Euskal Taldeak Darias ministroari leporatu dio “presaka eta korrika” aritu izana hirugarren dosiaren atzerapena jakinarazterakoan

Josune Gorospe diputatuak Kongresuko Osasun Batzordean deitoratu du iragarpen horrekin herritarrengan sortutako nahasmena, eta kritikatu egin du osasun-arloan eskumena duten autonomia-erkidegoekin elkarlanik bideratu ez izana
27
Urtarrila
Kongresua
PARTEKATU
27 Urtarrila | Kongresua

Carolina Darias Osasun ministroari hirugarren dosia atzeratu izanaren berri eman izana aurpegiratu dio gaur Euskal Taldeak. Kongresuko Osasun Batzordean, Josune Gorospe diputatu jeltzaleak deitoratu egin du herritarren artean sortutako nahasmena komunikabideen bidez egindako iragarpenarekin, eta kritikatu egin du albistea aldez aurretik osasun-arloan eskumena duten autonomia-erkidegoekin elkarlana bideratu gabe ezagutarazi izana.

"Txertaketa-estrategiaz hitz egiten duzu, eta adostasunaz eta aho batez erabaki beharraz hitz egiten duzu. Estrategia bat ekintzak antolatzea da. Ekintza horiek oso hausnartuta eta partekatuta egon behar dute osasun-arloan eskumena dutenekin, eta ez da hori gertatu", salatu du Gorospek. “Iruditzen zait akordioaz hitz egiten duzunean ez zarela organo politikoaz ari, Osasuneko Lurralde arteko Kontseiluaz, hain zuzen ere, non gaia arinegi komunikatzea aurpegiratu dizuten. Zuzendu egin beharko litzateke hori, oraindik bide luzea dugulako gai horri heltzeko”, berretsi du. Ildo beretik, diputatu jeltzaleak azpimarratu du ez dagoela inolako presarik albisteak emateko, administrazio eskudunek erantzuna oraindik antolatu gabe dutenean.

Bestalde, Gorospek mahai gainean jarri du pertsona batzuek Covid-a igaro ondoren sendatze-ziurtagiria lortzeko duten zailtasuna. Diputatu jeltzaleak azaldu duenez, Europako Batasunaren irizpidearen arabera, ziurtagiri hori lortzeko, ez dira baliozkotzat jotzen Osakidetza bezalako osasun-zerbitzuek beren diagnostiko-espedienteak ixteko egiten ari diren antigeno-testak. Osasun-arloan eskumena duten administrazioek Europako erabaki-organoetan ahots propioa izatea aldarrikatu ondoren, Darias ministroari galdetu dio ea zer egiten ari den Espainiako Gobernua osasun-sisteman egindako antigeno-test horiek ontzat har daitezen, sendatze-ziurtagiria lortze aldera.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ