Alokairuko eskaintza, arrazoizko prezioa eta birgaitzea, EAJ-PNVren etxebizitza-politika onaren gakoak

Jeltzaleek 2021-2023 Etxebizitza Plan Zuzentzailea babestu dute Legebiltzarrean, 1.237 milioi euroko aurrekontuarekin. "Erakunde publikoen etxebizitza-beharrei erantzuteko biderik egokiena eta bidezkoena alokairu-politika sendoa da", defendatu du Irune Berasaluzek
15 Abendua 2021 | Eusko Legebiltzarra

Eusko Legebiltzarrean gaur aurkeztu den 2021-2023 Etxebizitza Plan Zuzentzailearen arabera, Irune Berasaluze legebiltzarkidearen iritziz, alokairua eta birgaitzea dira datozen urteetarako Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza-politika publikoen zutabeak. Erronka ahalik eta etxebizitza gehien lortzea da, alokairua sustatzeko eta prezio kontrolatuagoetan egiteko.

Berasaluzek alokairuko etxebizitzen parkea pixkanaka handitzearen alde egin du, ekimen publikoa zein pribatua inplikatuz. Gainera, gogorarazi du Jaurlaritzaren apustua alokairuaren aldekoa dela soilik; horrela, 2020. urtetik VISESAk eta Etxebizitza Sailak sustatutako promozio berri guztiak erregimen horretara bideratzen dira. "Epe ertain eta luzerako alokairu politikak sendotu eta garatu behar dira, eta hori alokairuko etxebizitzen parke publikoa handitzetik etorriko da. Ezinbestekoa da eskaintza hori arian-arian eta etengabe handitzea, egiten ari garen bezala", esan du. Pertsona askok alokairu soziala lortzeko baldintzak betetzen ez dituztela eta sustapen pribatura jo behar dutela jakitun, EAJ-PNVko legebiltzarkideak prezioak kontrolatzearen alde egin du, zentzuzkoagoak izan daitezen. "Prezio altu horiek eskaintza eskasiaren ondorio dira, eta, beraz, ezinbestekoa da eskaintza handitzea, prezioak ere kontrolatu edo hein batean jaitsi daitezen. Horrek lankidetza publiko-pribatua eskatuko du", defendatu du. Era berean, prezioei buruzko Estatuko legeriak aukera ematen duenean, alokairu pribatuaren prezioak kontrolatzeko sistema bat jarriko da martxan, euskal errealitatera egokitua 

ERREHABILITAZIO GEHIAGO

Etxebizitza Plan berriaren beste zutabe nagusietako bat bizitegi-parkearen birgaitzea sustatzea da, irisgarritasuna eta energia-eraginkortasuna bultzatuz. Parke zaharkitua dugu, Berasaluzeren esanetan, eta gure politikak "gure hiri eta herrietan bizigarritasun eta iraunkortasun baldintzak hobetzera bideratu behar dira". Ordezkari jeltzaleak hiri-berroneratze premia handienak dituzten auzoetan jarri du arreta. Hemen jardutea funtsezkoa eta lehentasunezkoa izango da gizarte "kohesionatuagoa eta orekatuagoa" lortzeko. Horretarako, Berasaluzek udalekin, mankomunitateekin eta birgaitze-elkarteekin elkarlanean dauden laguntza-programa guztiak indartzea eta herritarrei ematen zaien informazioa hobetzea proposatu du.

Europako funtsen etorrerak aukera ematen du birgaitzearen eta birsortzearen helburua lortzeko. Palanka bat ere bada, enplegua sustatzeko sektore batean, eraikuntzan, krisiak asko eragiten baitu. Horretarako beharrezkoa izango da, halaber, langile eta profesionalen prestakuntza hobetzea. "Argi dago eraikuntza izan zela 2008ko krisiak gehien zigortu zuen sektoreetako bat, eta orduan galdutako enplegua ez dela bere osotasunean berreskuratu. Kontuan izanik birgaitze-lan asko energiaren alorrera bideratuta egongo direla, ezinbestekoa izango da langileen prestakuntza hobetzea".

Bere hitzaldiari amaiera emateko, EAJ-PNVko legebiltzarkideak azpimarratu du Plan hau ez dela asmo edo proposamen hutsen batuketa bat. Etxebizitza duin eta egoki baten beharra duten pertsonei erantzun integrala ematen dien dokumentua da, alokairurako eta birgaitzeko baliabideak areagotuz. "1.237 milioi euroko aurrekontuko erantzuna, hitzetatik ekintzetara pasatzen lagunduko duena", gaineratu du.

PARTEKATU