. MINURSOk Su Etenari eusteko eta erreferendum bat antolatzeko egiten dituen ahaleginak babestu egin behar dira, bere misioa guztiz eta zehaztasunez bete dezan, benetako eta premiazko ibilbide-orri baten pean eta konpromiso eta epe zehatzekin.

7.- Europako Batasunak nazioartean dituen konpromisoak errespetatu behar ditu,bai eta bere Hitzarmen guztiak bete ere, Mendebaldeko Saharako jarduera eta politika guztietan, Nazioarte Zuzenbidea betez eta Giza Eskubideen klausula akordioen funtsezko elementu gisa aurreikusiz. EBk bere erantzukizuna bereganatu  behar du bere printzipio eta baloreen defendatzaile den entitate geopolitiko globala izan nahi badu. Ildo beretik, Afrikako Batasunak konponbide politikoa ahalbidetu behar du Nazio Batuen ebazpenen terminoetan, gatazkan dauden parteak asebetetzeko moduko lankidetza eta kolaborazio markoa eskainiz.

8.- Elkarrizketa, negoziazioa eta akordioa, modu eraikitzailean, fede onez, ibilbide-orri zehatz batekin eta Nazioarteko Zuzenbidearen, Nazio Batuen gutunaren printzipioen eta erreferendum baten bidez saharar herriak askatasunez erabakitzeko duen eskubidea errespetatzeko NBEren ebazpenen arabera egindakoak, bide bakarra dira konponbide politiko bidezkoa, iraunkorra eta parteek elkarri onartutakoa aurkitzeko. Ezinbestekoa da elkarrizketa eta negoziazio iraunkor, eraginkor eta emankorrak izateko behar diren ahalegin guztiak atsedenik gabe egitea.

9.- Bere lurraldea okupatuta bizi duen herriaren tragedia bizi dugu, bertan behera utzita bizi diren errefuxiatuena, munduko basamorturik babesgabeenetakoan ozta-ozta bizirautea lortzen baitute. Beharrezkoa da Mendebaldeko Saharako eta Tinduf-eko kanpamentuetako egoera humanitarioa hobetzea, bai eta nazioarteko komunitatearen inplikazio handiagoa lortzea ere, elikadura egokia dutela bermatzeko, bai eta Giza Eskubideak erabat errespetatzen direla ere, Nazioarteko Zuzenbidearen arabera bete beharreko derrigorrak zein diren argi izanik.

10.- Euskal Herriaren ezaugarri historikoa izan da saharar herriaren alde egin duen lan humanitario eta solidarioa. EAJ-PNVk aintzatetsi nahi ditu Euskadin lan hori egiten duten erakunde eta administrazio guztiak. Eta animatzen ditugu Mendebaldeko Saharari ematen dioten babesarekin jarrai dezatela eta,ahal duten neurrian, laguntza hori areagotu dezatela,  Euskal Herriak, gizarte zibilak eta bere administrazioek Giza Eskubideekin,askatasunarekin eta elkartasunarekin duten  konpromisoaren erakusgarri gisa.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ