Aita Mari, Basque Culinary Center, Luis Ugalde, Amaiur Gaztelu elkartea, Luis Mari Bengoa eta CD Bidasoa, Sabino Arana Sariak 2021

Sabino Arana Fundazioak kultura-ekitaldi honen XXXIII. edizioa egingo du urtarrilaren 30ean, igandearekin, 12etan, Bilboko Arriaga antzokian
14
Urtarrila
EBB
PARTEKATU
14 Urtarrila | EBB

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

Luis Ugalde euskal-venezuelar josulagunak, Amaiur Gaztelu elkarteak,  Luis Mari Bengoa kazetariak, CD Bidasoa kirol-elkarteak, Basque Culinary Centerrek eta migranteak erreskatatzeko Aita Mari ontziak jasoko dute 2021eko Sabino Arana saria, urtarrilaren 30ean, 12etan, Bilboko Arriaga antzokian.

Edizio honetako saridunez gain, beste 180 saridun izan dira Sabino Arana Sariak 1989. Urtean lehenengoz eman zirenetik.

Sabino Arana Fundazioaren sariek XXXIII. edizioa bete dute eta urtero-urtero ematen dira euskal abertzaletasunaren sortzailearen jaiotzaren mendeurrenaren kariaz. Sarion bidez, gizartearen zerbitzuan aritzeko prestutasun eta ahalegin bikainagatik nabarmentzen diren pertsona ospetsu, erakunde edo gizataldeak aintzatetsi nahi dira.

Sabino Arana Fundazioaren presidenteak, Mireia Zaratek, eta Ignacio Etxeberriak, fundazioaren idazkariak, jakitera eman dituzte, gaur, ostiralarekin, XXXIII. edizioaren saridunen merezimenduak.

Zaratek adierazi duenez, Sabino Arana Fundazioak Aita Mari, Mediterraneo itsasoan, migratzaileak erreskatatzeko ontzi bilakatutako euskal atunontzia, aintzatetsi eta saritu nahi du, “giza eskubideen aldeko elkartasun-borroka nekaezin eta etengabeagatik”.

Salvamento Marítimo Humanitario (SMH) euskal GKEaren ekimenari esker, “Aita Mari migrazio-ibilbide arriskutsu hori erabiltzen dutenen bizitzaren jagole bihurtu da mundu guztiaren begien aurrean”, adierazi du Sabino Arana Fundazioaren presidenteak. “Aita Mari ontziaren egitekoek agerian uzten dute migrazio-politika txarrak gainditu behar ditugula”.

“Aita Mari ontziaren proiektua abian jarri denetik (2018), 538 lagun bizirik atera dira ontziaren erreskate-misioei esker”, nabarmendu du Mireia Zaratek.

Luis Ugalde josulaguna ere aintzatetsi eta sarituko du Sabino Arana Fundazioak urtarrilaren 30eko ekitaldian, “gizarte-ekintzaile nahiz eredu moral eta politiko gisa egindako ibilbideagatik”.

“Beti gizarte-kausetatik hurbil dagoen herrialdeko intelektualik engaiatuenetakotzat jotzen da. Venezuelako erregimenak egindako bidegabekeriak salatzeko behin eta berriz altxatu diren ahotsetako bat da”, azpimarratu dute Fundazioaren ordezkariek.

Era berean, nabarmendu dute “Injustizia salatzea eta behartsuenak aldeztea etengabeko abiaburuak izan dira aita Ugalderen bizitzan. Bidegabekeriak eta autoritarismoa salatzen erakutsi duen ausardia eta irmotasunagatik nabarmendu da. Betiere herritarren ahotsa entzun eta errespetatzen duen gizarte demokratiko baten alde, Ugalderen arabera, gizarte-justiziak izan behar duko jomuga, bai eta hori lortzeko bitartekoa ere”.

Beste alde batetik, Sabino Arana Fundazioak “CD Bidasoa kirol-klubaren 60 urteko historia aitortu eta saritu nahi du, bai eta gure herrialdean eskubaloia sustatzen eta Irun nahiz Euskadi nazioarteko kirol-esparruan agerrarazten eta lekutzen egindako ekarpenagatik ere. Kiroletan, bada futbola baino gehiago, eta Euskadi hiriburuak baino zabalagoa da; horixe erakutsi digu CD Bidasoak ezin hobeto 1962an sortu zenetik. Txikiak handia benzi leidi esaera zaharrak dioskun bezala, Bidasoak frogatu du komunikabideetan hainbesteko islarik ez duen kirol baten bidez, kluba handia izan daitekeela eta, era berean, Irun, Bidasoa eta Euskadi ere handi egin ditzakeela”.

Mireia Zaratek Basque Culinary Center delakoaren merezimenduak aitortu ditu, “hamar urteko ibilbide laburrean, eredugarri bihurtu baita nazioartean sukaldaritzako prestakuntzan, berrikuntzan, ikerketan eta sustapenean”.

“Mondragon Unibertsitateari atxikitako Gastronomia Zientzien Fakultateak eta BCC Innovation zentro teknologikoak osatzen dute Basque Culinary Center, eta mundu osoko jatetxeetako sukaldeak kudeatzeaz eta elikagaien industriako enpresak zuzentzeaz arduratzen diren profesionalak prestatzen dira bertan. Munduan, proiektu aurrendaria, berritzailea, ekintzailea, bikaintasunera bideratua eta etorkizunari begira dagoena da BCC. Munduko zaporeak gure herrialdera ekarri, gureekin bat egin eta berriro ere planetako bazter guztietara zabaltzeko eskola”, adierazi du Zaratek.

Beste saridunetako bat Luis Mari Bengoa izango da, “hainbat hamarkadatan, Herri Kirolak eta lurreko ekoizkinak bultzatzen eta sustatzen egindako lanagatik”.

“Mikrofono soil batez atondurik, Bengoak bikain ezagutarazi ditu euskal herri-kirolei darien talde-lanaren balioak. Landa-eremuak bizirik dirauela eta Euskal Herriari ekarpen handia egin diezaiokeela sinetsita, gure herria alderik alde eta oso-osoan zeharkatu du herri-kirolak eta nekazaritza-eremuko ekoizkinak sustatzen, zabaltzen eta bultzatzen; beste era batera esanda, euskal landa-eremuko ondasun-balioak gaur egun ere balio handikoak direla erakusten. Eta aspaldikoak betiko balio dezakeela aldarrikatzen”, nabarmendu du Zaratek.

Eta, azkenik, Amaiur Gaztelu elkarteak ere saria jasoko du XXXIII. edizioan honetan, “euskal memoriaren alde egiten ari den lanagatik. Gure nortasunak iraganean errotutako sustraiak dituelako, eta horiek ezinbestekotzat jotzen ditugu etorkizuna eraikitzeko. Amaiurko Gaztelu elkarteak ondo baino hobeto erakutsi digu gure aurretikoen asmo eta helburuak eguneratzea denon artean, auzolanean, egin daitekeela; gure arbasoen egintzak, ekinak, eginahalak, bai eta porrotak ere, nahitaezkoak ditugula etorkizuna eraikitzeko, haien askatasun-egarriak arnasa emateko balio digula eta helburua bidea bera ere badela”.

“Euskal nortasunaren katea ez zen konkistaren eraginez eten, ezta diktaduraren eraginez ere. Arras sendoa izan da, eta sendo izaten jarraitu dezan, iragan osora hedatzen eta bazter guztietara iristen den memoria behar dugu”, adierazi du Sabino Arana Fundazioaren presidenteak.

Iturria: Sabino Arana Fundazioa

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ