Indibidualismoaren aurrean “Euskal Herri gisa indartu egiten gaituzten balio kolektiboak“ aldarrikatzen ditu EAJ-k

Joseba Rezola eta Aurora López de Goikoetxea omendu ditu, balio kolektibo horien aldeko adierazle argiak, “herri honi emanda bizi izan zirelako”
26 Abendua 2021 | EBB

Gaur dira 50 urte Joseba Rezola, erbesteko Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea hil zela, eta Euzko Alderdi Jeltzaleak omenaldia egin die Joseba Rezolari eta haren emazte Aurora López de Goikoetxeari, “euskal erresistentziaren ardatz eta arima izan zen bikoteari”; “Josebari eta Aurorari herri honentzat bizi izana aitortu” zaie gorazarre ekitaldian.

Joseba Egibar GBBko presidenteak gogorarazi du Joseba Rezola eta Aurora López de Goikoetxea, “biak bat egin zirela”; “elkar osatzen zuten, batak besteari behar zuena eman zion”; “indartsuagoak ziren biak bat eginda, elkarrekin euskal erresistentziaren ardatz eta arima ziren”. Egibarrek erresistentzia egiteko zuten modua azpimarratu du: “Erresistentzia demokratikoki egin zitekeen, iraunkortasunez, era guztietako salaketak eginez, baita nazioartean ere, zure herria zainduz, eta zure jendea defendatuz”. “Joseba eta Aurora bezalako gizon eta emakumeen bizitzak ezagutu izan balira, eta biografia horietatik atera daitezkeen irakaspenei kasu egin izan balitzaie, batzuek ez ziren zenbait estrategiatatik abiatuko mundua beraiekin hasten zela sinetsita”, erantsi du.

“Esperientzia eta egiaztapen horretan oinarrituta, herri honi emanak bizi izana aitortu nahi diegu Josebari eta Aurorari”, azpimarratu du burukide jeltzaleak. Era berean, bikote haren bizitzaren, jardun instituzionalaren eta politikoaren lekukotza aldarrikatu du, are gehiago “indibidualismoak eta egoismoak eten gabe aurrera egiten duten garaiotan, bizitzen ari garen pandemiaren ondorioz, non ematen duen talka egiten dutela norbanakoen eskubideek eta betebehar eta eskubide kolektiboek”.

Giro honetan, galdera bati erantzun beharra dagoela dio Egibarrek: "Prest al gaude indibidualismoaren aldarean balio kolektiboak sakrifikatzeko?" EAJ-ren erantzuna argia da: “Joseba Rezola eta gu balio kolektiboak babestuz, sakonduz eta sendotuz jokatzearen aldekoak gara, balio horiek indartu egiten gaituzte gizarte gisa, Euskal Herri gisa, baita herritar gisa ere, gutako bakoitza eta guztiok indartu egiten gara balio kolektibo horien bidez”. Buruzagi jeltzaleak azpimarratu duenez, “balioak beharrezkotzat aldarrikatze honek elkartasuna, justizia soziala, garapen politikoa eta ekonomikoa esan nahi du, herri hau bere etorkizunaren jabe izan dadin”.

“Ekarpen honen lekuko ditugu Joseba Rezola eta Aurora Lopez de Goikoetxea. Guk jarraituko dugu haiena biziberritzen, eta ez hori bakarrik, euskaldun guztiei esango diegu zein izan ziren Joseba Rezola eta Aurora Lopez de Goikotxea”, amaitu du Joseba Egibarrek.

Omenaldia goizean egin da Ordiziako hilerrian, Rezola-Lopez de Goikoetxea senar-emazteen hilobi aurrean, lore eskaintza batekin eta aurreskuarekin. Bertan izan dira EBBko lehendakari Andoni Ortuzar eta hainbat burukide, baita GBBkoak ere, EAJ-PNVko Aberri Batzarreko ordezkariak, Ordiziako EAJ-ren Uri Buru Batzarreko kideak, diputatuak eta Joseba Rezola eta Aurora Lopez de Goikoetxearen senideak.

PARTEKATU