EAJ-PNVk akordio zabala lortzea espero du adingabeen aurkako sexu-abusuak prebenitzeko eta haien mina konpontzeko

Adingabeen aurkako sexu-indarkeria kasuak ikertzeko eta horiei erantzuteko Legebiltzarrean eratutako ponentziak gaur ekin dio berriro lanari, hainbat biktimen agertzerekin. Eva Juezek adierazi duenez, “ordua da biktimak entzunak izateko, haien saminaren berri emateko eta nola lagun diezaiekegun adierazteko”
EAJ-PNVk akordio zabala lortzea espero du adingabeen aurkako sexu-abusuak prebenitzeko eta haien mina konpontzeko
16
Martxoa
Eusko Legebiltzarra
PARTEKATU
16 Martxoa | Eusko Legebiltzarra

Adingabeei egindako abusuen kasuetan prebentzio-, egia- eta erreparazio-neurriak jasotzen dituen txostena egiteko ardura duen ponentziak asteazken honetan ekin dio berriro lanari, hainbat biktimen agertzerekin. Eva Juez legebiltzarkide jeltzaleak biktimei ahotsa emateko beharra nabarmendu du, “ikusezina ikusarazteko” eta sentsibilizazioaren, prebentzioaren eta esku-hartzearen eremuan konponbideak aurkitzeko. “Bada garaia biktimei entzun diezaieten, minaren berri eman eta nola lagun diezaiekegun esan diezaguten. Ziur nago elkarrekin aurkituko dugula gertatutakoaren egia eta hainbeste min eta bidegabekeria konponduko dugula”.

Juez-ek akordio politiko zabala lortzea espero du, eta gai hori manipulatzeko tentaziorik ez egotea eskatu du. “Batasun politikoa gorde nahi dugu gai honi heltzeko eta pertsona horiei ordaina emateko modurik onena aurkitzeko. Horrelako gertaerak berriro ez gertatzea nahi dugu. Mesedez, inork ez dezala gai hau erabili, eztabaida politikoetatik urrun gera dadila eta biktimek eskatzen digutenetik oso gertu”.

Ordezkari jeltzaleak gogorarazi du zein garrantzitsua den, “horrelako gai oso delikatu batean”, organo honetara etortzea onartzen duten pertsonen intimitatea babestea eta zaintzea. “Pribatutasuna eskatu digute eta horrela jokatuko dugu. Gure betebeharra da pertsonen nortasuna eta desioak babestea. Leku lasai eta segurua eskainiko diegu”.

Ponentzia honen lanak aurreko legealdian hasi ziren, sexu-indarkeria jasan duten haur eta nerabeei arreta ematen diharduten aditu, instituzio eta erakundeen agerraldiekin. Orain, zuzeneko biktimak izan direnei entzuteko fasearekin hasten dira berriro. "Arreta, maitasuna eta ulermena. Hainbeste sufritu dutenek behar dutena da. Orain beraien mina partekatuko dugu eta guztiok gogor lan egingo dugu basakeria hauei aurre egiteko”, ondorioztatu du Juez-ek.

 

 

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ