Euskadiko eredu arrakastatsua erreferente izan duen LH Legearen alde bozkatu du Euskal Taldeak

Josune Gorospek balioetsi du araua egiteko orduan erakundeen eta arloko eragileen artean eman den “lankidetza”, baina Alegría Ministro andreari ohartarazi dio arauaren garapenak indarrean dagoen eskuduntza esparrua errespetatu beharko duela
16 Abendua 2021 | Kongresua

Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeak Lanbide Heziketa antolatzeko eta integratzeko Lege Organikoaren Proiektuaren alde bozkatu du. Behe Ganberan EAJ-PNVren Euskal Taldeak Hezkuntza gaietarako duen bozeramaile Josune Gorospek nabarmendu bezala “Euskadiko lanbide Heziketaren eredu arrakastatsua izan du erreferente nagusi”.

Diputatu jeltzaleak era berean azpimarratu nahi izan du Legearen izapidetze prozesuan erakundeen eta eragileen artean eman den “lankidetza”, bai eta Batzordearen bileretan adituen agerraldietan eman den giro ona ere. Hauen artean parte hartu zuen Jorge Arévalok, Eusko Jaurlaritzaren Lanbide Heziketako Sailburuordeak. “Arrakastaren gako nagusiak aliantzak dira; lankidetza, adostasuna eta konpromisoa”, baieztatu du Gorospek.

Hala ere, Euskal Taldeko bozeramaile andreak Legearen alderdi batzuk kritikatu ditu, jeltzaleek “horren gustuko” ez dituztenak. “Zuzenketak aurkeztu ditugu eskuduntzen alorrean, eskumenen babes bat aurreikusita dago eta zuen eskuetan dago Lege honen garapenean eskuduntzen markoa errespetatzea eta orain arte arrakastaz garatu diren LH ereduei beren bidea egiten uztea, hauen artean Euskadikoari”, esan dio Pilar Alegría Ministroari, eztabaidan izan denari.

Amaitzeko, Josune Gorospek baieztatu duenez Lege honekin “asko dugu jokoan langileen etorkizunari dagokionez”, eta aldarrikatu ditu Euskal Taldeak aurkeztu dituen zuzenketak, hemendik aurrera defendatzen jarraituko duela nabarmenduz: enpresak ordaindutako bekak, Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren parekoak edo handiagoak LH Dual intentsiboan, Euskadin egiten den bezala; bai eta Langileen Estatutuan arautzen diren prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratuek 25 urteko muga izateari uzteko beharra ere. “Prekarietatea hezkuntzaren esparrutik hasita ekidin behar da”, amaitu du Gorospek.

PARTEKATU