Euskal Taldeak korridore humanitarioak eskatu ditu mugan tragediarik gerta ez dagin

Administrazio eta Lankidetzako ministroari zuzendutako interpelazio batean, Iñigo Barandiaran diputatu jeltzaleak eskatu du eskualdeek eta tokiko erakundeek tresna horren diseinuan eta “Migrazioari eta Asiloari buruzko Europako Itun berriaren aplikazioan” duten zeregina “bultzatzea”
22 Abendua 2021 | Kongresua

Iñigo Barandiaranek, Euskal Taldearen baitan migrazio gaietarako bozeramaileak, Espainiako Gobernuari eskatu dio, Europako esparruan eta, bereziki, Frantziako agintariekin, korridore humanitarioak ezar ditzala, mugan tragedia gehiago gerta ez daitezen, hala nola Irungo Bidasoa ibaian azken asteotan gertatutakoak bezalakoak.

Kontrol-bilkuran, diputatu jeltzaleak interpelazio bat planteatu du Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako ministroarentzat. Interpelazio horretan, kontrol-mekanismo partekatuak ere eskatu ditu, arraza, kolore, jatorri edo identitateagatiko diskriminazio-tratuaren zantzuak antzematen direnean, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren doktrina oinarrizkoenaren aurkakoak.

Barandiaranek ekimen hori defendatu du Kongresuaren Osoko Bilkuran, azken asteotan Euskal Herriaren bi aldeak banatzen dituen mugan zazpi migratzaile ere hil direlako, horietako hiru Bidasoa ibaian itota.

Hala, eta immigrazioari harrera egiteko beharko liratekeen bidezko irizpideak finkatzetik abiatuta eta Eusko Jaurlaritzak migrazio-fluxuak banatzeko sustatutako «share» proposamena aipatu ondoren, diputatu jeltzaleak Albaresi eskatu dio eskualdeek eta tokiko erakundeek tresna horren diseinuan eta Migrazioari eta Asiloari buruzko Europako Itun berriaren aplikazioan duten zeregina sustatzea, “arazoari konponbide humanitarioago ematea erraztuko lukeelako”.

Ildo beretik, Barandiaranek ohartarazi du ez dagoela administrazio- saretik gaur egun etortzen ari diren eta etortzen jarraituko duten pertsonak zaintzeko, behar duten arreta emateko eta beren beharrizanei erantzuteko. “Europara etortzen jarraituko dute, eta beharko ditugu, gaur egun Europako esparru komuna eraikitzeko eta zirkulazio askeko espazio hori eratzeko lanean oztopo diren herrialde batzuek nahi izan ez arren”.

Azkenik, eta migrazioaren fenomenoari eta Europak horri emandako erantzunari buruzko hausnarketa global gisa, Euskal Taldeko diputatuak deitoratu egin du xenofobiari eta antieuropeismoari gizatasunez eta elkartasunez aurre egiteko erabakimenik eta kemen politikorik eza. Ziurtatu duenez, estatu batzuetan soberan dago berekoikeria, eta lidergoa eta adore politikoa falta dira beste batzuetan EBko errefuxiatuen krisiari aurre egiteko orduan.

PARTEKATU