Aditu independenteen batzorde batek Elizaren sexu-abusuak ikertzea eskatu du Euskal Taldeak

Gertakarien larritasuna eta erakunde katolikoaren eragina ikusita, jeltzaleek Espainiako Gobernuari eskatu diote aditu-talde bat osatzeko, Elizan pederastia kasuak sakon ikertzeko, txosten bat idazteko eta Gorteetan aurkezteko
Aditu independenteen batzorde batek Elizaren sexu-abusuak ikertzea eskatu du Euskal Taldeak
28
Urtarrila
Kongresua
PARTEKATU
28 Urtarrila | Kongresua

Kongresuko Euskal Taldeak iragarri duenez, ekimen bat egingo da, laster Kongresuan aurkeztuko dena, Espainiako Gobernuari eskatzeko aditu independenteen batzorde bat osa dezala, Estatuko Elizaren sexu-abusuei buruzko txosten bat egin dezan. Hori da, hain zuzen, EAJ-PNVren planteamendua ezagutzen diren kasuen “larritasunaren” aurrean, eta egiaztatu delarik erakunde katolikoak barne-ikerketa bat egiteko urratsik eman ez duela. Jeltzaleek proposatutako ekimenaren arabera, txosten hori Gorteetan aurkeztuko da.

Euskal Taldearen ustez, hori da, eta ez besterik, Eliza katolikoaren pederastiari buruzko ikerketa sakona egiteko formularik erabilgarri eta egokiena, Kongresuko Ikerketa Batzordeen ezaugarri den ‘pimpampum’ -etik urrun. Proposamen horrekin, gainera, Euskal Taldearen iritziz, errespetu handiagoa bermatuko da kaltetuentzat, gertakarien larritasuna eta gai honi eman behar zaion erabateko sentsibilitatea kontuan hartuta, eta inguruko herrialdeetan, Frantzian edo Alemanian, egin berri diren antzeko ikerketetan erabilitako ereduak erreferentziatzat hartuta.

Azkenik, EAJ-PNVk deitoratu egin nahi du Eliza katolikoak gertakari horien aurrean agertutako jarrera; izan ere, Bilboko Apezpikutzarena bezalako salbuespen ohoretsuak kenduta, uko egin dio gertatutakoa argituko duen barne-ikerketa egiteari.

 

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ